Berriak
Eu

Inkestatutako guztiek baieztatu dute saltokiz kanpo erosteko eskaintzak jaso dituztela, eta haietatik erdiak produktua erosi bai baina ez dira pozik geratu erositakoarekin

2013.eko irailak 30

Kontsumobidek adineko pertsonei eta saltokiz kanpoko salmentei buruz egindako ikerlan baten arabera.

Kontsumobidek ikerlanaren emaitzak argitaratuko ditu bihar, urriak 1, Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta

Kontsumoko Euskal Institutuak prestakuntza eta informazioa eskaini ditu, pertsona helduek baliabide gehiago izateko eta, ondorioz, iruzurrak saihesteko

 

Urriaren 1ean, urtero legez, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak adineko pertsonen nazioarteko egunaren ospakizunarekin bat egiten du.

Kontsumobiderentzat, arreta berezia eskaini behar zaion pertsona-taldea da, batez ere, kontsumitzaile gisa dituzten eskubideei dagokienez; izan ere, askotan engainu eta iruzur ahaleginen xede dira. Hain juxtu, Kontsumobidek legegintzaldi honetan dituen helburuen artean dago adineko pertsonei informazio eta prestakuntza gehiago eskaintzea, baliabide gehiago izan ditzaten. Horrela, jokabide kritikoagoa eta arduratsuagoa izan dezakete, iruzurrak saihestuz.

Kontsumoko Euskal Institutuak egiaztatu duenez, adinekoei mota guztietako produktuak eskaintzen dizkiete: eskumuturreko magnetikoak, koltxoi terapeutikoak, dieta miragarriak, etab. Askotan, eskaintza saltokitik kanpo egiten da, txangoetan, esaterako, baina baita beren etxebizitzetan edota hoteletan horretarako antolatutako bileretan ere.

Ikerlan honen bidez, Kontsumobidek saltokitik kanpo saltzen duten edo/eta produktu miragarriak eskaintzen dituzten enpresek erabilitako erakarpen teknikak zehatz ezagutu nahi izan ditu. Era berean, adineko pertsonek mota horretako erosketetan zein eskubide dituzten eta eskubide horiek zer-nola baliatzen diren badakiten jakin nahi izan du, hala nola mota horretako erosketak egitean gogobetetze-maila zer-nolakoa den.

 

Ikerlanaren ondorioak

Aurtengo lehen seihilekoan egindako ikerlanean 250 pertsonak parte hartu du (% 80,4 emakumeak eta % 19,6 gizonak). Guztiak ere Kontsumobidek adinekoen zentroetan eskaintzen dituen kontsumoari buruzko prestakuntza programetako jardueraren batean parte hartu dutenen artean aukeratu dira.

Inkestatutako pertsonetatik ia guztiek erantzun dute baietz; alegia, produktuak saldu nahi izan dizkietela saltoki batetik kanpo. Maizen eskaini dizkieten produktuak koltxoiak edo koltxoi oinarriak, masaje aparatuak eta liburuak dira.

Horietatik erdiak baino gehiagok, % 52, eskainitako produktuak erosi ditu noiz edo noiz; batez ere, koltxoiak edo koltxoi-oinarriak (% 37,90) eta liburuak (% 33,06).

Salmenta-unean, % 47aren iritzian, ez zen eskainitako produktuaren gaineko informazio osorik eman. Aldiz, % 60k onartu du ez zituela erositako produktuarekin batera jasotako informazio-orriak irakurri edo gainbegiratu.

Gainera, ikerlaneko ondorioen artean, produktua erosi zuten inkestatutako pertsonen % 46 ez zen pozik geratu egindako erosketarekin, gehienbat ez baitzituzten lortu esperotako edo agindutako emaitzak. Hala ere, erosketarekin pozik ez zeuden pertsona gehienek (% 68,30) ez zuten ezer egin eta horietako askok uste zuen, uste okerra izan arren, saltoki batetik kanpo erositako produktuak ezin zirela itzuli edo, bestela, itzuli ahal izateko, produktu akasdunak izan behar zirela. Ia lautik hiruk (% 73) ez zekien saltokitik kanpo erositako produktuen kasuan, erosketaz damutu eta produktua itzuli nahi izanez gero, itzultzeko eskubidea dutela produktua jaso eta ondorengo zazpi egunetan.

Osasunarentzako onuragarriak omen diren produktuei dagokienez, inkestatutako % 80,80k dio ez dela fidatzen produktuek iragartzen dituzten onurez. Gutxiago dira, % 73,20, uste dutenak mota horretako produktuak erosi aurretik erosi ala ez ondo pentsatu behar dela.

Azkenik, inkestatutako pertsonen % 54,81en iritzian, ez da beharrezkoa medikuari galdetzea osasunean eragina izan dezaketen produktuak erosterakoan.

 

Agiria:

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau