Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintzako Helikopteroen Unitatea omendu du urpekari elkarte batek

2010.eko apirilak 17

Urtabik, urpeko ekintzak bultzatzea xede duen Bilboko elkarte batek, Ertzaintzako Helikopteroen Unitateari omenaldia egin dio gaur eguerdian, oroitapenezko plaka bat emanez. 2007ko urrian egindako erreskate batean helikopteroak egindako lana oniritzi dute ekitaldian. Egun hartan, bi urpekarik istripua izan zuten Bermeotik hurbil; biak atera zituzten baina, bata zoritxarrez hil egin zen handik gutxira.

Urtabi elkarteko kideek oroitapenezko plaka bat eman diote gaur Ertzaintzako Helikopteroen Unitatearii, azken hauen Iurretako egoitzan ospatu den omenaldian. Herrizaingo sailburuordeak, Raul Fernandez de Arroiabek, eman dizkio eskerrak elkarteari unitateko kideen izenean. Esan behar, sailburuordea bera ere, tituludun urpekaria dela.   

Helikopteroen Unitateak erreskate hartan egindako lana goirapatu nahi izan du elkarteak; helikopteroak ezbeharra izandako tokira iristeko izandako azkartasuna, erreskate eta lurreratze maniobrak egiteko erakutsi zuten abilezia, eta orokorrean, beren profesionaltasuna eta betebeharraz harago doan bokazioa nabarmendu dituzte Urtabiko kideek.  

2007ko urriaren 6an jazotako ezbehar baten ondorioa izan zen gaur saritu den erreskate operazioa. Ogoñoko lurmuturraren (Elantxobe) inguruan Urtabik antolatutako ekimen batean parte hartzen ari ziren bi urpekarik istripua izan zuten olatu-kolpe baten erruz. Uraren indarrak haitzen kontra joarazi zituen eta konortea galdu zuten biek. SOS Deiakek, gertatutakoaren berri izan bezain laster, erreskate operazio berezi bat antolatu zuen; Ertzaintzak,  Gurutze Gorriak eta helikoptero batek hartu zuten bertan parte eta Larrialdiei Aurregiteko kide batek kudeatu zituen lan guztiak. Urpekarietako bat uretatik atera ostean Galdakaoko Ospitalera eraman zuten anbulantziaz. Bestea, aldiz, Elantxobeko portura eraman zuten eta, suspertzen saiatu baziren ere, handik gutxira hil egin zen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Raúl Fernández de Arroiabe