Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Josu Erkoreka eta Juan Karlos Izagirrek hitzarmena sinatu dute erakunde bien artean datuak online trukatu ahal izateko

2013.eko irailak 25


Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak sinatutako hitzarmenari esker, herritarrek errazago egingo dituzte izapideak eta administrazio-prozedurak.

Bi erakundeek kostuetan eta espazioan aurreztuko dute.

Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta ez du kontraprestazio ekonomikorik edukiko.

Josu Erkoreka Herri Administrazioko eta Justiziako sailburuak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur, informazio, administrazio eta kudeaketa elektronikoko zerbitzuak elkarri eskaintzeko.

Bi erakundeek elkarreragingarritasuna hobetzeko lineako zerbitzuak eskaintzeko konpromisoa hartu dute; hau da, informazioa, datuak eta zerbitzu elektronikoak partekatuko dituzte.

Erabiliko den Elkarreragingarritasun Sistemari esker, paperezko ziurtagirien eta gainerako agirien ordez datu-transmisio elektronikoak erabiliko dira, partekatutako informazioaren benetakotasun, osotasun, isilekotasun, eskuragarritasun eta kontserbazio baldintzak bermatuta.

Hala, sendoagoa izango da Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren arteko lankidetza, bi erakundeen artean informazio trukerako sistema eratuko baita; ondorioz, herritarrei datu-ziurtapenak eskatu beharrik izan gabe egingo dira izapide administratiboak. Beraz, herritarrek errazago gauzatu ahalko dute dagoeneko Administrazio Publikoen esku dauden datuak eta agiriak ez emateko eskubidea.

Hitzarmen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak urrats bat gehiago eman dute Herritarrak Zerbitzu Publikoetara Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legea betetzeko. Horren arabera, administrazio publiko guztiek haiekin harremanetan jartzeko bide elektronikoak erabili ahal izatea bermatu eta beren artean informazioa trukatu behar dute, herritarrek izapide administratiboak errazago egin ditzaten.

Lankidetza-hitzarmenak lau urteko iraunaldia du, urtez urte luza daiteke modu automatikoan, gehienez ere hamabost urtez, eta ez du kontraprestazio ekonomikorik izango aldeentzat.

HERRITARRENTZAKO ONURAK

Herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzea. Administrazioen arteko lankidetzari esker.

Administrazioen sistemen artean informazioa trukatzea. Asmoa da herritarrak ez daitezela ibili erakunde batetik bestera, batek jaulkitako agiriak bestean aurkeztu behar dituztelako edo erakunde bat baino gehiagoren aurrean eskaerak nahiz idatziak izapidetu behar dituztelako.

Izapide eta prozedura administratiboak sinplifikatzea. Izapide administratiboetan edo ziurtagiriak eskatzerakoan aurkeztu beharreko agiri-kopurua murriztuko da.

Gardentasuna eta erraztasuna. Herritarrek ez dute jakin beharko administrazioek eskainitako zerbitzuen atzean datzan konplexutasuna; izan ere, orain arte, batzuetan ezinbestekoa zen hori ezagutzea zenbait izapide egiteko.

ADMINISTRAZIOENTZAKO ONURAK

Eraginkortasuna hobetzea. Jardunbide administratiboaren eraginkortasuna areagotuko da lankidetzaren eta kooperazioaren bidez.

Aurrezkia kostuetan eta egoitzetan. Paperaren ordez agiri elektronikoak erabilita, paperezko agiriak jaulkitzeagatiko kostuak murriztuko dira, baita agiriok biltegiratzera bideratutako beharrezko espazioa ere.

Lan-zama arintzea. Truke elektronikoaren bidez datu-zama arintzen da hartzailearen kudeaketa-sistemetan.

Informazioaren kalitatea hobetzea. Hartzaileen kudeaketa sistemen informazio-zaman gerta daitezkeen akatsak ezabatzen ditu, zama hori bera automatizatu egin baitaiteke.

Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren ustean, beharrezkoa da administrazio elektronikoa azkar eta modu eraginkorrean garatzea, herritarren eta administrazioen arteko harreman elektronikoak ahalbidetzeko.

JUAN KARLOS IZAGIRRE ETA JOSU ERKOREKA

Donostiako Alkate Juan Karlos Izagirrek adierazi duenez, “Garrantzitsua da oso gure administrazioen arteko elkarlana, onuradunak herritarrak direlako eta horrelako pausoekin herritarrek irabazten dutelako. Beti da ona herri erakundeek hobeto funtzionatzea eta herritarrengandik gertuago egotea”.

Josu Erkoreka Herri Administrazioko eta Justiziako sailburuak nabarmendu du herritarrek administrazioari eskatzen diotela leihatila bakarrerantz aurrera egitea, eta, eskumenen banaketa dela-eta, herritarrek ez daukatela herri-administrazioan egiazko aditu izan beharrik.


Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Karlos Izagirre, alcalde de Donostia-San Sebastián, Axier Aka, concejal de Información Participación y Medio Ambiente del Ayuntamiento de Donostia-San Sebastián, Javier García, director de Presidencia del Ayuntamiento de Donostia-San Sebastián