Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Enplegu eta Gizarte gaietako sailak gidalburu bat argitaratu du, lankidetza proiektuetan giza eskubideen ikuspegia txertatzeko

2010.eko apirilak 19

Marta Ares Garapen Lankidetzarako zuzendariak aurkeztu du gaur goizean, Gasteizen, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren azken argitalpena. "Giza Eskubideen Ikuspegia Garapen Lankidetzan Sartzeko Gida" izenburuko lana ele bietan argitaratu da, Garapen Bidean elkartearekiko lankidetzan, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeei (GGKE) laguntzeko helburuarekin, haien estrategia eta esku-hartzeetan giza eskubideen ikuspegia txertatu dezaten.

Lankidetzarako zuzendariaz eta gidaliburuaren egileez gainera, ekitaldian izan dira Silvia Escobar, Kanpo Arazoetarako eta Lankidetzarako Ministerioaren enbaxadorea -Giza Eskubideen inguruko gaiei buruzko misio berezian- eta Ximena Erazo, Txileko Henry Dunant fundazioaren presidentea.

Nazioartean onartutako giza eskubide jakin batzuen (hezkuntza, partaidetza, osasuna, etxebizitza, elikadura-segurtasuna, elkartzeko askatasuna, lan duina, etab.) faltaren eta pobretasunaren arteko lotura begien bistakoa da. Hala eta guztiz ere, gobernuz kanpoko lankidetzako proiektu eta programetako askoren ikuspegi bakarra beharrizanak detektatu eta, horren ondoren, zerbitzuak hornitzea da.

Marta Aresek adierazitakoaren arabera, formula hori "ez da pobreziari eta bidegabekeriari aurre egiteko modu iraunkorra". Horren aurrean, garapen lankidetzaren arloan, giza eskubideetan oinarritutako ikuspegiak aukera ematen du pobreziaren dimentsioei modu eraginkorragoan aurre egiteko: "horretarako beharrezkoa da, beharrizanak eta baliabideak ez ezik, bizitza librea gauzatzeko gaitasunak eta giza eskubideak erabat gauzatzeko aukerak garatzen laguntzea, horrek hirugarrenei begira sorrarazten dituen betebeharrekin", adierazi du Eusko Jaurlaritzako zuzendariak.

Horren ildotik, "eskubideen ikuspegia baliabide politiko erabilgarria da, eta pobreziaren aurka borrokatzeko eta horren ondorioak murrizteko ez ezik, desberdintasunen jatorriak aztertu eta beharrezko eraldaketak sustatzeko ere balio du", esan du Garapen Lankidetzarako zuzendariak amaitzeko.

Horrez gain, politika publikoetan giza eskubideen ikuspegia txertatzeko lanaren arloko nazioarteko aditu gorenetako batek, Ximena Arazo txiletarrak, "balio handikotzat" jo du gidaliburuaren argitalpena; izan ere, "material hori estrategikoa da, oraindik hastapenetan dagoen arlo horretan aurrera egiteko".

Ximena Erazok bere hitzaldia amaitzeko gaineratu duenez, "lan hori ez da asmo onen bilduma hutsa, gobernuek haien gain hartu behar dituzten erantzukizunen katalogoa baizik"

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Marta Ares