Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Azpeitia, Leongo epaile baten duela ehun urteko begiradatik

2013.eko urriak 05
  • Burdinbidearen Euskal Museoan Vicente Crepok egindako argazki argitaragabeak daude ikusgai
  • Iñigo Palomino, Eusko Treneko zuzendaria: «Museoak gure bisitariek ematen dizkiguten informazioekin aberastuko ditu aurkezten ditugun irudiak»

Azpeitian kokatutako Burdinbidearen Euskal Museoak gaurtik aurrera (larunbata), Azpeitiko aurreko mendearen hasierako argazki historiko eta argitaragabeen erakusketa erakargarri bat eskainiko du. Epaitegi-barruti honetara bidali zuten Vicente Crespo epaile leondar eta argazkizale handiak egindako argazkiak dira. Eusko Treneko zuzendari Iñigo Palominok azaldu duenez, erakusketa abenduaren 8ra arte egongo da zabalik, eta egun horretan, beste jardunaldi berezi bat egingo da, 2013ko lurrun-trenen denboraldia amaitzeko.

«Vicente Creporen argazkien balio historiko handia dela-eta -Azpeitian erabat ezezagunak dira eta duela mende bateko genero-eszenak, paisaiak eta giroak jasotzen dituzte-, ekimen hau bultzatzea erabaki dugu, baita jardunaldi berezi bat egitea ere, Museoaren XIX. urteurrena dela-eta. Horretarako, lurrun bidez dabiltzan bost ibilgailu martxan jarri ditugu. Haiekin, Azpeititik Lasaorako lau bidaiari-zirkulazio egin ditugu, baita Museoko trenbideen eremuan beste mugimendu batzuk ere».

Hauek dira aipatutako bost ibilgailuak: Portugalgo tren konpainiako 301 automotor diesel bat (1953koa), Portugalgo lurrun-lokomotor bat (1913) -hori ere Portugalgo tren konpainiarena-, Aurrera lurrun-lokomotorra, Elgoibartik Donostiarako trenekoa (1898) eta Zugastieta lurrun-lokomotorra, Zornotzatik Bermeorako trenekoa (1888) dira. Era berean, Robert Stephensonek eraikitako Espinal lurrun-lokomotorrak (1887) eta Grafton lurrun-garabiak (1920) trenbidearen eremuan maniobrak egin dituzte, egun osoan.

Aurkikuntza
Eusko Treneko zuzendari Iñigo Palominok hauxe azaldu du: «1906an, Vicente Crespo epaile gaztea Azpeitiko epaitegira bidali zuten. Argazkizale izanik, Vicentek auzien artean geratzen zitzaion denbora librea bere zaletasunera bideratzen zuen. Horrek Azpeitian eta ingurune hurbilean askotariko irudiak hartzeko aukera eman zion».

«Zaleek hartutako argazki askorekin zoritxarrez gertatzen den bezala, mende batez, bere irudiak familiaren etxean gordeta egon ziren, Astorgan, Azpeitian inork haien berririk izan gabe. Zorionez, Burdinbidearen Euskal Museoa zabalik egoteak altxor txiki hori aurkitzeko aukera eman du, Vicente Cresporen birbiloba bat, gaur egun Renfeko bidaiarien negozio-arloko zuzendaria den Alberto García Álvarez, trenbideetako langilea delako, lanbidez ez ezik, baita bokazioz ere», zehaztu du Eusko Treneko zuzendariak.

Palominok zera gogoratu du: «Trenarekin zerikusia duen guztiaren zale porrokatu gisa, Alberto laster interesatu zen gure museoaz eta bertako instalazioak bisitatu zituen. Handik denbora laburrera, familia-bazkari batean, berriki egindako bidaia aipatu zuen eta bere osaba Gabriel García Crespok, zeinak bere denboraren zati handi bat familiaren historian murgilduta eman zuen, aitonak lehenengo lanpostua, hain zuzen ere, Azpeitian izan zuela gogorarazi zuen. Familiaren artxiboan arakatuz, laster, Azpeitiarekin lotutako Vicente Cresporen negatibo eta testuak aurkitu zituen eta, zalantzarik gabe, Burdinbidearen Euskal Museoari eman zizkion, ezagutzen eta zabaltzen laguntzeko».

«Trena iritsi aurreko Azpeitiko irudi harrigarriak deskubri ditzakegu. Mende bat baino gehiago igaro den arren, bere aitzindariak erretratatutako leku batzuk oraindik ere ezagunak dira. Beste batzuk, denboraren igarotzearen ondorioz, ezagutezinak. Horregatik, Museoa katalogo eta erakusketa honetan aurkeztuko ditugun irudiak gure bisitariek ematen duten informazioarekin aberasteko prest dago, leku horiek erabat identifikatu ahal izateko», adierazi du Eusko Treneko zuzendari Iñigo Palominok.

Lekukotzak
Vicente Crespok «Lan-errodajea» deitu zuenari buruzko idazki batzuk utzi zituen eta haren iloba Gregorio García Crespok -hura ere magistratua- gorde ditu. Idazki horietan, zera adierazi zuen: «1906ko urriaren 29an, Azpeitiko epaitegiko lehen auzialdiko eta instrukzioko epaile izendatu ninduten. Jesusen Lagundia sortu zuen San Ignazio Loiolakoaren sorlekua zen, non Loiolako Santutegi ezaguna dagoen, aipatutako erakundearen ama-etxe gisa. Han egonaldia egin nuenean, ondo bizi ginen, bizitzeko behar zen guztia geneukan, fin jaten genuen, baita sabelkeriaz ere, herrialdeko sagardo klasikoa, oso goxoa eta zaporetsua, neurrigabe edanez. Arteche izeneko ostatu ezagun batean egon nintzen. Antzinako moduko jauretxe bikain batean kokatuta zegoen, eta logela handi eta zabalak zeuzkan. Tratua arretatsua zen eta janaria, herrialdean ohikoa zen bezala, oparoegia eta oso ondo maneatua. Hori guztia, eguneko lau pezetaren truke. Jabeak, Roque Arteche eta bere emazte María Aramburu, pertsona bikainak ziren, zintzoak, maitekorrak eta eskuzabalak, eta apopiloak zerbitzatzeko ahalegin guztiak egiten zituzten. Beti gogoratuko naiz haietaz, esker handiz».

Crespok idatzi zuenez, «herrialdeko hizkuntzak, jende guztiak elkarrekin hitz egiteko erabiltzen zuenak, arreta piztu zidan». «Herribilduetan, gaztelania lardaskatzen zuten, batez ere emakumeek, gizonek baino gehiago; izan ere, emakumeak, gaztetan, Bilbora eta Donostiara neskame joaten ziren eta han Gaztelako mintzaira ohikoagoa zen. Lanean ari nintzenean, interprete bat behar izaten nuen; epaitegiko ofiziala, hain zuzen. Euskal eskualde horretan guztian ohikoa zen ezaugarri propio eta esklusibo gisa, esango dut jende gaztearen ilusiorik handiena, mutikoena, haurtzarotik hasita, eta etorkizuneko helburu goren bezala, pilotan jokatzea zela; zoriontasun osoaren oinarria, beraien ustez. Eskualde aberats hartako herribildu guztietan, herri-frontoi bat da ikusten den lehenengo gauza. Eguna argitzen duenetik gauaren iluntasuna iritsi arte, mutikoak, mutil koskorrak, gaztetxoak eta helduak joaten dira hara, adin guztietakoak, beren zereginekin tartekatuta. Lekuan bertan joko artetsu eta bortitz horretako profesionalei ikusten dizkieten edo haiek erakusten dizkieten irakaspenak entseatu eta ikasten dituzte, pala, zesta edo eskuzkoak, dagokien forma edo ñabardurekin, haien oniritzia lortu arte, lanbide edo kirol horretan lizentziatu-titulua eskuratzeko modu gisa».

«Epaitegi hartan izapidetu eta ebatzi nuen auzi bitxi gisa, gogoan dut Bilboko arkitekto baten aurkako kalte-galeren erreklamazioaren inguruko bat, izugarri garrantzitsua. Arkitekto horrek, Loiolako bailaran, munta handiko komentu baten eraikuntza-lanak zuzendu zituen eta komentu hori eraiki berria zela behera erori zen, inor bertara bizitzera joan baino egun batzuk lehenago. Gogora datorkidanez, arkitektoa dirutza handia ordaintzera zigortua izan zen. Eman nuen epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuten eta ez dut kontu horren inguruko berri gehiago izan», idatzi zuen epaile eta argazkilariak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)