Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bernabé Undak adierazi du Eusko Jaurlaritzak zeregin aktiboa duela ibilgailu elektrikoaren garapenari dagokionez

2010.eko apirilak 19

Ibilgailu elektrikoa "erronka teknologiko eta industrial gisa" aurkeztu du Undak.

Eusko Jaurlaritzak ibilgailu elektrikoa Euskadin sartzeko estrategia bat definitu du, garraioaren arloan energia-eraginkortasuna hobetzeko bitarteko gisa eta euskal industria-sarean negozio-aukera berriak bultzatzeko elementu gisa. Estrategia honek honako hau lortu nahi du: 2020an, saltzen diren ibilgailuen % 10 elektrikoak izatea. 2010-2020 aldia merkatuaren hausturaren hasierako etapatzat hartu behar da.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sailburu Bernabé Unda jaunak, hark eskatuta, gaur agertu da, aldi berean, Legebiltzarraren Industria Batzordearen eta Kanpo Ekintza Batzordearen aurrean, ibilgailu elektrikoa ezartzeari eta garatzeari dagokionez Eusko Jaurlaritza gauzatzen ari den zeregin aktiboa azaltzeko.

 Sailburuak -Kabinete, Plangintza eta Kanpo Harremanetarako sailburu Pedro Gómez Damboreneak eta Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusiak lagunduta- gogora ekarri du alor horretan "Euskadi egiten ari den apustu publiko/pribatua". "Gure ahalmen eta ekimenei" esker, nabarmendu du Bernabé Undak, otsailaren 8an (astelehena) Eusko Jaurlaritzak Industria, Turismo eta Merkataritzako ministro Miguel Sebastián eta Zientzia eta Berrikuntzako ministro Cristina Garmendia gonbidatu zituen Energia klusterraren eta Autonomozio klusterraren arteko akordioa sinatzera.

Era berean, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak Eusko Jaurlaritza gonbidatu zuen Europar Batasuneko Lehiakortasuneko ministroen Bilera Informalean parte hartzera. Bilera hori Donostian egin zen eta ibilgailu elektrikoari buruz eztabaidatu zen.

Sailburuak esan du "Espainiak, Europar Batasunaren txandako presidentzian, ibilgailu elektrikoa Europako agendan kokatu duela erronka teknologiko eta industrial gisa. "Eta Euskadik, hori gertatu aurretik", esan du Undak, "egina zuen ibilgailu elektrikoaren aldeko apustua".

Lehenengo urratsa joan den urteko urriaren 29an egin zen, EEEren eta Repsolen arteko protokolo bat sinatu baitzen ibilgailu elektrikoak kargatzeko sare bat Euskadin jartzen laguntzeko. 2010eko ekainean inbertsioa kudeatuko duen sozietatea eratzeko legezko akordioak definituko dira zehaztasunez. Hitzarmen horretan sare mota hori Euskaditik kanpo ere elkarrekin hedatzeko EEEk eta Repsolek hartu duten konpromisoa bildu da.

Bigarren urratsa, azaroaren 11n egin zena, zera izan zen: Mercedes Benz España enpresarekin akordio bat sinatu zen Gasteizko fabrikan furgoneta elektrikoak egiteko. Lehenengo ibilgailuak aurten aterako dira fabrikatik.

Bi proiektuek indar bultzatzaile handia dute -eta halaxe dago jasota akordioetan- euskal industriarentzat eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearentzat. Arrazoi hori dela medio, eta zirkulua ixteko, Eusko Jaurlaritzak bultzatu zuen Energia eta Automozio klusterren artean akordioa sinatzea, EBko ministroen biltzar informala egin zen egun berean eta Miguel Sebastián eta Cristina Garmendia ministroen aurrean.

Sailburuak esan du badaudela behar diren "baliabide teknologikoak, industria-sarea eta lankidetza publiko/pribatua arlo horretan Euskadi munduko lehena izateko". "Esparru berria da, eta erronka teknologikoak eta ez-teknologikoak gainditu behar dira, eta hori lehenbailehen egin behar da. Ez badugu guk egiten" erantsi du, "beste batzuek egingo dute eta, azkenean, besteen atzetik joan beharko dugu".

Biltzar batean lehenengo aldiz

Euskadiren apustua, Euskadiko Gobernuak ere onartu du, agerian geratu zen Europar Batasuneko ministroen Bilera Informalean. Bernabé Unda sailburuak Europar Batasuneko presidentziaren ordezkaritzaren kide gisa hartu zuen parte bileran. Ordezkaritza horren buru ministroa bera izan zen. Halaber, Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuordeak Espainiako Erresumaren Ordezkaritzaren kide gisa hartu zuen parte goi-bileran. Hauxe da Eusko Jaurlaritzaren Industriako sailburu batek EBko ministroen goi-bilera batean parte hartzen duen lehenengo aldia. 

Eusko Jaurlaritzaren ustez nahitaezkoa da neurriak hartzea garraioak eragindako energia-kontsumoaren igoeraren aurrean. Ibilgailu elektrikoaren aldeko bultzada irmoa errealitate bat da Espainian nahiz Europar Batasunean. Euskal enpresek aurrera egiteko aukera bat da. Gogoratu behar da ibilgailuaren industria auxiliarra 300 enpresak osatzen dutela Euskadin. Enpresa horiek 10.000 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzte urtean, eta 60.000 laguni baino gehiagori ematen diote enplegua, eta enplegatu horietatik 40.000 Euskal Autonomia Erkidegoan bizi dira.

Eusko Jaurlaritzak ibilgailu elektrikoa Euskadin sartzeko estrategia bat definitu du, garraioaren arloan energia-eraginkortasuna hobetzeko bitarteko gisa eta euskal industria-sarean negozio-aukera berriak bultzatzeko elementu gisa. Ibilgailu elektrikoa sartzeari dagokionez, estrategia honek honako hau lortu nahi du: 2020an, saltzen diren ibilgailuen % 10 elektrikoak izatea. 2010-2020 aldia merkatuaren hausturaren hasierako etapatzat hartu behar da.

Ibilgailu elektrikoa Euskadin sartzeko proiektuak lau ardatz estrategiko dauzka: automozioaren sektorea bultzatzea Euskadin produzituko den ibilgailu elektriko berria diseinatzen lagunduz eta sektore horretako euskal enpresek osagai espezifikoak diseinatzeko aukera emanez; kargatzeko guneen azpiegitura garatzea, lurralde osoa hartuz, eta horrekin EAEn ibilgailu elektrikoan ibili ahal izatea bermatuz; zirkulazioan dabiltzan ibilgailuen masa kritikoa sortzea, merkatuaren haustura gauzatzeko unea aurreratzearren; eta erregulazio-esparrua egokitzea, arauetan aldaketak proposatuz, ibilgailu elektrikoak azkar sartzea ahalbidetuko duten aldaketak, hain zuzen ere. Ibilgailu elektrikoa sartzeko beharrezkoa den estandarizazioa garatzen ari gara.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sailburu Bernabé Unda jaunak,