Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Bigarren Hezkuntzako 20 ikasle, Hizkuntzen Europako Eguneko World Caféan

2013.eko irailak 26

Europaz, bertako hizkuntzez eta ohiturez duten ikuspuntua partekatu dute gazteek ingelesez burutu den kafe-solasaldian

 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako eta Batxilergoko lehenengoko 20 ikaslek hartu dute pate gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan (Gasteizen) burutu den Elos World Café ekimenean. Ordubetez, eta bosna laguneko lau mahaitan banatuta, Europa izan da gazteek ingelesez izan dituzten solasaldietako ardatz nagusia.

Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordeak eta Begoña Garamendi Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak egin diete ongi etorria ikasleei, solasaldiei ekin aurretik. Sailburuordeak azpimarratu du Europaz edo Europako gaietaz aritzeko orduan hizkuntzak ezin direla albora utzi. "Europan edo mundu zabalean ikasketak burutzeko edo lan egiteko aukera izango duzue etorkizunean nahi baduzue, eta irekitzen ari den testuinguru berri honetan, hizkuntzak ezinbesteko izango dituzue", nabarmendu die sailburuordeak gazteei.  Garamedi zuzendariak aldiz, " etengabeko ikasketa eta berrikuntza prozesuan lan eta lan" ari izana eskertu die ikasle eta irakasleei, eta ahalegin horretan "beti izango duzue gure laguntza", gehitu du.

Mahai bakoitzean ordu laurdeneko denbora, eta Europako Batasunarekin zerikusi zuzena duen galdera sorta izan dituzte gazteek solaserako, hurrengo mahaira pasatu aurretik. Horrelakoxea izan ohi da World Café-aren funtzionamendua. Lehen mahaian, Europako Batasuneko erakundeak izan dituzte mintzagai: Zer da Europako Batasuna zuretzat?; Zein motatako erabakiak hartzen dira Europako erakundeetan?; Zein eragin dute zugan?... Bigarren mahaira pasatutakoan berriz, Europako hizkuntzen eta ohituren ingurukoak izan dira galderak.

Hirugarren mahaira aldaketa egin dutenean, euren ikastetxeetan Europarekin lotura duten zein jarduera antolatzen den azaldu diete elkarri ikasleek, eta laugarren mahaian, azkenik, euren etorkizunaz hitz egin dute: etorkizunerako euren planez, atzerrian ikasteko aukerez edo beste hizkuntzaren bat ikasteko asmoaz jardun dute. Ordubetez, eta ingelesez, gai horien guztien inguruan duten ikuspegia partekatzeko egokiera bikaina.

EAEko bost institututako gazteek hartu dute parte gaur goizeko World Café solasaldian, guztiak ere Elos sareko kide: Aguraingo Aniturri, Donostiako Antigua-Luberri, Bilboko Botikazar, Gasteizko Ekialdea eta Azpeitia-Azkoitiako Urola Ikastolako neska-mutilak elkartu dira. Urtero, irailaren 26an Europako Kontseiluaren ekimenez ospatzen den Hizkuntzen Europako Egunaren baitan antolatu du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak kafe-solasaldi hau, egunaren beraren helburuekin bat eginez, eleaniztasuna eta kultura arteko ezagutzaren garrantzia azpimarratu nahian.

Zer da Elos sarea?

Helburuetan bat egiten duten Europako ikastetxeen sare bat da Elos. Sare honetako kide diren ikastetxeek, Europako beste ikastetxe batzuekin nazioarteko topaketetan parte hartzen dute, esperientzia trukeak gauzatzeko. Dimentsio europarrari lotutako kontzeptuak garatzen dituzte ikastetxe hauek ikasleekin, hau da, ikasleek etorkizunean herritar europar izateko behar dituzten edukiak, gaitasunak eta jarrerak lantzen dituzte. Sareko ikastetxe guztiek, gainera, Europa mailan garatu eta aplikatutako ebaluazio eta ziurtatze- tresnak erabiltzen dituzte. Helburua, beraz, Europa eta nazioarteko dimentsioak gero eta protagonismo handiagoa izango duen etorkizunari era sortzaile eta eraginkorrean aurre egiteko ikasleak prestatzea da.

  

 

Gasteizen, 2013ko irailaren 26an

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @lvprieto
    2013.eko irailak 26

    Comentario de Twitter:
    20 estudiantes de Secundaria participan en el World Café del Dia Europeo de las Lenguas http://t.co/FfpymgvHfw

  • @miren723
    2013.eko irailak 26

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: 20 estudiantes de Secundaria participan en el World Café del Dia Europeo de las Lenguas. http://t.co/KuvNeRIdw1

  • @AinhoaIrigoien
    2013.eko irailak 26

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: 20 estudiantes de Secundaria participan en el World Café del Dia Europeo de las Lenguas. http://t.co/KuvNeRIdw1

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)