Berriak Lehendakaritza
Eu

Bake eta Bizikidetza Planari ekarpenak egiteko prozesuak adostasun sozial eta politikorako tarte handia uzten du

2013.eko urriak 08

28 dokumentu jaso ditugu iradokizunekin. Mikroakordioen testuari eta 18 ekimenetatik 13ri ez diete eragozpenik jarri. Lehen analisiaren laburpena: «iraganak min ematen digu, orainak kezkatu egiten gaitu eta etorkizunak batu egiten gaitu»

2013-16rako Bake eta Bizikidetza Plana aurtengo ekainaren 11n aurkeztu zen. Hortik aurrera legebiltzarreko taldeek, elkarteek eta herritarrek beraiek hari ekarpenak aurkezteko aldi bat finkatu zen. Irailaren 20an amaitu da epe hori. Prentsaurreko honetan jasotako ekarpenen lehen laburpen bat egingo dugu, baita haien edukiaren sailkapen ez baloratzaile bat ere.

Ezarritako aldi horretan 24 erakundek eta lau partikularrek egin dituzte ekarpenak. Zehazki, legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoen dokumentuak jaso ditugu (UPyD, PP, PSE-EE eta EHBildu). Gainerako alderdi politikoetatik, Ezker Anitzak ere egin du bere ekarpena, eta sindikatuen artean CCOO Irakaskuntzak.

Elkarteen artean, erakunde hauek egin dute ekarpen bat: Amnesty International, Argituz, Aserfavite, AVT, Bakeola, Baketik, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Covite, Egiari Zor, Etxerat, Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen foroa, Fernando Buesa fundazioa, Herrira, Valentín de Foronda institutua, Lau Haizetara Gogoan, Lokarri, Martxoak 3 Elkartea eta Unesco Etxea.

Analisiaren ostean, lehen sailkapen bat egin dezakegu ekarpen orokorren eta ekarpen espezifikoen artean. Aldaketa sartu behar den dokumentuaren puntu zehatz bat adierazten ez duten gogoetak dira ekarpen orokorrak. Espezifikoak, berriz, aldaketa zehatz bat adierazten dute, Planaren punturen batean argi eta garbi zehatz daitekeena.

Ekarpen orokorrak

Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoen ekarpen orokorrak kategoria hauen barruan sailka daitezke:

•  Planaren barruko iraganaren kontakizunari buruzko ekarpenak

Legebiltzarreko taldeen ekarpenen artean, gure historia berrian erantzukizun nagusia ETAk izan duela agerian uzteko kontakizun bat egin beharra nabarmentzen dute batzuek. Gatazkaren kausa politiko edo historikoak barne hartzen dituen kontakizuna proposatzen dute, ordea, beste ikuspegi batetik.
Planaren helburuetako bat hauxe da: iraganaren kontakizun kritiko bat definitzea. Eusko Legebiltzarrean hitzartutako zoru etikoak nabarmentzen duenez, iraganari buruzko «interpretazio-aniztasuna egon ahal izango da». Hala eta guztiz ere, indarkeriaren injustizian oinarrituriko ondorio partekatu bat lortu behar dugu. Hori aldez aurreko topaketa-esparru bat da.

• Gutxieneko etiko eta demokratikoei buruzko ekarpenak

Planak ezker abertzaleak bete beharreko gutxieneko etikoen eskakizuna are gehiago nabarmentzea proposatzen dute talde politikoen ekarpen batzuek. Gutxieneko horien barruan Estatuko indarkeriaren balorazioa eta haren erantzukizuna ere kokatzeko beharra planteatzen dute beste ikuspegi batetik.
Planaren hiru mikroakordioak kezka horien abiapuntuan daude kokaturik. Legebiltzarreko taldeek egindako ekarpen zehatz bakar batek ere ez du bilatzen mikroakordio horien testua aldatzea. Hiru proposamen horiek Eusko Legebiltzarrean onartutako zoru etikoaren edukietan daude oinarriturik. Adostasunak ehotzeko abiapuntu ona da.

• Planaren asmoei buruzko ekarpenak

Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoen ekarpen orokorren artetik, ohar askok ez dute planak dioena baloratzen, ustez dituen asmoak baizik. Asmoak epaitzen dituzten oharrei erantzun ona ematea ez da erraza izaten. Nolanahi ere, ezinegon horien atzean edo sakonean izan litezkeen kezka edo beldurrei ere erantzun nahi die Eusko Jaurlaritzak planaren azken idazketan.

Ekarpen espezifikoak

Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoen ekarpen espezifikoen azterketak birtualtasun handiko datuak ematen ditu. Lehenik eta behin, talde horiengandik jasotako ekarpen espezifikoek ez diote eragozpenik jartzen mikroakordioko hiru proposamenen testuari, adierazi dugun moduan. Bigarrenik, eta iruzkin orokorrez haratago, Planaren 18 ekimenetatik 13ri ez diete aldaketa proposamen zehatzik egin. Hori guztia ez da bitxia, plana ez baita ezerezetik sortu; partekatu dugun aurreko ibilbide baten ondorioa da, eta bide hori eginda dago jada.

Zalantzan jarritako bost ekimenak, ia kasu guztietan, zati batez baino ez dituzte eztabaidatzen. Haien osagairen bat baino ez dute ezabatu, gehitu edo aldatu nahi. Honako hauek dira, hain zuzen: «2. Ekimena. Oroimenaren Plaza», «3. ekimena. Terrorismoaren Biktimen Memoriala», «5. ekimena. Oraingo legedian babesik gabe dauden biktimak», «8. ekimena. Hitzeman Programa» eta «12. ekimena. Ertzaintzak bizikidetzaren eta giza eskubideen alorrean hartutako gizarte-konpromisoa».

Jasotako proposamen espezifiko asko, bestalde, edo planean bertan jasota daude, edo erraz jaso daitezke haren edukiekin bat datozelako. Horixe bera gertatzen da beste erakunde politiko eta sozial batzuen aldetik jasotako gainerako ekarpenei dagokienez.

Jaurlaritzaren lehen balorazioa

• Eusko Jaurlaritzak oso balorazio positiboa egin du Bake eta Bizikidetza Planaren inguruan irekitako parte hartzeko prozesu zabalaren gainean. Egindako ahalegina eskertzen die ekarpenak egin dituzten erakunde eta partikular guztiei.

• Jasotako ekarpenekin hobetuko du plana Eusko Jaurlaritzak, behin betiko onartu aurretik. Akordioa ez da premisa bat, planaren helburua baizik. Datozen asteetan, halere, elkarrizketa eta adostasuna bilatuko ditugu buru-belarri.

• Horretarako oinarri sendoa dago. Bake eta Bizikidetza Planaren eduki zehatz gehienean  ez dago adostasun-arazorik legebiltzarreko taldeekin, ezta gainerako erakundeen ekarpen gehienekin ere.

• Azken batean, Bake eta Bizikidetza Planari ekarpenak egiteko prozesuak adostasun sozial eta politikorako tarte handia uzten du. Batzen gaituenarekin lan egin dezakegu, eta desadostasunei buruz elkarrizketan jardun dezakegu, baita akordioak bilatu ere. Hasteko, planaren mikroakordioek eta 13 ekimenek parteka dezakegun espazio ireki bat eskaintzen dute.

• «Iraganak min ematen digu, orainak kezkatzen gaitu, eta etorkizunak batzen gaitu». Horixe izan liteke ekarpen guztien lehen analisi kualitatibo eta globalaren laburpena. Iraganak min ematen digu; hori garbi eta garbi ikusten da eragozpenak jarri dizkieten ekimenetan eta haien argudioetan. Orainak arazo gutxiago dakartza, baina iraganeko konfiantzarik ezak artegatasuna eragiten du, orainean proiektatzen dena. Bizikidetzako etorkizun bat partekatzeko borondateak, ordea, batzen gaitu; hori ere ezin hobeto ikusten da eragozpenik jarri ez dieten ekimenetan, etorkizunari begira baitaude horiek nagusiki.

• Eusko Jaurlaritzak errealitate konplexu hori onartzea iradokitzen du; nabarmenkeriarik gabe, normaltasunez, zorroztasunez eta borondate eraikitzailez. Elkarrizketa argigarri bat da akordiorik ezei eta adostasunei heltzeko tresna. Uneoro nondik gatozen eta nora jo nahi dugun izan behar dugu gogoan, perspektiba gal ez dezagun. Une historiko bat bizi dugu.

Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusia

 

Ikusi behin betiko proposamena

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2013.eko urriak 14

    Adostasun maila ikusita, aurrera egitea baino ez zaigu gelditzen. Aurrera orduan.

Komunikabideek behera kargatzeko