Berriak Osasuna
Eu

Errezeta elektronikoa abian da Eibarren, Elgoibarren, Deban, Mutrikun eta Mendaron

2013.eko irailak 19

«Debabarrenean ezarri ostean, EAEn e-rezeta hedatzeko helburuan aurrerapauso handia eman da, 21 botika, bost osasun-etxe, kontsultategi bat eta 51.000 biztanle baino gehiago baitaude eskualde horretan»

Era berean, Mendaroko ospitaleak e-rezeta baliatuko du ospitaleko arretan eta arreta espezializatuan

Guztira, EAEko 98 udalerritan dago ezarrita errezeta elektronikoa; hau da, 350.000 biztanlek baino gehiagok baliatzen dute dagoeneko botikak preskribatzeko eta banatzeko sistema berria.

Atxikitako farmaziek guztira milioi bat banaketa elektroniko baino gehiago egin dituzte

Errezeta elektronikoarekin bat egindako 151 farmazietatik 105 Gipuzkoan daude

Errezeta Elektronikoa bizkor ari da zabaltzen Gipuzkoan.  Gaurtik aurrera, beste bost udalerritan ipiniko dute botikak preskribatzeko eta banatzeko sistema elektroniko berria. Aurretik ere Gipuzkoako 29 udalerritan ezarrita zegoen. Hala, guztira 253.000 herritarrek baliatzen dute e-rezeta; hau da, Gipuzkoako biztanleen % 36k. 

Bat-egite hauetan garrantzitsuena Eibar da: hamaika botika eta 27.000 biztanle. Aurrerantzean, mediku-preskripzio eta farmazia-prestazio eredu berriaren erraztasuna, segurtasuna eta erosotasuna baliatuko dituzte eibartarrek ere.

Errezeta Elektronikoaren lehendabiziko eguna nola joan den ikusten izan dira Eibarren Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendaria eta Miguel Ángel Gaztelurrutia Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidenteordea.

Botiketako batean egindako bisitan, ikusi dute herritarrak zein profesionalak gustura daudela sistema berria estreinatzeko orduan.

Iñaki Betolaza pozik agertu da errezeta elektronikoa bizkor ezartzen ari delako, baita erabilera-mailarekin ere. Izan ere, milioi bat banaketa elektroniko gainditu ditu sistema berriak; hau da, guztira egindakoen % 90 e-rezeta ezarri den herrialdeetan.

Farmaziako zuzendariak adierazi du Eibarren e-rezeta ezarri izana urrats handia dela Euskadi osoan sistema berria ezartzeko. Horrez gain, adierazi du pauso hau oso garrantzitsua dela Debabarrenerako, Mendaroko ospitaleak Errezeta Elektronikoa ezarriko baitu arreta espezializatuan eta ospitale-arretan.

Miguel Ángel Gaztelurrutiak, berriz, adierazi du farmazia-bulegoek sekulako ahalegina egin dutela beren kudeaketa-sistemak sistema eragile bakarrera egokitzeko. Bere ustean, ahalegin horrek berehala ekarriko ditu emaitza onak, «botikak banatzeko kudeaketara ekarriko dituen erraztasunak direla-eta».

Garrantzitsua da gogoraraztea farmaziatik botikak jasotzeko Osasun Txartela aurkeztu beharra dagoela.

Azkenik, nabarmendu behar da hurrengo asteetan Donostialdean hasiko direla e-rezeta ezartzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Miguel Ángel Gaztelurrutia