Berriak Osasuna

Ordain-eredu berria lehen baino gardenagoa da, batago dator egungo egoera sozioekonomikoarekin eta Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoak betetzen ditu

2013-09-27

Berak hala eskatuta, Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumoko Batzordearen aurrera azaldu da gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburu eta Osakidetzako Administrazio Kontseiluko presidente Jon Darpon, Osakidetzako Zuzendari Nagusi Jon Etxeberria eta Araubide Juridiko eta Ekonomikoko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendari Maria Jesus Mugikarekin batera, legebiltzarkideei azaltzeko zertan datzan Osakidetzako zuzendaritzako kideentzat onetsi berri den ordain-sistema berria.

Hitzaldiaren hasieran adierazi duenez, ordain-sistema berria uztailaren 18an onetsi zuen Osakidetzako Administrazio Kontseiluak, eta Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak, egungo egoera sozial eta ekonomikoa dela eta, Osakidetzako zuzendaritza-egiturak murrizteko eta goi-karguen ordainak berraztertzeko aldarrikatutako konpromisoaren ondorioa da.

Jon Darpon sailburuak adierazi duenez, «lehengo ordain-sistemak oso osagai aldakor handia zuen, eta ez zirudien hori gaur egungo egoeran egokia zenik».

Halaber azaldu die Osasun Sailburuak legebiltzarkideei Osakidetzako zuzendaritzako karguen ordain berriak 'soldata' kontzeptupean ordain bakar batean bilduko direla, karguan jardutea ekonomikoki aitortzeko eta Osakidetzaren lerro nagusietako helburuak bete direla aitortzeko. Horiek zer neurritan betetzen diren egiaztatzeko hainbat kudeaketa- eta jarduera-kontrol egingo dira.

«Une hauetan, Osakidetza bezalako erakunde publikoetan ordain finko batek gardenago eta argiago betetzen ditu hartutako konpromisoak. Hala, soldata finkoan oinarritutako soldata-egitura bat dator karguak okupatzeko bete beharreko kode etikoetan definitutako printzipioekin», gehitu du Darponek.

Osasun Sailburuak adierazi bezala, onetsi berri den sistemak 2010-2012 urteetan indarrean egon denak aurreikusten zuen balio maximoa baino 281.000 euro gutxiago destinatuko ditu zuzendaritzako kideen ordainetara.

Horrez gain, eta ildo beretik, adierazi du Osakidetzako langileen ordainen eboluzioarekin bat egin da aldaketa, eta «Osakidetzan azken urteetan aplikatu diren soldata-izozteen eta -murriztapenen tratamendu bera eman zaio».

Hori dela eta gogora ekarri du 2010-2012 urteetan Osakidetzako zuzendaritzako soldatak % 3,8 murriztu zirela, eta gainerako lanpostuena, berriz, % 3,2 bakarrik.

Amaitzeko, laburpen gisa, «eredu hau gardentasun-beharraren ondorio dela» berretsi du Jon Darponek Eusko Legebiltzarraren Osasun eta Kontsumo Batzordearen aurrean. Halaber «kudeaketa-erantzukizuna sendotu izanaren, erakunde integratu gisa indartu nahi dugun eredurantz orientatu izanaren eta gaur egungo egoera sozioekonomikoaren ondorioa» dela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Osakidetzako Zuzendari Nagusi Jon Etxeberria