Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Cristina Uriarte sailburuak atzerriko hizkuntzetako elkarrizketa laguntzaileei ongietorria egin die

2013.eko urriak 02

 

150 elkarrizketa laguntzaile arituko dira ikasturte honetan Euskadiko ikastetxeetan

 

Cristina Uriarte Hezkuntza Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak ongietorria egin die gaur goizez 2013/14 ikasturtean Euskadiko Bigarren Hezkuntzako ikastetxetan eta Hizkuntza Eskola Ofizialetan jardungo duten atzerriko hizkuntzetako elkarrizketa laguntzaileei. Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu den ekitaldian, Cristina Uriarte sailburua lau hizkuntzatan zuzendu zaie bertaratutako laguntzaileei: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Uriartek gogorarazi du, Europako Batzordeak bere helburuen artean duela herritarrei euren ama hizkuntzaz gain beste bi hizkuntza ikasteko aukera ematea, gaztetan hasita. "Europako helburuak gureak dira" gehitu du sailburuak. "Europako edozein herritarrek izan behar du ama hizkuntzaz gain beste bi hizkuntzatan komunikatzeko gaitasuna, eta Euskadiko hizkuntzak bi direla kontuan izanik, gure helburua 2+2 izan behar da: euskara eta gaztelania eta atzerriko beste bi hizkuntza".

2013/14 ikasturte honetan, urrian hasi eta maiatzera bitartean, 150 elkarrizketa laguntzaile arituko dira lanean Euskadiko 135 ikastetxetan, Batxilergoko eta DBH-ko ikasleekin batik bat, baina horietako batzuk Hizkuntza Eskola ofizialetan ere erituko dira. Gehienak ingeleseko laguntzaileak dira, eta Estatu Batuetatik datoz asko (68), baina badira britainiarrak, australiarrak, zeelandaberritarrak eta irlandarrak ere. Frantseseko laguntzaileak Frantziatik iritsi dira (14), eta alemanekoak berriz, Austria (3) eta Alemaniatik (4). Azkenik, italiar bat ere badago tartean.

Elkarrizketa laguntzaileek -euren jatorriko herrialdean unibertsitate ikasketen azken urtea burutzen ari diren gazteak izan ohi dira gehienak- irakasle titularrari laguntza ematen diote atzerriko hizkuntza ikasgaian, eta euren funtzio nagusia ahozko komunikazioan ikasleen gaitasunak lantzea eta indartzea da. Astean 12 eskola ordu ematen dituzte irakasle titularra lagun dutela, eta inoiz ez bakarrik.

Ikasturte honetan izango diren 150 elkarrizketa laguntzaileetatik 115 Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak finantzatzen ditu, eta gainerako 35ez Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa arduratzen da. Gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egin zaien harreraren ondoren, elkarrizketa laguntzaileek ikastaroak burutuko dituzte Barakaldoko Hizkuntza Eskola Ofizialean, urriaren 3 eta 4an.

 

 

Gasteizen, 2013ko urriaren 2an.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)