Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Aernnovak gazteak trebatzeko eta lan munduan txertatzeko programa bat garatu dute

2013.eko irailak 30

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Juan Maria Aburtok eta AERNNOVAko presidente Iñaki López Gandáseguik ingeniaritza aeronautikoko beste trebakuntza-ikastaro aurreratu bat inauguratu dute gazteentzat, ondoren kontratatzeko aukerarekin. Aernnova Engineering etxearen instalazioetan egin dute, Zamudioko Teknologia Parkean.

Juan María Aburtok nabarmendu zuenez, AERNNOVAren tankerako enpresa bat, «Euskadin errotuta egonik, testuinguru latz batean gailendu da, eta gauza da etekinak sortzeko, lana emateko, jakintza garatzeko eta gazte lehiakorrak eta berritzaileak lan-merkatuan txertatzeko».

«Inkorporazio hau Enplegu eta Gizarte Politika Sailak adostua da, Lanbideren eta AERNNOVAren artean, eta trebakuntza-plan eredugarri bat osatu dute: 100 diseinu eta kalkuluko teknikarik, ingeniarik eta lizentziatuk trebakuntza profesionala jasoko dute, ondoren kontratatzeko aukerarekin», adierazi du Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak. AERNNOVAk bere Ingeniaritza Saileko profesionalak trebatzaile bezala ipiniko ditu.

Ikasturtea lau modulutan banatuta dago, eta honako gaiak emango dituzte: egitura aeronautikoei buruzko oinarrizko ezagutzak, egitura horietarako diseinu- eta kalkulu-erreminta oinarrizkoak, diseinuko eta kalkuluko oinarrizko ezagutzak, jasotako ezagutzen aplikazio praktikoa eta, amaitzeko, materialen, prozesuen, kalitatearen, egiaztapenaren eta probaketen alorreko ezagutza maila handiak eskuratzea. Aurreko hiru taldeetan bezala, ikasturteak 17 hilabete iraungo du.

Ikastaroa amaitzean, ikasleak egitura aeronautikoen diseinuan eta kalkuluan erabateko espezialista izango dira, eta, horrenbestez, sektorean jarduteko gauza izango dira.

Lehendabiziko taldea 2012ko irailean hasi zen martxan, eta ikasle asko eta asko lan praktikoetan ari dira konpainiako programa jakinetan, eduki teknologikoak jorratzen. Orain artean, mila trebakuntza- eta praktika-ordu baino eman dituzte, eta 25 trebatzaile baino gehiago inplikatu dira.

AERNNOVArentzat, produktu- eta fabrikazio-ingeniaritza bere jardunaren ADNa dira. «Desberdindu egiten gaituzte industria aeronautikoaren merkatu globalean, eta gure produktua dibertsifikatzen lagundu digu», adierazi du presidenteak. «1993an Embraer etxearen hornitzaile gisa hasi ginen, eta, gaur egun, sektoreko gainerako handiei produktuak eta zerbitzuak hornitzen dizkiegu: AIRBUS, BOEING, BOMBARDIER, SIKORSKY, EUROCOPTER, AGUSTA, BEECHCRAFT, GE, TRIUMPH…».

AERNNOVAn lan egiten duten 4.400 enplegatuetatik 1.100 ingeniaritza-unitatekoak dira, eta Arabako eta Zamudioko Teknologia Parkeetan lan egiten dute, baita Madrilgo, Bartzelonako, Brasilgo, AEBetako, Erresuma Batuko, Indiako eta Errumaniako bulegoetan ere.

«Gaitasun horiei esker, aeronabe-modelo berrientzako egiturak diseinatzeko eta fabrikatzeko prozesuetan parte hartu dugu. Aurten egin dute hegan lehendabizikoz honakoek: Airbus etxearen A350XWB eta BOMBARDIER etxearen CSERIES», adierazi du Iñaki Lópezek. «Bi kasuetan ere, Composites teknologia menderatzea erabakigarria izan da programa horietan parte hartzeko.»

Aeronautikaren sektorea hazten eta teknologia berritzen ari da, eta berrikuntza teknologikoaren erronka beren gain hartzeko prest daudenek bakarrik parte har dezakete hazkunde horretan. AERNNOVAren lehiakortasunak jakintzaren garapen etengabea du oinarri, baita talentua sortzea ere, AERNNOVA proiektuan jende berria bilduta.

«AERNNOVAren eta neure izenean, ikastaro honetako ikasleei azaldu nahi dizuet AERNNOVAren etorkizunaren partaide zaretela, eta zuen talentuaren alde egin dugun apustua elkarren onerako dela», adierazi zuen Iñaki Lopez Gandáseguik.

«Mezu positibo bat helarazi nahi nizueke esperientzia honen garapenari dagokionez; prest gaude Jaurlaritzarekin lankidetzan jarduteko esperientzia hori zabaltzen, Jaurlaritzari egoki irizten bazaio. Enplegu eta Gizarte Sailak eta Lanbidek programa garatzeko eman diguten babesa eskertzeko modua da guretzat», gaineratu zuen.

«Sailburu jauna, elkarrekin ari gara bidea egiten; zuen laguntzarik gabe, programa hau apalagoa izango zen, eta, batez ere, motelagoa. Merkatuak ingeniaritza-jarduera eskatzen jarraituko du, eta guk erantzuna eman behar diogu horri.»

Azkenik, Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak nabarmendu zuen proiektuan Jaurlaritzaren, enpresaren eta ikasleen arteko interesek eta konpromisoek bat egiten dutela. «Horregatik iruditzen zaigu jarraitu beharreko eredua.»

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki López Gandásegui