Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegian helegitea egin dio Euskadiko Trenbideak Estatuaren Interes Orokorreko Katalogoaren barruan sartzeari (2013-09-17(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2013.eko irailak 17

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, uztailaren 26ko 11/2013 Legean finkatutako Estatuko Interes Orokorreko Trenbide Sareko Linea eta Zatien Katalogoak Euskadiko eskumenak urratzen ditu trenbideei dagokienez.

Eusko Jaularitzak helegitea jarriko du Konstituzio Auzitegian Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean hitzarmenik lortu ez duelako.

Konstituzioaren aurkakotasun-helegite bat jartzea baimendu du gaur Gobernu Kontseiluak uztailaren 26ko 11/2013 Legearen aurka (otsailaren 22ko 4/2013 Errege Lege Dekretutik deribatua); izan ere, izenak izen (ekintzaileari laguntzeko, hazkundea sustatzeko eta enplegua sortzeko neurriak), haren 38. artikuluan eta eranskinean Estatuaren Interes Orokorreko Trenbide Sarearen Linea eta Zatien Katalogo bat jasota dago, zeinak EAEren eskumenak (Gernikako Estatutuaren 10.32 artikuluan aurreikusiak) urratzen dituen trenbideei dagokienez.

Katalogo horren barruan Espainiako Gobernuak interes orokorrekotzat jo dituen trenbideen zerrenda bat ageri da, eta Eusko Jaurlaritzak hura egiaztatu duenean konturatu da Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide guztiak ageri direla bertan.

Euskaditik igarotzen diren trenbide guztiak interes orokorrekotzat hartzean Estatuko Administrazio Orokorraren kudeaketa betikotzea bermatu nahi dute, horrela etorkizunean Euskadiri eskualdatu ahal izatea galarazteko.

Hamaika linea eta zati dira, eta haietatik sei autonomia-erkidegoko lurraldekoak dira zeharo. Hauexek dira, besteak beste: Hendaiatik Irunerako 106 linea, oraindik RENFErena den Santurtzi-Abando linea, Muskiz-Barakaldo arteko 722 linea, Ariz eta Basurto ospitale arteko 782, Lutxana-Barakaldo eta Irauregi arteko 784 linea, eta abar. Eusko Jaurlaritzak askotan eskatu du linea horiek EAEri eskualdatzeko.

Konstituzio Auzitegian aurkeztutako errekurtsoak

Eusko Jaularitzak Konstituzio Auzitegian helegitea jartzea erabaki du, Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean hitzarmenik lortu ez duelako.

Gobernu Kontseiluak legegintzaldi honetan onartu duen laugarren konstituzioaren aurkakotasun-helegitea da. Helegite honetaz gain, honako lege hauei egin zaie helegitea eskumenak urratzeagatik:

  • 2012rako eta 2013rako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei.
  • Uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuari, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoari (funtzionarioen eta merkataritzarekin lotutako gaiekin).

Gainera, Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean ondoko hauek negoziatzen ari dira oraindik:

  • 1/2013 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena. (Prepara Plana, 400 €-en kudeaketa)
  • 2/2013 Legea, maiatzaren 29koa, itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzkoa eta uztailaren 28ko Kostaldeei buruzko 22/1988 Legea aldatzen duena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau