Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak ospitaleko farmaziaren baterako ordainketa berriro aztertzeko eskatu dio Osasuneko ministroari

2013.eko irailak 25

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek jakinarazi du atzo bertan Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Osasuneko ministroarekin telefonoz hitz egin zuela; elkarrizketa horretan, eskatu zion ospitaleko farmazia anbulatorioaren baterako ordainketa ezartzea berriro pentsatzeko, eta, hala egin ezean, adierazi zion Eusko Jaurlaritzak neurria errekurrituko egingo duela.

«Justifikatu gabeko neurri bidegabea da, eritasun kroniko larriak dituzten pertsonak bereizi gabe zigortzen baititu, eta horrela jakinarazi nion atzo ministroari», adierazi du Osasuneko sailburuak gaur goizean Bilbon Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazarekin batera egindako agerraldian. Ministroak iritziz aldatzeko eta, azkenean, neurria atzera botatzeko konfiantza duela adierazi du Osasuneko sailburuak, halaber.

Ildo horretatik, autonomia-erkidego ugari, «ia alderdi guztiek gobernatutako autonomia-erkidegoak», jendaurrean neurria ezartzearen aurka agertu direla ekarri du gogora.

Neurri hori baztertu ezean, Jon Darpónek iragarri du gora jotzeko errekurtso bat aurkeztuko dutela ebazpenean xedatutako epearen barruan -argitaratu eta 30 eguneko epean- Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren Osasun eta Kontsumo Idazkaritzaren aurrean hura eten dezaten eskatzeko. Errekurtsoa ezetsiz gero, halaber, administrazioarekiko auzien epaitegira jotzeko asmoaren berri ere eman du, aplikazioa eten dadin eskatzeko eta berau ezartzeari uko egiteko.

Gainera, gogora ekarri duenez, ebazpen hori oinarritzeko baliatutako errege-dekretuak (Apirilaren 20ko 16/2012 Errege Dekretua, Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzkoa, eta 28/2012 Errege Dekretua, azaroaren 30ekoa, Gizarte Segurantzako sistemaren sendotze- eta bermatze-neurriei buruzkoa) eskumenik ezagatik Eusko Jaurlaritzak errekurrituta daude Kontsituzio Auzitegiaren aurrean, eta epaiaren zain daude.

Horrela bada, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak proposatutako neurri berri horrek «Estatutuan jasota dagoen barneko osasunaren kudeaketari buruzko eskumenean esku hartzea dakar, berriro ere, eta ez dugu hori ere baimendu behar», adierazi du Osasuneko sailburuak.

Horretaz gain, Ministerioaren ebazpen berri hori Osakidetzan beti defendatu duten ekitate-printziopioaren aurkakoa ere bada, eritasun kronikoak dituzten pertsonei modu ezberdin eta arbitrarioan eragin baitiezaieke. Izan ere, «patologia bera pairatu arren, pertsona batzuei eragingo die eta beste batzuei ez; tratamenduaren arabera izango da hori, ebazpenean sendagai batzuk jasota baitaude, eta beste batzuk ez», gaineratu du. «Eta ezin da pertsonen osasunarekin era horretan jolastu», nabarmendu du Jon Darpónek.

Euskadiko Osasuneko sailburuak, gainera, Ministerioak neurri hori hausnartu eta eztabaidatu gabe iragarri duela ere gaitzetsi du, gaia ez baitute aztertu Madrilen uztailaren 23an eginiko Osasuneko Lurralde Arteko Kontseiluan, ezta irailaren 14an Bartzelonan izandako sailburuen topaketan ere.

Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak proposatutako neurriak zati bat ordaindu beharra ezarri du 43 sendagaitan; horiek, funtsean, Gurutzetako, Basurtuko, Galdakao-Usansoloko, Araba eta Donostia Unibertsitate Ospitaleetan ematen dituzte. Neurri horrek 4.000 euskal herritarri eragingo liekeela kalkulatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak; herritar horiek onkologia, hepatitis kroniko, erreuma-artritis, psoriasi eta asma larriko prrozesuak dituzte, besteak beste.

Neurri hori abiarazteak ez liokeela, gainera, kutxa publikoari dirurik ekarriko nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak, gaixoei kobratzeko administrazio-kostua, seguruenera, aurreikusitako bilketa bera baino handiagoa izango bailitzateke. «Ez da inorentzat neurri ona; horregatik, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Justizia eta Funtzio Publiko Sailek Euskadin berau ekiditeko formula juridiko egokiak aztertzen jarraituko dugu ministroak neurria baztertzeko gure eskaerari entzungor eginez gero».

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)