Berriak
Eu

«Bitartekotzaren bitartez Kontsumobidek hainbat konponbide proposamen ditu mahai gainean, eta horiek aztertzen ari gara»

2013.eko irailak 23

Kontsumobideko zuzendariaren agerraldia Eusko Legebiltzarrean:

Eroski eta Fagor enpresen mendeko ekarpenen gatazkan nahasitako alderdiekin izandako harremanen eta bileren ostean bitartekotzan izandako aurrerapenak azaldu ditu Kontsumobideko zuzendari Elena Unzuetak Osasun Saileko sailburuorde Guillermo Viñegrarekin batera gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordean. Egin dituzten bilera guztien artetik, hauek nabarmendu dituzte: EROSKI zein FAGOR enpresekin, erakunde merkaturatzaile batzuekin eta Euskadiko kontsumitzaileen hiru federazioek eta Kaltetuak elkarteak ordezkatutako pertsonekin egindakoak.

Azaldu duen moduan, bitartekotzan planteatutako irtenbide-proposamenak aztertzen ari da Kontsumobide uneotan; otsailaren 28an Eusko Legebiltzarrak agindu hori eman ostean egindako lanaren ondorio dira horiek.

Hala, Elena Unzuetak hauxe adierazi du: «Proposamen guztiak aztertzen ari da Institutua jarrera neutrala eta inpartziala hartuta, ahalik eta irtenbiderik onena eta azkarrena emateko egoera hori bizi duten pertsonei».

«Nolanahi ere, egun ez dugu planteatutako aukera bakar bat ere baztertzen». «Haietako bakoitzaren alde onak eta txarrak aztertzen ari gara, baita erreklamatzaileentzat erantzun gisa izango lukeen ondorioa ere, eragindako pertsonentzat konponbiderik onena nahi baitugu, hori guztia erabateko konfidentzialtasunean, behin betiko erantzun bat nahi eta behar duten erreklamatzaileekiko begirune gisa», adierazi du.

Kontsumobideko zuzendariak adierazi du Institutuak azken irtenbidea lortzeko lanean jarraituko duela arduraldi ia oso batez, orain arte egin moduan; «Ez da lan erraza», aitortu du, «erraza izango balitz behin betiko irtenbidea izango genuke», baina «saiatzen jarraituko dugu».

Hartarako, lau lan-unitate ditu Kontsumobidek; hiru kontsumitzaileen erreklamazioak orientatzeko, informatzeko, aholkatzeko eta bideratzeko zuzeneko arretarako dira. Ildo horretatik, Kontsumobideko profesionalen taldea gai horretan egiten ari den lan handia nabarmendu du, baita inpartzialtasunez eta neutraltasunez jokatu izana ere.

Kontsumobidek bitartekotzaren bidea hobesten du oraindik gatazka konpontzeko, arazo horrek kaltetutako pertsonei konponbide ona ahalik eta lasterren eskaintzeko helburua betetzearren; izan ere, berau azkarragoa, egingarriagoa eta merkeagoa da; horren emaitza ez da loteslea, eta ez du bide judiziala eragozten, arbitrajearen sisteman gertatu moduan. Horretaz gain, alde guztiek borondatez parte hartzeko prest egotea eskatzen du, eta «ez daude horretarako prest oraingoz», Kontsumobideko zuzendariak adierazi duen moduan.

Azkenik, Elena Unzetak edozer negoziaziotan beharrezkoak diren zuhurtziaz eta diskrezioaz lanean uzteko eskatu du Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordean, gatazka honen konponbidean ahalik eta gehien aurreratzeko. «Pertsonen alde begiratzen duen Gobernu gisa, eta Eskubideak Defendatzeko Institutu gisa, horrela egin behar dugula uste dugu, arduraz eta diskrezioz».

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)