Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregi: «Salgaiak trenez garraiatzeko Calais-Baiona autobide berria Euskadiko sare berriarekin lotuko da eta jarduera ekonomikoa handitzea bultzatuko du»

2013.eko irailak 19

• Lille eta Baiona arteko (Tarnoseko terminala) Atlantikoko tren-autobidea 2016an jarriko da martxan, 400 milioi euroko inbertsioa eginda
• Frantziako Garraioko ministroaren arabera, «garraiatzeko modu berriak urtean 85.000 kamioiren kargak trenera bideratuko ditu eta, hala, gutxi gorabehera 75.000 tona CO2 gutxiago isuriko dira».

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren ustez, Frantziako Garraioko ministro Frédéric Cuvillierrek atzo egin zuen iragarpena, hau da, Calaiseko terminaletatik Lapurdiko Baiona hirira bitartean salgaiak trenez garraiatzeko «tren-autobide atlantiko bat» martxan jarriko dutela, positiboa da, izan ere, errepideak tonaje handiko kamioiz betetzea saihestuko du eta, bide batez, kutsadura eta energia-gastua txikituko ditu.

«Neurri batean jadanik ezaguna eta eztabaidatutakoa zen ekimena eta Frantziako Estatuaren iparraldetik Baionara bitarteko trenbidea moldatzea exijituko du, trenetan galiboak egokitzeko», zehaztu du Oregik. «Oso positiboa iruditzen zaigu eta, Euskadiko eta gure inguruko plataforma logistikoak sustatzeko aurrera eramaten ari garen lanen artean, nagusiki EFFIPLAT proiektuaren barruan, gure asmoa da tren-autobidea etorkizunean Euskadiko gure tren sare berrira hedatzea planifikatzea, Euskadiko portu-azpiegiturekin bat egin dezan, Jundizeko plataforma intermodalera eta Arasurrera irits dadin eta gure portuekin eta Forondako aireportuarekin lotu dadin».

«Azken finean -erantsi du Oregik- Frantziako egitasmo hori ezin hobeto bat etortzen da laster gertatuko den Euskal Y-aren martxan jartzearekin, salgaiei dagokienez. Bidaiarien garraioari dagokionez, Frantziak eta Espainiak Europako Batzordearen zuzentarauak betetzea falta da, baina badirudi Brusela prozesu hori azkartzen ari dela. Europako Batzordeak behin eta berriz markatu digu etorkizuneko bide eta estrategia hau eta badirudi Frantzia aplikatzen ari dela, nahiz eta zailtasun ekonomikoak izan. Egiazki, Euskal Y-a bultzada handia izango da, gure garapen ekonomikorako ez ezik, baita Atlantikoko arku osorako eta Penintsularen barnealderako ere».

Frantziako Garraioko ministro Frédéric Cuvillierrek tonelaje handia trenez garraiatzeko bi tren-autobide berri egingo dituztela iragarri zuen, atzo gauean. Cuvillierren arabera, «eskualdeen garapen ekonomikoa ekarriko dute, salgaiak garraiatzeko modua aldatzea bultzatuko dute eta, hala, energia-trantsizioa». Batetik Côte d'Opale (Calais) eta Côte Vermeille (Le Boulou) lotuko dituen tren-autobidea eta, bestetik, Lille (Dourgeseko terminala, Pas-de-Calais) eta Baiona (Pays basque, Tarnoseko terminala) lotuko dituen Atlantikoko tren-autobidea dira.

Lille eta Baiona arteko (Tarnoseko terminala) Atlantikoko tren-autobidea 2016an jarriko dute martxan, 400 milioi euroko inbertsioa eginda. Lohr Industria enpresak 278 tren-unitate jasoko ditu hilabete batzuk barru. Frantziako Garraio Ministerioak azaldu duenez, garraiatzeko modu berriak urtean 85.000 kamioiren kargak trenera bideratuko ditu eta, hala, gutxi gorabehera 75.000 tona CO2 gutxiago isuriko dira. Gainera, 500 lanpostu sortuko dira, salgaiak garraiatzeko tren berriak maneiatzera eta mantentzera zuzendutako 75ak barne.

Mediterraneoko ibilbideari dagokionez, zerbitzu berri hori emango duen SNCF Geodiseko zuzendari nagusi Alain Picardek eta LohrSA-ko presidente Robert Lohrrek 102 unitate erosteko kontratua sinatu zuten, atzo, Parisen, Frédéric Cuvillier aurrean zela. 39 milioi eurokoa da kontratua. Trenbidea 2015etik aurrera eramango dute aurrera.

Martxan dauden beste batzuk

Frantziak jada salgaietarako bi tren-autobide dauzka: Bettembourg (Luxenburgo) - Le Boulou (Ekialdeko Pirinioak): 2007an zabaldu zuten eta 2012an 55.000 tona zama astun garraiatu zituen. 2013ko lehen seihilekoan, haren trafikoa % 9 hazi da, 2012ko lehenengo seihilekoarekin alderatuta. Bestetik, Frantziako Alpeetako tren-autobidea, Torbassano (Italia) eta Aiton (Savoia) artekoa, 2003tik dago irekita eta haren trafikoa ere nabarmen hazten ari da.

Frédéric Cuvillierren ustez, «bi tren-autobide berri hauek martxan jartzeak erakusten du Frantziako Gobernuak salgaien tren bidezko garraioa berrindartu eta horrekin batera zerbitzu berritzaileak garatu nahi dituela». Errepide eta autobideetan kamioi gutxiago izatea eragingo duten proiektu zehatzak dira. Horri esker, kutsadura eta berotegi-efektuko gasen isurketa murriztuko dira, tren industriaren sektorean lanpostuak sortzea sustatzen eta lanpostu iraunkorrak sortzea ahalbidetzen den bitartean».

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)