Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak garapen- eta kontsumo-eredu berriak proposatu ditu Euskadiko biodibertsitatea iraunarazteko

2013.eko urriak 02

• Biodibertsitatearen Kartarekin bat egin du Ana Oregik Txingudin
• Biodibertsitatea babesteko Europako Reverse proiektuaren esparruan
• Benito Lertxundik abesti bat dedikatu dio Txingudiri
• Bidasoaren bokalean ospatuko da Hegaztien Nazioarteko Eguna
• Oregik: «Biodibertsitatea kontserbatzea garapen ekonomikoarekin eta gizarte-garapenarekin bateragarria da, eta aukera ematen du, mundu-mailako krisi baten testuinguruan, garapen jasangarriaren bidean aurrera egiteko».

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Biodibertsitatearen Kartarekin bat egin du, zeinak egungo garapen- eta kontsumo-ereduak aldatu ezean ondare naturala galtzeko dagoen arriskuaz ohartarazi baitu. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik, Eusko Jaurlaritzaren izenean eta Hegaztien Nazioarteko Egunaren ospakizuna profitatuz, biodibertsitatea babesteko eta kontserbatzeko konpromisoarekin bat egin du, bai ingurumenaren aldeko ikuspegitik, bai biodibertsitateak dakarren onura ekonomikoaren ikuspegitik. Ingurumeneko, Nekazaritzako eta Turismoko sailburuordeekin batera, Benito lertxundik idatzi duen Txingudi bizipen margotuak izeneko abestia eta haren bideoklipa ere aurkeztu ditu. Irundar, hondarribiar eta hendaiarrek naturarekiko duten atxikimendu kultural eta emozionala azpimarratzen da abestian.

Bittor Oroz, Itziar Epalza eta Josean Galera sailburuordeek lagunduta, herritarrei dei egin die Ana Oregik, «bat egin dezaten Euskadiko Biodibertsitatearen Kartarekin». Halaber azaldu du nola «REVERSE proiektuaren testuinguruan prestatu den testua, Ingurumen Sailak horretan parte hartu baitu, hiru urtez, Europako beste 14 eskualderekin batera, Europako biodibertsitatea eskualdeetan ekintza positiboak bultzatuz sustatzearren eskualde batetik bestera aise lekualda litezkeen jarduerak identifikatzen». «Emaitza atzo aurkeztu zen Gobernu Kontseiluan: Europar Batasuneko Nekazaritza, Turismo eta Lurralde Plangintzako arduradun politikoei zuzendutako gomendio estrategikoak eta ekintza planak biltzen dituzten hiru dokumentu», adierazi du Oregik.

Konpromisoa
Oregik azpimarratu du zein den beren konpromisoa: «Banakako jarduera txikien zein taldekako ekintzen bidez urrats sendoak egitea benetan jasangarria den gizarte-eredu baterantz, gauza litzatekeena jarduera ekonomikoak eta biodibertsitateak doan ematen dizkigun onura eta zerbitzuak bateratzeko. Biodibertsitatean gizarte-eztabaidan eta agenda politikoan lekua izan behar duela aldarrikatzen dugu».


Oregik dioenez, «biodibertsitatea kontserbatzea garapen ekonomikoarekin eta gizarte-garapenarekin bateragarria da, eta aukera ematen du, mundu-mailako krisi baten testuinguruan, garapen jasangarriaren bidean aurrera egiteko. Lurraren historian lehenago inoiz ez bezalako abiadan ari gara galtzen biodibertsitatea. Galera hori eragiten duten kausak ez dira datozen hamarkadetan desagertuko, ez eta leundu ere, ez bada neurri sendo eta kementsuak berehala aplikatuta, ez badira garapen- eta kontsumo-ereduak aldatuta, batez ere planetako gizarte aberatsenei dagokienez».

Nekazaritzako sailburuordea den Bittor Orozek azpimarratu du "nekazaritzak gizarteari oro har egiten dion onuraren aintzatespena. Hori dela-eta, konpromisoa hartzen dugu ingurumena errespetatzen duten nekazaritzaren eremuko teknikak garatzeko. Laborariek nekazaritzako biodibertsitatea ez ezik, harekin lotutako kultura eta jakintza ere zaintzen dituzte; beraz, aldarrikatzen dugu ondare komun gisa izan dadila babestua".

Garapen bateragarria
Eusko Jaurlaritzako Turismoko zuzendari Mercedes Garmendiak «turismo jasangarria» proposatu du, «zeinak aktiboki lagunduko baitu lurraldeko balio naturalak kontserbatzen eta haiek ezagutzeko, balioesteko eta haien garrantziarekiko sentsibilizazioa bultzatzeko. Turismoak tokiko komunitateen lagungarri suertatu behar du, batik bat landa-eremuan, ezinbesteko zeregina baitute hor funtzio ekologikoak eta paisaiaren balioa kontserbatzen.

Euskadiko Biodibertsitatearen Kartak Euskadiko biodibertsitatea kontserbatu eta balioesteko agintariei eta herritarrei zer ardura dagozkien jasotzen du. Hau nabarmentzen da testuan: «Herritarrek zein administrazio, sektore-eragile, sustatzaile eta profesionalek, ondare komun gisa eta gizartearen aberastasun-iturri moduan ikusten dute biodibertsitatea, pertsonen bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzen laguntzen duena; hala, benetako konpromisoa hartzen dute hura kontserbatzeko kontserbazioa bera beren eguneroko zereginetan txertaturik, hartara egungo kontsumo-gizartearen eredua alda dadin».

Herritarrek ere Kartarekin bat egin dezaten eta biodibertsitatearekiko harremanean jardunbide egokiak gauza ditzaten, hainbat modutan hedatuko da Euskadiko Biodibertsitatearen Karta herritarren artean, eta Ingurumen Sailak jasotzen diren atxikimenduen segimendua egingo du.

Abesti bat Txingudirentzat
Ekimenaren aurkezpen-ekitaldian, prentsaurrekoan izan diren erakundeen ordezkariak elektronikoki atxiki zaizkio Kartari, Ingurumen Sailak horretarako berariaz atondutako webguneaz baliatuta: www.ingurumena.net. Bidenabar, urriaren 5ean ospatzen den Hegaztien Nazioarteko Eguna dela eta egiten diren ekitaldiak baliatuz, Benito Lertxundik idatzi duen Txingudi bizipen margotuak abestiaren bideoklip bat aurkeztu du Ana Oregik. Inguru naturalaren balioak goraipatzen ditu Lertxundik abestian, eta «pertsonek naturarekiko dugun lotura kultural eta emozionala» aintzatesten. Eusko Jaurlaritzaren webgunean ikusi entzun ahal izango dituzte herritarrek abestia zein bideoklipa, horretarako behar den baimena lortua baitu.

Jaurlaritza osoak bere gain hartutako konpromisoaren erakusgarri, Nekazaritzako, Ingurumeneko eta Turismoko sailburuorde Bittor Oroz, Josean Galera eta Itziar Epalza, eta eskualdeko alkateak izan dira sailburuarekin batera ekitaldian. Horiek guztiek sinatu dute Euskadiko biodibertsitatearen aldeko aldarrikapena.

Euskadiko Biodibertsitatearen Karta aurkeztu ondoren, sailburuak, sailburuordeek eta alkateek bisitaldi gidatu bat egin dute Txingudin barrena gertutik ezagutu nahian han bizi diren eta bokalea beren migrazioetan erabiltzen duten hegaztiak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • JA. Santano, Jesús Berganza, Belén Echeberria,