Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskal literatura nazioarteko topaketa eta jaialdi ezberdinetan izango da irailean eta urrian, Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin

2013.eko irailak 18

2013.09.18 Prentsa oharra

Hainbat euskal idazlek eta itzultzailek nazioarte mailako literatura-topagune eta jaialdi ezberdinetan hartuko dute parte datozen asteotan; jarduerok Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz edota bitartekaritzaz burutuko dira.

Cervantes Institutuaren ekimenez, aurten Miren Agur Meabe, Iban Zaldua, Jon Juaristi eta Karlos Linazasoro euskal idazleak izango dira “30 años de creación y diálogo” izenburupean burutuko diren Verines hiriko Jauregiko literatura-topaketan izango dira. Estatuko hizkuntza desberdinetako idazle eta kritiko taldea elkartzen da urtero jardunaldiotan, Pendueles herrian (Asturias). Aurtengo topaketa irailaren 19tik 20ra izango da eta Etxepare Institutuak antolaketan lagundu du.

Irlandako Cork hiriko Unibertsitateak Self Translation in the Iberian Peninsula nazioarteko biltzarra antolatu du irailean, autoitzultzaileen estatus ezbedinetako hizkuntzen arteko bitartekari rola ikertzeko xedez. Etxepare Euskal Institutuak babestu duen programa honek hainbat euskal idazle eta itzultzaile hartuko ditu. Irailaren 20an Miren Ibarluzea itzultzailea “Panoramic Theoretical Approaches” ataleko partaidetako bat izango da; egun berean Ur Apalategik, Elixabete Manterolak eta Ibon Uribarrik, “Self Translation in the Basque Country” atala osatzen duten mintzaldiak emango dituzte. Unai Elorriagak, berriz, amaiera hitzaldia eskainiko du, irailaren 21ean,El singular oficio de la autotraducción” izenburupean.

Kirmen Uribe New York aldean ibiliko da irailean eta urrian. Irailaren 20an bere obraz hitz egingo du City University of New York-eko The Graduate Center gunean, Esther Allen itzultzaile eta irakaslearekin eta Gus Jiménez CUNY-ko guneko doktoregaiarekin. CUNY-k eta Etxepare Euskal Institutuak antolatutako ekitaldia da. Irailaren 22an Brooklyn Book Festival jaialdi ospetsuan izango da. “Cities and their Ghosts” (“Hiriak eta beren mamuak”) mahai-inguruan hartuko du parte bertan, Patricio Pron eta Chang-Rae Lee idazleekin batera. Eta irailaren 23an talde errezitaldia eskainiko du Bowery Poetry Club-ean, “Poet in New York” izenburupeko saioan.

Irlanda aldera joko du segidan Kirmen Uribek. Urriaren 18tik 20ra bitartean Dublinen egingo den ISLA Jaialdiko partaide izango da. “Today we are reading with” irakurketan esku hartuko du urriaren 18an, Daniel Freidemberg (Argentina), Tomás Mac Síomóin (Irlanda), Paula Meehan (Ireland) eta Enrique Vila-Matas (Espainia) idazleekin batera. Urriaren 19an, berriz, “The Novel, Memory and Resistance” solasaldiko partaide izango da, Cara Leavy (Irlanda), John Boyne (Irlanda) eta Julio Espinosa (Txile) mahaikideekin batera. Eta urriaren 20an “Bitartean heldu eskutik” liburuko pasarteak irakurriko ditu Crescent Arts Center gunean, Belfast Festival At Queen's jaialdiaren baitan.


Aurten ere literatur itzulpen-lantegia antolatu du EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz. Lantegiak eta gazte literaturari erreparatuko dio aurten, eta horretarako Juan Kruz Igerabideren lana aukeratu dute. Tailerra Donostian egingo dute, irailean, eta Polonian izango du jarraipena. Izan ere, Wroclaweko Short Story Festival jaialdiak euskal literaturari eskainiko dio urriaren 5a. Batetik, Elixabete Manterola eta Juan Kruz Igerabide EIZIEren itzulpengintzari buruzko saioko partaidetako bi izango dira, hainbat poloniar itzultzailerekin batera. Bestetik, Harkaitz Cano idazleak idazketa mintegi batean eta literatura-irakurketa batean hartuko du parte.

Poloniakoa ez da izango Harkaitz Canoren bidaia bakarra, Argentinan eta Txilen ere izango baita laster, FILBA Nazioarteko Literatura Jaialdiak gonbidatuta. Irailaren 28an eta 29an Buenos Airesen izango da. Lehen egunean “Colombia en Buenos Aires” programan parte hartuko du, Eterna Cadencia aretoan, beste hainbat egileekin batera. 29an, berriz, Museo de la Lenguan egingo den mahai-inguruan ariko da Roxana Miranda eta Mario Castells idazleekin batera. Egun berean irakurketa bat ere eskainiko du, Emiliano Monge, Susie Asado, Inés Garland, Esther Cross eta Federico Falco idazleekin, Malba gunean.

Ondoren Txile aldera abiatuko da Cano; irailaren 30ean Santiagon izango da, hemen ere FILBA jaialdiko programaren baitan, “Melodía desencadenada” ekitaldian parte hartzeko. Lau idazle eta abeslari bat elkartuko dira bertan -Harkaitz Cano, Alvaro Bisama, Emiliano Monge, Adam Thirlwell eta Francisca Valenzuela- kantak “kontatzeko” antolatutako saioan.

Gainera, euskal literaturaren sustapena helburu duen 2013ko 10 Books from the Basque Country katalogoa argitaratu berri du Etxeparek, genero desberdinetako euskal liburu garaikideekin. Laster izango du Institutuak argitalpenari nazioartean zabalkundea emateko aukera: urrian Bartzelonako LIBER Liburu Azokan eta Alemaniako Frankfurt Book Fair azokan, eta abenduan Mexikoko Guadalajarako FIL Liburu Azokan.

Bestalde, aurten ere Bernardo Atxaga Katedraren eskaintza akademikoa eta programa irekia antolatu ditu New Yorken Etxepare Euskal Institutuak. Egitaraua urriaren 7tik 11era bitartean burutuko da; aurkezpen ofiziala urriaren hasieran egingo da.


* Jarduera hauei buruzko xehetasunak www.etxepare.net guneko agendan aurkituko dituzue

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)