Berriak Osasuna

Zumarragako ospitaleko kanpo-kontsultetako eraikin berria

2013.eko urriak 04

Eraikina egiteko lanak gaur hasi dira; kostua, guztira, 2 milioi eurokoa izango da.

Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria Zumarragan izan da, bertatik bertara ikusteko Zumagarrako Ospitaleko kanpo-kontsultetako eraikin berriari dagozkion lanen hasiera. Aspaldiko nahia da proiektu hori, eta behar-beharrezkoa, alde horretako pazienteei kalitatezko arreta eman ahal izateko.

Zumarragako Ospitalean espazioak libre utzi behar izan dira, behar berriei erantzuteko eta zerbitzu batzuk handitu eta berregituratu ahal izateko (bloke kirurgikoa, Bizkortzerako Unitatea, Ingresu gabeko Kirurgia Unitatea). Ondorioz, eraikin berria egitea erabaki da, kanpo-kontsultak han kokatzeko.

Bi milioi eurokoa da eraikin berri horren kostua, eta lanak gaur hasi dira. Eraikin berria 856 m2ko lursail baten gainean eraikiko da. Lursailak trapezio-itxura du, eta ospitalearen sarrera nagusiaren kontrako aldean dago, ur-biltegiaren eta kogenererazio-plantaren artean.

Erabiltzaileak beheko solairutik sartuko dira. Eraikinak, hain zuzen, erdi sotoa, beheko solairua eta lehenengo eta bigarren solairuak izango ditu. Bigarrenean instalazioak baino ez dira egongo; dena den, solairu hori zabaldu ahal izateko egituratu da, etorkizunean erabiltzeko moduan egon dadin.

Hortaz, eraikinaren azalera osoa 1.493 m2-koa izango da. Bestalde, nabarmendu behar da gela guztiek izango dutela argi eta aireztapen naturala.

BANAKETA

Beheko solairuan sarrera eta harrera egongo dira. Guztira, 30 espazio izango ditu, kontsultak eta proba osagarrietarako gelak jartzeko.

Espezialitateen banaketa ez da zehaztu oraindik. Hurrengo astean inplikatutako zerbitzuen proposamenak aztertuko dira.

Osasun sailburuak bere saileko 6 lerro estrategikoak aurkeztu zituen Eusko Legebiltzarrean, eta horietatik lehena da, hain zuzen, PERTSONAK DIRELA EKINTZAREN ARDATZ NAGUSIA.

Oinarri hori aintzat hartuta, beraz, espezialitateetako kontsultetarako lokalak esleitzerakoan, pazienteen beharrak dira kontuan hartu beharreko lehenengo irizpidea:

Erabilerraztasuna: Eraikin nagusitik banatuta egongo denez, paziente anbulatorioentzako espezialitateak izan beharko dute, ospitaleratuta dauden pazienteak ez mugitzeko. Eraikin berrira ez dira nahitaez bestelako proba diagnostikoak -RX, adibidez- eskatzen dituzten kontsultak aldatuko. Halaber, toki bakoitzak behar bezala banatuta egon beharko du, Pediatrian, esate baterako, arreta berezia jarriz.

Espezialitate bakoitzaren jarduna: Espezialitate bakoitzaren beharrak eta baliabideak aztertu behar dira, herritarren eskaeretara egokitze aldera.

Espezialitateen eta proba osagarrien arteko harremana. Elkarren artean harremana duten espezialitateak multzokatu beharko dira, eta espezialitate bakoitzaren kontsultaren ondoan hari dagozkion proba osagarriak egiteko gelak jarri.

Lanen ondorioz eragozpenak jasan beharko dituzte bai pazienteek bai eta langileek ere, saihestezina da hori. Agian, arazo horietatik aipagarriena da ez dela aparkalekurik egongo hiru hilabetez, gutxienez.

Aurreikusitakoaren arabera, lanak 2014. urtearen amaieran bukatuko dira. Halaber, 2015eko lehenengo hiruhilekoan zehar okupatuko da eraikin berria, eta orduan jarriko da martxan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)