Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregi´k euskal hiriburuetarako trenbide-sarbide berria zehazteko eskatu du Madrilen

2013.eko urriak 07

• Executive Forum euskal lurralde-estrategiari buruzko konferentzian
• Garraio kolektiboko sistema integratu bat ahalbidetzen duten lotura intermodaleko proiektu berriak behar dira»
• «Foronda garraio metropolitarreko sistemetan integratu behar da, eta Jundizko industrialde logistiko handiko eremu logistikoekiko haren konektibitatea erraztu beharra dago»


Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik eskatu dio Espainiako Gobernuari «trenbide-sare berriaren Euskadiko hiru hiriburuetako sarrera» zehazteko, «baita Sustapen Ministerioak Y deitutakoaren egin gabeko zatiak esleitzeko ere». Kezka agertu du Oregik «Burgos-Gasteiz zatiko abiadura handiko loturarik ez dagoelako; izan ere, puntu horretarako hirugarren hariko oraingo planteamendua jarraituz gero, "bigarren mailako" 80 kilometro izango genituzke Europar Batasunerako lehentasunezkoa den eta Espainiako gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak duela urte batzuk konpromisoa hartu zuten Europa barneko sare batean». Madrilgo Palace hotelean eginiko Executive Forumean politika-arloko zein Espainiako gobernu eta enpresetako ehun eta hogeitik gora ordezkariren aurrean emandako hitzaldian egin ditu adierazpenok.
Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko presidente ohi Jokin Bildarratzak aurkeztu du Oregi Executive Forumeko tribunan. Oregik, «Euskal Lurralde Estrategia» izeneko konferentzian, hauxe gogorarazi die Estatu osoko logistika eta azpiegitura-garapeneko adituei: «Pertsonak eta salgaiak iberiar penintsulan sartzeko Ipar-Hegoko ibilbide nagusietako batean kokatuta dago Euskadi, bere barneko eta kanpoko loturak optimizatu behar ditu, hortaz».
«Kanporantz -nabarmendu du sailburuak- Espainiako eta Europako ingurunearen eremu ekonomiko nagusiekiko loturak hobetu behar ditugu (Kantauri itsasoko ertza, Burgos-Madril, Ebroko ardatza edo Akitania-Bordele-Paris). Barrurantz, hiriburuetako sistema polinuklearraren erlazioa hobetu behar dugu euskal trenbide-sare berriaren bitartez, baita, maila apalago batean, guneen arteko harreman arinak sustatu ere».
«Gizarte garatu guztietan gertatu moduan, gero eta handiagoak dira mugikortasun-eskariak EAEn; halaber, kanpoko konektibitate handia eta kanpoko loturen eraginkortasun handia ezinbesteko baldintzak dira lehiakorrak izateko», adierazi du euskal lurralde-politikaren arduradun nagusiak.
Ana Oregiren iritziz, «mugikortasun jasangarriaren kontzeptuari gero eta protagonismo handiagoa eman behar zaio: mugikortasuna handitzea ahalbidetzen du horrek, kostuak mugatuz edo murriztuz, baita prozesu horrek ekar ditzakeen ondorio negatiboak apalduz ere. Alderdi hauek sartzen dira horren baitan, besteak beste: garraio kolektiboko sistemen garrantzia handitzea mugikortasun globalean, intermodalitatea erraztea, eta erlazio estua lortzea hiri-prozesuen eta garraioko azpiegitura-sistemen artean».
Oregi sailburuaren iritziz, «eragin txikiagoko garraiobideak erabiltzea errazten duten lurralde-egituren eta horrelakoak ahalbidetzen dituzten azpiegitura eta zerbitzuen arteko loturatik sortzen da mugikortasun jasangarria»; Madrilerako bidaia Alvia tren batean egin du Oregik Iriarte eta Aiz sailburuordeekin batera.
Intermodalitatea
«Garraio kolektiboko sistema integratu bat ahalbidetzen duten lotura intermodaleko proiektu berriak behar dira, haren eraginkortasuna handituta, bai eta horren erabilera erakargarriagoa izan dadin ere. Arreta berezia jarri behar da aldiriak-AHT eta AHT-aireportuak intermodalitatean. Halaber, garraio-sistemak integratu behar dira kudeaketa bateratuen, instalazio komunen eta tarifa- zein ordutegi-koordinazioaren bitartez, horrela sistemaren eraginkortasun globala erraztearren», nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako sailburuak.
«Euskal trenbide-sare berria egitea lehentasun bat da gure herrialdearentzat, proiektu handi bat baita, funtsezkoa lurraldeko hiri nagusiak elkarrekin lotzeko eta Europako garraio-sare nagusien barruan Euskadi antolatzeko, Europako Garraioaren liburu zurian zein Europako lurralde-estrategian xedatutako moduan. Horrela adierazi du behin eta berriz Kallas Europako komisarioak», erantsi du.
Oregik adierazi duenez, «intermodalitatearen aldeko apustu irmoa da Euskadiko lurralde-estrategiaren beste alderdi nagusi bat. Hiru merkataritza-portu, hiru aireportu, kalitate zein edukiera handiko errepide-sare bat eta intermodalitatea bermatu ahal izateko beharrezko diren hiru zabaleretako trenbide-loturak ditugu. Erabilgarri ditugun logistika-plataformak ahaztu gabe. Benetan uste dugu Euskadik europar ingurunean nodo logistiko bat bihurtzeko ezinbesteko balioak dituela, eta horrelaxe adierazi diogu ministerioari Estatuko logistika-estrategia zehazteko lanen barruan.
Politikari eta hirigileak nabarmendu duenez, «funtsezkoa da trenbide-loturak definitzea Donostia-Behobiako zatian (bidaiarientzat), eta Pasaiako Portutik mugarako zatian Europako zabalera estandarrean (salgaientzat); halaber, berdin ere egin behar da Bilboko porturainoko trenbidearen hegoaldeko ibilbideari dagokionez. Gure portuek Arabako logistika-plataforma handiekin duten lotura lantzen ari gara, baita Forondako aireportuaren sistema horrekiko loturan ere, karga-mugimenduaren funtsezko pieza delakoan».
Foronda
«Forondako aireportua garraio metropolitarreko sisteman integratu beharra dago, eta Arabako Jundizko industrialde logistiko handian aurreikusitako logistika-eremuekiko bere konektibitatea erraztu; hala, kargako aireportu handiko eta logistika-poloko profila indartu beharra dago, baina epe ertain eta luzean bidaiarien aireportu gisa duen potentziala ahaztu gabe», gomendatu du.
«Euskadiren etorkizunerako funtsezko azpiegitura dira aireportuak», Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren iritziz; horregatik, EAEko terminal bakoitzaren espezializazioan oinarrituriko euskal aireportu-sistema bat eratu beharra dago, «hiru terminaleko aireportu» baten ideiatik abiatuta.
Bilbo, Bermeo eta Pasaiako portuen arteko osagarritasuna eta lankidetza beharrezko direla azaldu du Oregik, eta haiekin lotutako logistika-esparruen balioa ere nabarmendu behar dela. «Egia da -esan du Oregik- une ekonomikoa ez dela ona, kargak berreskuratu behar direla, eta merkatu berrietara egokitu behar dugula. Ditugun baliabideak behar bezala administratzeko eta horien arabera jarduteko garaia da, garapenaren eta ongizatearen lehengo mailak berreskuratu arte. Hemendik behar bezala kudeatzen badugu, gure garapena Europako herrialde eta eskualde aurreratuenen antzekoa izan daitekeela erakutsi du gure autogobernuak. Ingurumen- eta gizarte-arloko erronka global handietan erantzunkide izan nahi duen erakunde politiko bat gara; gobernantza globalean jarraibide onak garatuz parte hartu ahal eta behar dugu; izan ere, dagoeneko aldi berean lokala eta globala den giza garapen jasangarria, horietan dago jokoan gaur egun. Eusko Jaurlaritzak jarraitzen duen lurralde-estrategiak herrialdearen garapena bultzatzen lagunduko du, zalantzarik gabe».
Lurralde Politika
«Euskal lurralde-politikan ez dago gure eginkizuna ulertzerik administrazio-mailen arteko etengabeko hitzarmen eta lankidetzarik gabe. Lurralde Politikaz hitz egiten dugunean hurbilketa-eskala ezberdinak izan behar ditugu gogoan. Hala, gure lurraldea Europako politiketan behar bezala txerta dadin lagundu behar dugu eta, aldi berean, gure giza kokaguneek garapen, lotura eta egituraketa onak izan ditzaten ere egin behar dugu lan».
Oregik hitzaldian esan duenez, «lurralde-politikak ikasi, aztertu edo eztabaidatzeko ikuspegi eta alderdi asko ditu», eta hiru gako nagusi nabarmendu ditu horretarako: «gizakia, gure politiken ardatz gisa. Pertsonak: horregatik garapena edo Giza Garapena da edo ez du balio; gure ondare natural eta kulturalaren balioa nabarmentzea. Ondarea. Ondarea pertsonentzat eta giza garapen horrentzat; eta pertsonen, lurraldeen, erakundeen arteko lankidetza, erakundeen eta gizartearen artekoa, eta herrialdearen zein munduko gainerakoen artekoa. Horregatik, Jaurlaritzak lurraldeaz hitz egiten duenean, pertsonez hitz egiten du, ondareaz, baita parte-hartzeaz eta ituntzeaz ere».

LAA
«1980ko hamarkadaren amaieran, lurralde-estrategia bat garatu zen Euskadin, lurralde- eta sektore-plangintza, baita lurralde-eragineko legedia ere, oraindik hasiberriak ziren garai batean». Garai hartan ingurumenaren, hirigintzaren eta azpiegituren garapenerako erreferentziako estrategia bat diseinatu zen, eta eraldaketa ekonomikoko eta sozialeko prozesuei lagunduko zien eredu bat bultzatu zen, aurreko industria-ereduaren agortzeak ekarritako krisi sakoneko garai haietan. Lurralde-estrategia hura Lurraldea Antolatzeko Artezpideetan (LAA) islatu zen, eta bere eraginkortasuna erakutsi du, berebiziko ekarpena egin baitio gure herrialdeak azken hogei urteetan izan duen hiri-eraldaketa handiari, betiere gure lurraldea eta nortasuna osatzen duten natur eta kultur balioekiko errespetuz jokatuta eta haiek integratuta», ekarri du gogora sailburuak.
Euskal lurralde-estrategiaren alderdi esanguratsuenak, Ana Oregiren ustez, natura babesteko sistema bat eta hirigintzako eta sektoreko ekimenetan bitarteko fisikoa aintzat hartzeko irizpideak ezartzea izan dira. Baita honako hauek ere: azpiegitura- eta zuzkidura-sistemak udalaz gaindiko irizpideekin eta proposaturiko lurralde-ereduaren osaketari laguntzeko moduan zehaztu izana; Euskadiko hiriburuak bultzatzea, beren profilak indartuta eta hiriburu-sistema polizentriko indartsua artikulatuta, berrikuntza- eta garapen-prozesuak gidatzeko gai izan daitezen, eta, azkenik, tamaina ertaineko hirien eta herriguneen sarea sendotzea, lurralde osoan zerbitzu-oinarri egokia egon dadin».

Euskadi, hiri-eskualdea
Aurrekoaz gain, hirigintza-aditu eta sailburuak honakoa erantsi du: «EAE, nazioarteko testuinguruan, benetako eskualde-hiri baten gisara ageri da gero eta modu ageriagoan. Euskadiko lurraldearen eskala funtzio eta gune ekonomiko globalak hartzen dituzten munduko beste eskualde-hiri batzuenaren antzekoa da (hala nola Stockholm, Anberes-Brusela edo Frankfurt); horiek Euskadiren oso antzeko neurri demografiko eta geografikoak dituzte; batzuetan, gainera, hiri-eredu estentsiboagoen ondorioz, dentsitate txikiagoak dituzte, eta horrenbestez, biztanleria eta ekonomiako masa kritikoaren aprobetxamendua ez da hain eraginkorra izaten».
Oregiren iritziz, «garraio, energia, natura-espazio, gizarte-kohesio, hondakin-kudeaketa, ur-hornidura eta abarren politikak benetan eraginkorrak eta bideragarriak izango badira, aldez aurretik adostutako eta jasangarritasunaren helburuak lortzera bideratutako lurralde- eta hiri-eredu baten ondorio izan behar dira. Mundu osoko pertsonen % 50 hirietan bizi dira, eta 2050ean zenbateko hori % 90 inguru izango dela aurreikusi da. Euskadin, biztanleen % 72 gure hiru hiriburuen ingurunean bizi dira. Esan ohi da jasangarritasunaren aldeko gudua hirietan izango dela. Hiriak jasangarriak badira, giza espezieak etorkizuna izango du, horrela ez badira, arazo larriei egin beharko diegu aurre» adierazi du Oregik.

Balioak
«Lurralde-elementuen kalitatea funtsezkoa da etorkizunerako: natura-espazioak, basoak, nekazaritzako eta abeltzaintzako espazioak, itsasbazterrak eta hiri paisaiak; horiek jasangarritasun eta bizi-kalitateko baldintzak adierazten dituzte, eta gure lurraldea erakargarri egiten duten ezinbesteko ingurune multzo bat osatzen dute. Ingurumena eta paisaia hobetzea eta gure natur eta kultur erakargarriei balioa ematea dira etorkizunerako gure aukerarik onenak, bizi-kalitatea, garapena eta aukera sozial eta ekonomikoak ekartzen baitituzte», adierazi du Oregik bere hitzaldian.
Sailburuaren ustez «lurralde-koherentziak Euskadiren nortasun-ikur izan behar du, bizi-kalitatearen ezinbesteko faktore, baita haren iraunkortasun-, berrikuntza- eta lehiakortasun-estrategiaren oinarrizko ezaugarri ere. Biodibertsitatea hobetzea eta ziklo naturalak berrezartzea ezinbestekoak dira oinarrizko baliabideak erabilgarri daudela bermatzeko, arriskuak prebenitzeko, lurraldearen erakargarritasuna sustatzeko eta herritarren bizi-kalitatea bultzatzeko, eta horretarako beharrezko ekimenak dira aldaketa handiei aurre egin behar dieten nekazaritzako espazioen kudeaketa aktiboa, natura-espazioen interkonexioa eta paisaiaren ikuspegia txertatzea lurraldeko esku-hartzeetan».
Eta honela jarraitu du Ana Oregik: «Gure lurraldea lurralde zinez gizatiartua da; gizakia bertan izan da aspaldi-aspalditik. Presentzia horrek aztarna historiko eta kultural ugari utzi ditu, kultur ondare benetan aberatsa, bai alderdi materialari begira, bai immaterialari begira, eta hori guztia aintzat hartu behar da lurralde-estrategiaren funtsezko oinarri gisa, gure paisaia eta gure nortasuna osatzen baitute, gure inguruneari balioa emanda. Guztion artean balio natural eta kultural horiek aintzat hartzea funtsezkoa iruditzen zaigu gizarte-kohesioaren, nortasunaren eta jasangarritasunaren alde egingo duen lurralde-estrategia lortu nahi badugu».
Bestalde, honako hau nabarmendu du sailburuak: «Gaur egun, lurraldearen % 22,7 Naturguneen Sarean dauden natura babesteko figuraren batean jasota dago. Urdaibai, Txingudi, Ramsar guneak eta Natura 2000 Sareko guneak EAEko ingurumen-intereseko ekosistema eta esparru nagusietako batzuk dira. Ingurumenaren eta ekosistemen egoerak nabarmen egin du hobera azken urteotan. Baina egun, erronka eta aukera berriak agertu dira gure lurraldearen ingurumen-kalitatea eta jasangarritasun globala hobetzeko. Babestutako guneak biodibertsitatea berreskuratzeko funtsezko elementu bilaka daitezen horien arteko interkonexio handiagoa behar da; hortaz, biotopoen arteko lurralde-zatiketa eragiten duten elementuen eragina murriztu beharra dago, eta jarraipena ematen dieten esparruak sortu».
Ondarea
Azkenik, ondareaz ere hitz egin du, bai ukigarriaz bai ukiezinaz, haren hitzetan «gizakiaren sormenaren lekuko eta herrien nortasunaren muina baita. Ez da iraganak utzi digun lekuko soil bat, baizik eta, batez ere, etorkizunera begiratzeko aukera ematen digun kapital soziala. Milaka historia urteren produktua da, guztiok hizkuntzen, imajinarioen, teknologien, praktiken eta sormenen bidez eginiko ekarpenaren emaitza. Kulturak gizarteen eta lurraldeen arteko harremanean oinarrituriko eredu dinamikoei erantzuten dieten formak hartzen ditu. Kultura aberastasuna, natur aberastasuna bezalaxe, konplexutasunean eta aniztasunean oinarritzen da, eta, horrez gain, naturaren beste lege bat betetzen da: eboluzioarena».
«Helburua ez da ondarea fosiltzea, ezta folklorizatzea ere. Erronka zera da, ondare horrek bizirik irautea eta gure nortasunaren zati izatea lortu duten balioak zeintzuk diren jakiteko gai izatea, eta horiek identifikatu ostean babestea eta bultzatzea, hobeto bizitzeko eta elkarbizitzeko», amaitu du Oregik.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iokin Bildarratz, Jorge Ibarrondo