Berriak
Eu

Kontsumitzaileek uste dutena baino gutxiago dakite beren eskubideei buruz

2013.eko irailak 26

(Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren iritzi-inkesta)

Inkestatutako pertsonen % 44k adierazi du ezagutzen dituztela beren eskubideak, baina datuek erakusten dute % 17k baino ez dutela horien berri

 

Kontsumitzaileek uste dutena baino gutxiago dakite beren eskubideei buruz. Hala diote Kontsumoari buruzko nozio orokorrak izeneko iritzi-bilketatik ateratako ondorioek. Kontsumoko Euskal Institutuak (Kontsumobide) egin zuen iritzi-bilketa otsailean, martxoan eta apirilean 300 pertsona baino gehiagoren artean. Inkestatuak 14 eta 60 urte (edo gehiago) bitarteko pertsonak ziren, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko prestakuntza- eta informazio-zentroetakoak.

Kontsumobidek oinarrizko hainbat galdera egin ditu kontsumoarekin lotutako gaien inguruan. Helburua kontsumitzaileak oinarrizko nozioak ba ote zituen jakitea zen, ezagutza horren arabera, erakundearen trebakuntza-ahaleginak behar bezala bideratzeko. Hona hemen jorratutako gai batzuk: kontsumitzaile garen aldetik dauzkagun eskubideak, erosketa-txartela eta faktura zenbat denboran gorde behar diren, kontratu bati uko egitea, produktuen berme-aldia edota kontsumorako arbitraje-sistema, adibidez.

Eskuratutako datuen analisia egin ostean, ondorio nagusia zera da: kontsumitzaileek uste dutena baino gutxiago dakitela beren eskubideei buruz. Hala, inkestan parte hartu zuten pertsonen % 44k erantzun zuten bazekitela zer eskubide zeuzkaten, baina % 17k baino ez zuen jakin eskubideok identifikatzen: segurtasunarekin eta osasunarekin lotutako eskubideak, interes ekonomikoak eta sozialak babestearekin lotutakoak, babes juridikoa izateko eta kalteak konpontzeko eskubidea, informazio-eskubidea, hezkuntzarako eta prestakuntzarako eskubidea kontsumo-gaiei dagokienez, ordezkaritza, kontsulta eta partaidetza izateko eskubidea, eta hizkuntza-eskubideak.

Era berean, inkestan ikusten da erantzundakoen % 72k bazekiela produktu bat erosi ostean txartela edota faktura gorde beharra dagoela berme-aldia indarrean den bitartean, produktuaren alderdiren batekin lotutako desadostasunen batengatik erreklamatu nahi bazaio saltzaileari. Baina, berme-aldiaren iraupenari dagokionez, pertsonen % 80k uste zuen produktu-motaren araberakoa zela. Eta ez da zuzena. Inkestari erantzundakoen % 11k baino ez zekien edozer produkturen berme legala bi urtekoa dela.

Deigarria da, halaber, galdeketa honen ondorioetako bat: inkestatutako ia pertsona guztiek, % 96k, uste zuten eskubidea zutela establezimenduak dirua itzultzeko –edota bale moduko bat jasotzeko, erositako produktuaren zenbatekoarekin– baldin eta erosi ostean iritzia aldatu eta produktua itzuli nahi bazuten. Baina, legez ez dago horrelako obligaziorik.

Bestalde, emaitzek erakusten dute uko egiteko eskubidearen inguruan ezagutza falta handia dagoela; izan ere, parte hartu duten pertsonen % 21ek bakarrik daki zer den uko egiteko eskubidea urruneko kontratuen kasuan. Gehienek ez zekiten zazpi egunen barruan kontratua baliogabetzeko eskubidea denik.

Azkenik, nabarmendu behar da lau inkestatutatik batek bakarrik dakiela benetan zer den kontsumoko arbitraje-sistema. Era berean, ikusi zuten 50 urtetik beherako inkestatuek zeukatela sistemari buruzko informazio gutxien.

 

Agiria:

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @manycomics
    2013.eko irailak 27

    Comentario de Twitter:
    Las personas consumidoras tienen menos conocimientos sobre sus derechos de los que realmente creen http://t.co/UxVhJvUqOT

  • @OrtzadarSL
    2013.eko irailak 26

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Kontsumitzaileek uste dutena baino gutxiago dakite beren eskubideei buruz. http://t.co/JOdOilNfjq

  • @OrtzadarSL
    2013.eko irailak 26

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Las personas consumidoras tienen menos conocimientos sobre sus derechos de los que realmente creen. http://t.co/FLS9BC0fo3