Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak eta Iñigo Lamarca Arartekoak hitzarmen bat sinatu dute erraminta telematikoen erabilera sustatzeko

2013.eko urriak 08

 

Hitzarmenari esker, bi erakundeen arteko harremanak arinagoak izango dira

Jaurlaritzak Arartekoari 15 eguneko epean erantzuteko konpromisoa hartzen du

Sinadura elektroniko aurreratua erabiltzeak jakinarazpenen autentikotasuna eta osotasuna bermatzen ditu

Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak eta Iñigo Lamarca arartekoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, teknika eta bitarteko telematikoen, informatikoen eta elektronikoen erabilera eta aplikazioa sustatzeko bi erakundeen arteko harremanetan.

Gobernuak eta Arartekoak konpromisoa hartu dute bien arteko agirien trukean eta harremanetan ziurtagiri elektronikoak erabiltzeko.

Hitzarmena abian jartzen denean, Jaurlaritzak Arartekoarekin dituen hartu-emanen eraginkortasuna eta arintasuna hobetuko dira. Hobekuntza garrantzitsua da kalitatezko zerbitzu publikoak bidezko epeen barruan eman ahal izateko.

ARARTEKOARI ERANTZUTEKO EPEAK

Hartu-emanen sistemaren eraginkortasuna gorena dela ziurtatzeko, hitzarmenak, aipatuakoaz gain, Aratekoari erantzuteko honako epe hauek ere ezarri ditu:

Kexa-espediente batean lehen informazio-eskaera egitean, erantzuteko epea 15 egunekoa izango da, eskaeraren gaiaz arduratzen den sailak hura hartzen duenetik zenbatzen hasita.

Eusko Jaurlaritzak dagoeneko bideratutako kexa-espediente batean informazio-eskaera gehigarria egitean ere epea 15 egunekoa izango da edo, hala dagokionean, informazio-eskaera gehigarriaren idatzian adierazitakoa.

SINADURA ELEKTRONIKO AURRERATUA

Hartu-emanen egiazkotasuna eta segurtasuna sinadura elektroniko aurreratuaren erabileraren bidez bermatuko da, ziurtagiri elektroniko batean oinarrituta eta sinadura sortzeko gailu seguru baten bidez sortuta dagoelako.

Eusko Jaurlaritzak zein Arartekoak balio eta eraginkortasun juridiko bera emango diete sinadura elektroniko aurreratua daukaten agiri elektronikoei zein eskuz egindako sinadura duten agiriei.

Bi erakundeek Izenpe, S.A. enpresak emandako ziurtagiri elektronikoak erabiliko dituzte. Enpresa hori da Eusko Jaurlaritzak eta Arartekoak zerbitzuok eskaintzeko erabiliko dutena.



Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau