Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

New Yorkeko 2013ko Bernardo Atxaga Katedraren programa aurkeztu dute gaur

2013.eko urriak 03

2013, BERNARDO ATXAGA KATEDRA

NEW YORK, URRIAK 7-11

Aurten ere Etxepare Euskal Institutuak City University of New York-en duen Bernardo Atxaga Katedrak euskal kulturari buruzko doktoradutzako programa akademikoa eskainiko du; horrekin batera, ohiko legez, kultur programa irekia era antolatu du Institutuak New Yorken  .

"Multilingual Education: Basque and International Perspectives" CUNYko The Graduate Center ospetsuko formakuntza eskaintzak Jasone Cenoz UPV/EHUko katedraduna hartuko du irakasle gonbidatu gisa, urriaren 7tik 11era bitartean. Jorratuko duen gaia hezkuntza eleanitza izango da, euskal zein nazioarteko ikuspegitik.

"Languages in Contact, Communities in Coexistence" kultur programa irekia, berriz, urriaren 7an eta 9an burutuko da.

Urriaren 7an bi aditu-talde elkartuko dira CUNYn.  "Basque Language and Basque Society Today" biltzarrean  Jasone Cenoz (UPV/EHU), Jacqueline Urla (University of Massachusetts, Amherst) eta Itziar Idiazabal (UPV/EHU - UNESCO Chair on World Language Heritage), euskararen eta euskal gizartearen egungo egoeraz ariko dira, CUNYko The Graduate Center-eko José del Valleren laguntzaz.   "Políticas lingüísticas, políticas de convivencia: el caso catalán, gallego y vasco" izango da segidan aztergai izango den gaia; adituak Patxi Baztarrika (EJko Hizkuntza Politikarako Sailburuordea), Anxo Lorenzo (Galiziako Xuntako Kultura Idazkari Nagusia) eta Eva J. Daussà (State University of New York at Buffalo) izango dira eta Mari Jose Olaziregik moderatzailea lanak egingo ditu.

Urriaren 8ko ekintzak New Yorkeko John Jay College-eko Black Box Theater antzokian izango dira: batetik Mark Kurlansky estatubatuetar kazetari eta idazle ezagunak euskaldunen munduari buruzko hitzaldia emango du; bestetik, Iñaki Salvador piano-jotzaileak Mikel Laboa omenduko du "Mikel Laboa, in memoriam" kontzertua eskainiz. Institutuak UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin batera antolatutako ekintza da, laster hitzarmen bidez jasoko den elkarlanerako egitasmoaren baitako lehena.

Programa prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur Donostian Aizpea Goenagak, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Patxi Baztarrikak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Juan Kruz Igerabidek, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrako zuzendariak, eta Etxepare Euskal Institutuko Unibertsitate Sareko arduradun Mari Jose Olaziregik.

Egitasmoa ondu ahal izateko abian jarri diren lankidetzak azpimarratu nahi izan ditu Aizpea Goenagak. Institutuak CUNYko The Graduate Center gunearekin egiten duen elkarlanaz eta harreman sendoaz harro azaldu da, New Yorken euskal kulturarekiko benetako interesa piztu duelako. Aurten programa babestu duten erakunde laguntzaileak ere aipatu ditu, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedra, Eusko Jaurlaritzako

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila,  Eusko Jaurlaritzako  Estatu Batuetako Ordezkaritza, John Jay College, Institut Ramón Llull eta Xunta de Galicia. Bestalde, Institutuak New Yorkeko Euzko Etxearen 100. urteurrenaren ospakizunarekin bat egin nahi izan duela ere esan du zuzendariak, haien ekintzen programa osatzen lagunduz.

Mari Jose Olaziregik eman ditu eskaintza akademikoko zein kultur programa irekiaren xehetasunak prentsaurrean, aurtengo gaiaren zergatia ere adieraziz: hizkuntza gizarte baten identitatearen adierazgarri nagusia denez, egungo gizarte eleanitzean euskararen errealitatea eta erronkak aztertzeak garrantzi handia duela azpimarratu du.

Juan Kruz Igerabide pozik azaldu da berak zuzentzen duen Mikel Laboa Katedrak eta Etxepare Institutuak elkarrekin abian jarri duten lehen egitasmo honek Bernardo Atxaga eta Mikel Laboa artista eta lagun handiak bildu dituelako eta haien lanen hedapenean garrantzitsua izango delako.

Eusko Jaurlarizako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, berriz, New Yorken egingo duen ekarpenaren berri eman du prentsaurrean. Euskararen iraupenaren gakoak izango ditu aztergai "El caso del euskera: las paradojas de un paradigma" izenburupean.  Euskara kasu paradigmatikoa dela defendatuko du bertan, hiru arrazoi nagusi emanez: hizkuntza hegemoniko baten alboan bizi den eta gainbehera zihoan hizkuntza bat biziberritzea egingarria dela erakusten duela; suspertze horretan lege estatusa, baliabideez hornitutako hizkuntza plangintza eraginkor bat eta herritarren atxikimendua ezinbestekoak direla; eta gauza guztien gainetik pertsonek eta gizarteak dutela giltza. "Euskarak -gaineratu du- bere tokia aurkitu behar du munduko hizkuntzen artean"; horrek kokatuko du gure gizartea munduan.

Argibide gehiago: www.etxepare.net

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Mari Jose Olaziregi, Juan Kruz Igerabide