Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko atunontzien segurtasunera 1,4 milioi euro bideratuko ditu

2013.eko urriak 01

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Euskadiko arrantzaleek nazioarteko uretan segurtasun baldintza hoberenetan lan egitea «funtsezkoa» da. Beraz, Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak gobernu bileraren ondorengo prentsaurrekoan jakinarazi duenez, atunontzietako armadoreek itsasontzietarako segurtasun pribatua kontratatzen jarrai dezaten 1,4 milioi euroko laguntza emateko erabakia hartu du Jaurlaritzak.  Memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak eta bakea sustatzeko proiektuak ere diruz lagunduko ditu. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak 105.000 euro emango dizkie memoria historikoa berreskuratzearen eta zabaltzearen alde lan egiten duten elkarteei; bestetik, giza eskubideak, bakea eta bizikidetza zabaltzearen aldeko ekimenetara 815.000 euro zuzenduko ditu.

Prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak Espainiako Estatuko Aurrekontu Proiektuari buruzko lehenengo balorazioa egin du. Erkorekak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza «kezkatuta» dago, Euskadiko inbertsioak gutxitu egin direlako. Abiadura handiko trenari aipamena eginez, Eusko Jaurlaritza «bere inbertsio-konpromisoak betetzen» ari dela azaldu du eta Espainiako Gobernua, berriz, ez dela betetzen ari. Eusko Jaurlaritzak, berriro ere, Espainiakoak gauzatu ezin dituen inbertsioak aurreratzeko eskaintza egin du, geroago kalte-ordaina jasotzearen truke. Erkorekak baieztatu duenez, proiektu hau, Euskal Y-arena, «estrategikoa» da Urkulluren gobernuarentzat eta Rajoyren gobernuari «egiteko edo egiteari uzteko» eskatu dio.

Estatuak egin duen kupoaren estimazioaz ere mintzatu da Erkoreka.  «Eusko Jaurlaritza ez dago ados» estimazio horrekin, eledunaren hitzetan. Erkorekak azaldu duenez, aurrekontu-proiektuan bertan estimazio bat dela zehaztuta dago. Eusko Jaurlaritzarekin kontrastatu gabe egindako estimazioa, eta kupoa kalkulatzeko metodologia finkatuko duen bost urtean behingo lege bat eduki ezean aurreikuspen huts izango dena. Erkorekak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak bi aldeko akordio baten alde lan egiten jarraitzen du, bi aldeek finkatu behar dutelako kupoaren zenbatekoa.

Ertzaintzak «ofizioz» ikertuko du, eledunaren hitzetan, atzo Herrira plataformaren aurkako polizia-operazioan gertatutakoa eta Amaiurreko senataria zauritzea eragin zuen jazoera. Erkorekak ziurtatu duenez, «erantzukizunen bat izan bada, dagozkion neurriak hartuko dira». Erkorekak adierazi du bake prozesua «atzeraezina» dela, eta Eusko Jaurlaritzaren ustez, aukera «paregabe» hau bakea lortzeko baliatu behar dela. Eusko Jaurlaritzak ETAri konpromisoa eta ardura eskatu dizkio; «armak utzi eta desegin» behar du, eledunaren arabera. Horrez gain, Espainiako Gobernuari bere politika errealitate berrira egokitzeko eskatu dio.  Erkorekak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak eta gobernukide guztiek bakearekin konpromiso «argia» daukate.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.10.01)

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)