Berriak Segurtasuna
Eu

Erabakia, Barne Ministerioarekin eta autonomia-erkidegoetan babes zibilaren arloko eskumena duten sailekin larrialdi-gaietan jarduteko lankidetzako esparru-hitzarmen bat sinatzea baimentzen duena. (2013-10-07(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2013.eko urriak 07

LABURPENA

BABES ZIBILAREN ALORREAN ORGANISMOEN ARTEKO LANKIDETZA HOBETZEKO ESPARRU-HITZARMENA ONARTU DUTE

Lankidetza-hitzarmenak sinatu eta bost urte iraungo du

Barne Ministerioak eta autonomia-erkidegoetako babes zibileko sail eskudunek larrialdien kudeaketan lankidetzan aritzeko esparru-hitzarmena sinatzea onartu du Gobernu Kontseiluak, Segurtasun Sailak hala eskatuta.

Esparru-hitzarmenak bost urte iraungo du, eta bere helburua Barne Ministerioko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiaren eta hitzarmena sinatzen duten autonomia-erkidegoetako babes zibileko organismo eskudunen arteko lankidetza hobetzea da, arrisku larriko eta larrialdiko egoerak kudeatzeko baliabideak emateari dagokionez.

Esparru-hitzarmenak biltzen dituen jarduera nagusien artean, hurrengoak nabarmentzen dira: Euskal Autonomia Erkidegoko SOS-Deiak zentroak Estatuko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiko Larrialdi Gelarekin komunikatzeko sistema bat, jarduketako eta/edo aholkularitza teknikoko ekipamenduak ematea EAEri (beharrezkoa izanez gero), laguntza logistikoa ematea mobilizatutako ekipamenduak eraginpeko autonomia-erkidegora eramateko, eta jarduketako eta aholkularitza teknikoko ekipamenduen ezaugarriak beren jarduteko ahalmenen arabera zehaztea.

Era berean, hitzarmenak ekipamenduetako langileentzako prestakuntza-programa bat ezartzea eta hitzarmeneko aurreikuspenak garatzeko intereseko jardunaldi teknikoak eta mintegiak antolatzea barne hartzen du, bai eta Europar Batasuneko babes zibilaren esparruan Lankidetzarako Erkidegoko Mekanismoarekin lotura egitea erraztuko duten neurriak ezartzea ere.

Gobernu Kontseiluak onartutako esparru-hitzarmena babes zibilaren arloko laguntzak errazteko erkidegoko mekanismo bat ezartzeko Europako erabakiaren barruan sartzen da. Tresna horren bidez, alde batetik, Estatu barruko laguntzak erraztea eta hobetzea bilatzen da; bestetik, hitzarmena aplikagarria izango da kanpoan laguntzeko esku-hartzeko baliabideak eman behar direnean Europako mekanismoaren barruan.

Hauek izango dira larrialdietan jarduteko irizpide orokorrak:

-EAEn larrialdi-egoeraren bat gertatzen denean, Segurtasun Sailak laguntza eskatu ahal izango dio Estatuko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiari, baita gainerako autonomia-erkidegoei ere, komunikazio-sistema komunaren bitartez. Horretarako, laguntza-mota zehaztu beharko dute.

-Estatuko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiak bitartekoen proposamena ezarriko dute, eta eragindako autonomia-erkidegoa berehala jarriko da jakinaren gainean. Segurtasun Sailak erabat edo partzialki onartzen duenean aipatutako eskaintza, Estatuko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiak koordinatuko du onartutako laguntza bidaltzea.

-Laguntza-ekipoen esku-hartzeak Segurtasun Sailaren eskumenekoak izango dira.

-Estatu osoko interesekotzat hartutako larrialdi kasu batean, edota Espainiako Estatutik kanpo gertatzen bada eta Babes Zibileko Lankidetzarako Erkidegoko Mekanismoak esku hartzen badu, jarduera-ekipoen eskaera Ministerioaren Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiak egingo du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau