Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak datorren urriaren 29an onartuko du Aurrekontu Legearen aurreproiektua

2013.eko irailak 17

Eusko Jaurlaritzak gaurko Gobernu Kontseiluan erabaki du atzo Euskadiko Alderdi Sozialistarekin eta Euzko Alderdi Jeltzalearekin sinatutako akordioan lortutako konpromisoak dagoeneko martxan dagoen aurrekontu-proiektuan txertatzea. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren ostean egin ohi duen agerraldian azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak urriaren 29an onartuko du Legearen aurreproiektua.

Ostegunean egingo den Politika Orokorreko osoko bilkuran Urkullu lehendakariak jorratuko dituen gai nagusiak aurreratu ditu Erkorekak. Hitzaldia hiru bloke handitan egituratuko da, bozeramailearen hitzetan: ekonomia suspertzea eta enplegua; bakea eta bizikidetza; eta Euskadirako estatus politiko berria. Azken gai horri helduta, Erkorekak zehaztu du estatus politikoa «eztabaidatzeke dagoen gaia» dela, eta Legebiltzarra dela gai zehatz horri buruzko hausnarketa egiteko aukerako organoa. 

Gainera, Urkulluk hainbat proposamen zehatz ipiniko ditu mahai gainean. Honako hauek, esaterako: Finantzen Euskal Institutua indartzea, datozen hiru urteetan ETEetarako 1.860 milioi euroko finantzaketa-lerroak bideratzeko bide gisa; eta zailtasunak dituzten enpresak laguntzeko neurriak, esaterako ontzigintzaren sektorea laguntzeko. Gainera, «lehendakariak diru-sarrera apalak dituzten pentsiodunentzako konpentsazio-sistema bat aurkeztuko du».

Prentsaurrekoan, EAJren eta PSE-EEren arteko akordioari eta hiru lurraldeetan zerga-harmonizazioa abian jartzeari buruz galdetu diote Erkorekari. Bozeramaileak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du «oztopo tekniko gaindiezinik» ikusten akordioan zehaztutakoaren, Gipuzkoan indarrean denaren eta Arabako ahaldun nagusiak proposatutakoaren artean. Bozeramailearen aburuz, «borondate politikoarekin, akordioa lor daiteke». Eusko Jaurlaritzak aktore politikoak gai honetan ados jarriko diren itxaropena dauka, «zerga-panorama egonkortasunez eta ziurtasunez» hornitzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.09.17)

 


Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jerkoreka
    2013.eko irailak 17

    Comentario de Twitter:
    El discurso del lehendakari dibujará los tres grandes bloques: reactivación económica y empleo, Paz y... http://t.co/L9pczpeExy

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)