Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintza billeteak hautematen espezialitatutako txakurrak trebatzen ari da

2013.eko irailak 22

Ertzainor Unitatea espezialitate berriei heltzen hasi da, beste jarduketetan gertatutako beherakadaren ondorioz

Ertzaintzako Ertzainor Unitatea zortzi txakur entrenatzen hasi da azken hilabeteotan, legez kanpoko billeteak hautemateko; horrela, errazago egin ahal izango dituzte isilpean partida ekonomiko handiak mugitzen dituzten mafia eta erakundeen aurkako ikerketa-lanak. Terrorismoarekin eta kale-borrokarekin lotutako esku-hartzeek behera egin dutenez, Unitatea hainbat ekimen berri ari da martxan jartzen. Etorkizunean txakurrak beste espezialitate batzuetan trebatzea planteatzen ari da, gainera; esaterako, suteetako frogak topatzea, fluido biologikoak, piroteknia-materiala eta armak hautematen.

Azken urtean, Ertzainor Unitateak 1.500 esku-hartze polizial ingurutan parte hartu du; iaz baino % 10 gehiago. Euskadik bizi dituen garai berriotan, lehergailuak aurkitzeko esku-hartzeak edota substantzia estupefazienteen trafikoarekin lotutakoak nabarmen jaitsi dira, baina gora egin dute ekitaldietako segurtasun-estaldurek (kirolak, jaialdiak eta konbentzioak, kasu). Hori dela-eta, unitateak txakurren heziketa aldatu behar izan du: lehen, lehergailu eta drogak aurkitzen, erreskateetan laguntzen eta segurtasunean espezializatuta zegoen; orain, aldiz, legez kanpoko billeteak hautemateko prestatzen hasi dira. Azken hilabeteotan, zortzi txakur trebatu dituzte billeteen tinta kalkografikoa eta paper berezia hautemateko lanetan; esperientzia berritzailea da nazioarte-mailan. Proiektuaren helburua erakunde kriminal garrantzitsuen aurkako operazioetan jardun ahal izatea da.

Etorkizunean, zabaldu egin nahi dute txakurren prestakuntza, kriminalitatea hartzen ari den bide modernoei egokitzeko; Hala, suaren azeleratzaileak, fluido biologikoak, bengalak, armak, eta abar hautemateko heziketa emateko aukera aztertzen ari dira.

Hogeita hamahiru agente
Egun, hogeita hamahiru agentek osatzen dute Ertzaintzaren Ertzainor Unitatea (hezitzaileak eta lehergailuetan, drogatan eta segurtasunean espezialistak), eta guztira hogeita hamahiru txakur dituzte ardurapean. Lehenago, lehergailu terroristak aurkitzea zuten eginkizun nagusi, eta Ertzaintzako lehergailu-teknikariei laguntza ematea, baina, azken urteotan, eginkizun horrek beherakada handia izan du: 2004an 136 esku-hartze izan ziren bitartean, 2012an 15 baino ez ziren gertatu, eta guztiak alarma faltsuak izan ziren.

Estupefazienteak bilatzearekin eta ekitaldi publikoetan edo eraikin ofizialetan segurtasuna bermatzearekin lotutakoek guztizko jardueraren % 37 osatzen dute. Lehenengoen kasuan, drogen aurkako 518 esku-hartze egin ziren 2012an: etxebizitzak, lokalak, ostalaritzako establezimenduak, ibilgailuak, eta abar erregistratu, eta horietan substantzia estupefazienteak aurkitzeko ikuskapen sakonak egin zituzten.

Zeregin prebentibo eta planifikatuak, bestalde, unitatearen jardueraren % 48 izan ziren. Hona hemen horietako batzuk: eraikinak trebatutako txakurrekin aztertzea, pertsona ospetsuen bisiten kasuan; estadioak ikuskatzea, kirol-ekitaldiak izatean; eta ingurua zaintzeaa edo ikuskapenak egitea, polizia-zentro, espetxe, aireportu eta abarretan.

Era berean, unitateak segurtasunarekin lotutako 213 esku-hartze egin zituen iaz, hala nola ekitaldi publikoetan, eraikin ofizialetan eta zenbait dispositibotan, Ertzaintzako patruilekin edo operazio-taldeekin batera. Atal horrek jardueraren % 15 osatu zuen 2012an.

Lehen, Ertzainor Unitatea arduratzen zen erreskate-txakurren atalaz (bost gidari-agente ziren, txakur banarekin), baina iaz Erreskate eta Laguntza Taktiko Polizialaren Unitatearen mende egotera igaro zen.

Unitatearen hastapenak
Ertzainor Unitatea izango zena osatzeko lehenengo pausoak 1985ean eman zituen Ertzaintzak: lau txakur hartu zituen, lehendabiziko aldiz, Arkaute Akademian segurtasuneko lanak egiteko. Baina 1989ra arte ez zen sendotu txakurren taldea; urte horretan, lau agentek Alemaniako poliziak ematen zuen ikastaro batean parte hartu zuten, Stuttgarten, segurtasuneko gidari gisa trebatzeko. Hortik aurrera, txakurren unitateetan esperientzia zuten Europako poliziek antolatutako prestakuntza-mintegietara joaten hasi ziren agenteak, modu erregularrean. 1994az geroztik, unitateak berak ematen ditu prestakuntza-ikastaroak, eta gidariak zein txakurrak trebatzen. Gaur egun, unitateak, Arkaute Akademiarekin lankidetzan, birgaitze- eta heziketa-ikastaroetan ere parte hartzen du estatuko beste poliziekin eta tokiko eta erkidegoetako poliziekin. Horiek esperientziak trukatzeko eta txakurren unitateen polizia-jarduera hobeto ezagutzeko aukera ematen diete. Unitatearen eguneraketa-ikastarook droga, lehergailu eta bestelakoen gidariak egunean jartzeko planifikatuta eta diseinatuta daude, bai eta heziketa-metodo berriak ezartzeko ere.

Jolasa, prestakuntzaren oinarria
Halako zereginetarako, Alemaniako artzain-txakurra aukeratu zuten lehenik eta behin, eta, ondoren, beste arraza batzuk sartzen joan ziren, hala nola Belgikako artzain-txakurra, Springer Spaniel eta Labrador txakurrak, beren ezaugarriengatik esparru ezberdinetan baliagarriak zirelako.

Ertzainor Unitateak gainerako segurtasun-taldeetatik bereizten duen irakaskuntza-metodoa erabiltzen du: gidari bakoitzari txakur bat esleitzen diote, eta animaliari esparru edo espezialitate bakarraren inguruko heziketa ematen. Txakur bakoitzak beti gidari berarekin egiten duenez lan, ertzainak eta animaliak elkar ezagutzen dute, eta horrek mesede egiten dio polizia-lanari. Era berean, ertzainak animalia bere etxean zaintzeko eta artatzeko konpromisoa hartzen du.  Txakurrak gidarien etxean egoten dira, arraza eta espezialitatea gorabehera. «Txakur guztiak agentearekin bizi dira», dio unitateko arduradunak. «Horren eraginez, agentea etengabe dago txakurrarekin harremanetan, eta oso lotura berezia sortzen da bien artean, adiskidetasunezkoa». Eta hala, mugako egoeretan, txakurrak ertzainarekin duen konfiantza oso baliagarria izaten da. «Txakurrak keinu arraroren bat egiten badu, ertzainak zerbait gertatzen dela sumatuko du; animalia ezin hobeki ezagutzen duenak bakarrik igarri ahal izango du keinu hori», gaineratzen du. Txakur bat erretiratzen denean, oro har zortzi edo bederatzi urterekin, agentearekin bizitzen geratzen da. «Ez ditugu abandonatzen», azpimarratu dute unitateko kideek. «Normalean, gure seme-alabek jartzen diete izena. Familiako txakurrak bihurtzen dira», baieztatu dute ertzainek.

Ikasketa-prozesuan, txakurrak modu mailakatuan eta jarraituan ikasten ditu jarduteko jarraibideak, eta uneoro jolasa erabiltzen da ikaskuntza-metodo gisa. «Heziketa-metodoa jolastean eta motibatzean datza», esaten dute behin eta berriz agenteek. Ertzainek txakurrei irakasten diete helburu bat erdiesten duten bakoitzean (galdutako pertsona bat aurkitzea, drogak nahiz lehergailuak hautematea?) sari bat izango dutela: beren jostailua.  «Txakurrak substantziak ezagutzeko drogatzen ditugun kontu hori ez da egia», azpimarratu du unitateko arduradunak.
Txakurrak urtebete inguru dutenean iristen dira unitatera, inolako heziketarik gabe. Hilabetez, ertzainek proban jartzen dituzte animaliak, beren ingurunetik kanpo, eta, albaitariak aztertu ostean, lau eta sei hilabete arteko ikastaro bat egiten dute, oinarrizko hezkuntza jasotzeko. Arduradunen esanetan, «txakurrak aukeratzen ditugunean, indartsuak ?baina ez bortitzak? izatea nahi dugu, gainerako animalia eta pertsonekin sozializatzeko jarrera izatea, eta inguruan arriskurik sortu gabe jardutea». Zeregin eta funtzio ezberdinak garatzeko, hasiera batean Alemaniako artzain-txakurra aukeratu zuten. Ondoren, hala ere, beste arraza batzuk sartu zituzten, hala nola Malinois Belgikako artzain-txakurra, Springer Spaniel eta Labrador txakurrak, beren ezaugarriengatik hainbat esparrutan baliagarriak zirelako. Txakurrek, gainera, aurkitutako xedea seinaleztatzen ikasi behar dute: erreskate-txakurrek zaunka eginez ohartarazten dute beren gidaria; droga-txakurrek metodo aktiboagoa erabiltzen dute, zaunka egin eta substantzia aurkitzen duten toki zehatzean harraskatzen baitute; lehergailu-txakurrek metodo pasiboa erabiltzen dute: zerbait arraroa aurkitzen dutenean, eseri egiten dira, baina aurkitutakoa ukitu gabe.

Instalazioak
Ertzainorren instalazio nagusiak Berrozin (Araba) daude: txakurrentzako entrenamendu-pistak, txakurtegiak, albaitaritzako kontsultategia, biltegiak eta bilera-gelak dituena. Bertan, gidariek prestakuntza-ikastaroak eta entrenamenduak egiten dituzte txakurrekin batera, unitateko hezitzaile eta buruzagitzaren zuzendaritzapean eta gainbegiratupean.  Era berean, estatuko segurtasun-talde eta -indarrekin eta Europako bestelako poliziekin topaketak egiten dituzte sarritan, informazioa trukatzeko helburuarekin, eta txakurren gidariak prestatzeko ikastaroak ematen dituzte. Aipatutako instalazioez gain, unitateak lehergailuetarako talde bat du, hiru lurraldeetan uneoro eraginkor dagoena: Arkauten (Araba), Erandion (Bizkaia) eta Oiartzunen (Gipuzkoa). Talde horrek zerbitzu planifikatuak zein halabeharrezkoak ematen ditu, lehergailuak desaktibatzeko unitatearekin elkarlanean aritzen da, eta lehergailuekin lotutako gertakari guztiei aho batez erantzuten die.  Gertakariaren arabera (lehergailuak, drogak eta segurtasuna), dagokion esparruko agenteak mobilizatuko dira.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2014.eko urriak 20

    Mis felicitaciones agentes, buen trabajo, y mucho animo junto a esas preciosidades de caninos. Un cordial saludo

  • @PCTolosa
    2013.eko irailak 22

    Comentario de Twitter:
    La @ertzaintzaEJGV prepara perros especializados en detectar billetes. http://t.co/rztambsMBq >Via @Irekia_News

Komunikabideek behera kargatzeko