Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

"AEB-ek enpresa lehiakorrak erakarri nahi ditu eta euskaldunak merkatuan duten presentzia areagotu dezakete"

2013.eko urriak 09

«Merkataritza Askerako Itunak, era berean, gure AEBekiko merkataritza-balantza hobetzeko aukera emango du»

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak bi bilera izan zituen atzo, Washingtonen, «Ameriketako merkatuan Euskadiko enpresentzako aukerak bilatzeari begira».

Tapia sailburuaren agendaren zati bat Sherrod Brown senatari demokratarekin eta Lee Ferry legebiltzarkide errepublikanoarekin biltzera zuzenduta egon zen. Lehenak, AEBetako ekoizpen nazionaleko politikaren definizioan parte hartzen du; bigarrena, berriz, Kongresuko Enpresa, Manufaktura eta Merkataritza Azpi-batzordeko presidentea da. Ameriketako Estatu Batuetako bi ganberak biltzen dituen Washingtongo Kapitolioan egin zituzten bilerak.

Arantza Tapiak zera adierazi du: «Bi gertakariek, industriara itzultzeak eta Merkataritza Askeak, gure enpresen lehiakortasun-balioa kontuan hartuz, egoera onuragarria ekarriko dute, baita gure merkataritza-balantza hobetzeko aukera ere».

AEBetan industriara itzultzea, Euskadiko enpresentzako aukera bat

Euskadiko ordezkaritzak –Tapia sailburuak, Industriako sailburuorde Juan Ignacio García de Motiloak eta Nazioartekotzeko zuzendari Imanol Aburtok osatua– Obamaren gobernua bere herrialdera industria eta enplegua erakartzeko bultzatzen ari den ildoei arreta berezia jarri die.

Neurri horiek enpresen eta elkarteen arteko lankidetza bultzatzen dute, made in USA teknologian inbertitu dezaten eta langile estatubatuarrak kontrata ditzaten. Horretarako, manufaktura aurreratuko zentroen sare bat sortzea aurreikusten dute. Merkatu nazionaleko zerga-oztopoak deuseztatuz, tokiko kontratazioak bermatuko lirateke, eta hala, langile kualifikatuak herrialdetik joatea saihestuko lukete, enplegu lehiakorrak berreskuratuko lituzkete eta Estatu Batuetako ekonomiaren interesetarako ingurune mesedegarri bat sortuko lukete.

«Euskadiko enpresek jadanik aurkitu dute tarte bat Estatu Batuetan eta gure produktuen lehiakortasun-ahalmenarengatik da, hain zuzen ere. Beraz, balio erantsi handiko industria lehenesteko egingo den apustu horrek, zalantzarik gabe, gure espektatibak handitu ditzake, are gehiago Estatu Batuetako ekonomia Euskadi indartsua den sektoreetan hazten ari dela kontuan hartuta», adierazi du Tapiak.

«Indartzen ari diren herrialdeek jada ez dute teknologia txikiko industriarik hartu nahi; aitzitik, beren industrializazioa lehiakortasuna globalki hobetzearen ardatzean kokatzen dute eta bereziki hor sartzen saiatu behar dugu».

«Muga-zergak kenduz gero, gure merkataritza-balantza hobetuko da»

Aurreikuspenen arabera 2015etik aurrera indarrean jarriko den merkataritza askerako itunari dagokionez, sailburuak esan duenez, «Euskadik, Euskadiko enpresek, gure esportazioak handitzeko, eta hala AEBekiko daukagun merkataritza-balantza hobetzeko aukera gisa ikusi behar dute».

Estatu Batuetako erakundeetako ordezkariekin izandako bileretan oraindik ere argitu eta negoziatu beharreko alderdi batzuk daudela ikusi den arren, «Euskadik egoera berriaren aurrean oso adi egon beharko du; izan ere, AEBak gure esportazioen hirugarren helmuga dira, eta Merkataritza Askerako Itunak Estatu Batuetako ekonomiaren hazkundea eragiten badu, horrek, era berean, Euskadiko enpresentzat aukera berriak ekar ditzake»

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko ordezkaritzak Euskadiren eta AEBen arteko enpresa-harremana estutzeko interesa adierazi die bere mintzaideei.

AEBak, Euskadik atzerrian egiten dituen inbertsioen lehen helmuga

Ameriketako Estatu Batuak dira Euskadik atzerrian egiten dituen inbertsioen lehenengo helmuga. Euskadiren merkataritza-balantzak superabita ematen du, baina marjinak hobetzeko aukera dago.

Euskadik AEBetara esportatzen duenaren % 41 erregai mineralak dira; zehazki, petrolio findua. Produktu horrez gain, ondokoak ere oso garrantzitsuak dira: galdaketako produktuak, ekipamendu-ondasunak, aeronautikako osagaiak, ibilgailu-industriakoak, makineria elektrikoa, trenbideko materiala eta edariak.

Aldiz, Estatu Batuetatik inportatzen den produktu nagusia erregai mineralak dira. Horiez gain, farmaziako produktuak, ekipamendu-ondasunak eta makineria elektrikoa nabarmentzen dira.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @laboralempresas
    2013.eko urriak 16

    Comentario de Twitter:
    La vuelta a la industria en EE.UU, oportunidad para la empresa vasca http://t.co/Npu5hK4rIi #internacionalización

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)