Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Jasangarritasunaren irizpideekin eraikia, zerbitzu eraginkorragoa eta pertsonalizatuagoa eskaintzeko teknologia berriak jarri dituzte bertan Ereagako Turismo Bulegoak, bere instalazio berrietan, turista eta bisitarientzat arreta hobetu du

2013.eko irailak 27

Imanol Landa Getxoko Alkateak eta Itziar Epalza Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuordeak, Udaleko eta Euskadiko turismo bulegoetako ordezkariekin batera,  gaur, Munduko Turismoaren Egunean, Ereagako Udal Turismo Bulegoaren instalazio berriak inauguratu dituzte. Alkateak, Imanol Landak, esan duenez, “lokal berri hauen inaugurazioa Udala orain 21 urtez geroztik, egiten ari den apustuaren beste pausu bat da, gure baliabide turistikoak ezagutzera emanez eta zabalduz bisitarien kopurua handitzeko, eta, era horretan, udalerri osorako eragin ekonomiko ahalik eta handiena sustatzeko. Ibilbide luze eta oparo honen errealitatea kontuan harturik gaur, atsegin handiz inauguratzen ditugu instalazio berri eta moderno hauek, gure udalerriko toki enblematikoa eta adierazgarria den apurretako honetan, hau da, Ereaga hondartzan. Gune hau, gutxik bezala, baliabide turistiko erakargarri eta aberatsak dituen udalerri baten historiaren eta egungo jarduera turistikoaren epizentroa da”.

Eusko Jaularitzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde Itziar Epalzak, bere aldetik, Euskadin Turismoak eskaintzen dituen zenbait datu aipatu ditu. “Azken urte hauetan”, esan du Epalzak, “helburu garrantzitsuak lortu ditugu, hala nola, aisialdiko bisitarien egonaldiak bikoiztea, 2010eko 2,72 gauetatik egungo 4,47 gauetara igaroz. Gaur egun pairatzen dugun krisialdi larriaren gainetik, urtean bisitari bakoitzeko batez besteko gastua 700 eurotan mantentzea lortu dugu eta kanpotik etorritako bisitarien kopurua areagotzea ere, aurtengo urtarriletik abuztura arte %4,7koa izanik. Horrexegatik, eta besteengandik ezberdintzeko,  Euskadi Basque Country marka indartzeko apustua egiten dugu eta baita e-turistara heltzeko ere, zenbait baliabide erabiliz, horien artean gaur hemen, Getxoko bulego honetan, ikusi ditugunak”.

Itziar Epalzak komunikazioaren eta informazioaren garrantzia azpimarratu du “Euskadi Basque Country helmuga zuhurra, artikulatua eta erreferentziazkoa izan dadin . Sektore turistikoari inguruneko aldaketen aurrean aldez aurretik erreakzionatzeko eta estrategia ezartzeko arrakasta handiagoa lortzeko baliabideak eskaintzen baitizkiogu; aukerak identifikatzen baititugu eta kultura korporatiboan aldaketak errazteko laguntza ematen baitugu”.

Eraikuntzaren ezaugarriak

Eraikin berriak, jendearentzat joandako ekainaren 24an ateak zabaldu zituena, 180m2ko azalera dauka eta bertan artatzeko guneari garrantzi berezia eman diote. Leku zabala, erosoa eta argia da, itsasora zabaldutakoa, beirate handien bitartez. Jasangarritasun eta eraginkortasun irizpideak jarraituz eraiki dute, eta horregatik energia aurrezte handia ekarriko du. Imanol Landak adierazi duenez “eraikin modernoa da, diseinu minimalista du eta Ereaga hondartzaren ingurunean harmonikoki integratzen da. Eraikuntzari dagozkion ezaugarrien artean aipa daitezke, besteak beste, geotermian oinarritutako berokuntza-sistema, isolamendu termikoa eta landare-estalkia. Fatxada bereziki tratatutako material noblearekin egin da, egurrarekin hain zuzen ere, eta kanpoko argiztapenerako led teknologia erabili da, ordutegiak eta kolore anitzeko argiak programatzea ahalbidetzen duena”. Getxoko Udalak instalazio berri hauetan 500.000€ inbertitu ditu.

Teknologi berriak

Turismo zinegotziak, Ignacio Uriartek, Udalak instalazio hauetan ipinitako teknologia berrien aldeko apustua azpimarratu nahi izan du “turistei eta bisitariei arreta hobeagoa eta pertsonalizatuagoa ematea erraztuko baitu”.

Turismo Bulegoak kanpoko ukipen-erakuslehio bat dauka,  informazioa 24 orduz ematen duena; terminal elkarreragilea, barruan, informatzailen laguntzarekin edo era pertsonalean erabili ahal izango dena, eta wi-fi gunea jarri da, barruan estaldura duena, eta informazio turistikoaren zerbitzu birtualari sarbidea emango diona.

Ignacio Uriartek gehitu duenez, Udalaren helburua, epe laburrera, “Itourbask Turismo Bulegoen Euskal Sarean parte hartzea da,  Getxok Euskadi izeneko helmugaren barruan  zer esan baduelako” .

(*) Argazkiak, agiriak, adierazpenak eta TB irudiak eskuratzeko:

http://www.getxo.net/prensa.

Pasa-hitza: fotosycortes

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)