Berriak Segurtasuna
Eu

Berehala erantzuteko ahalmen handiagoa, ikerketa-taldeen sorrera eta korrika kopurua handitzea, Azkoitia eta Zarautzeko polizia-etxeen kudeaketa partekatuaren abantailetako batzuk

2013.eko irailak 20

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, berak hala eskatuta, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordearekin batera. Bertan Azkoitia eta Zarautzeko ertzain-etxeen kudeaketa partekatuko proiektua azaldu du, Urola Kosta proiektua deitutakoa.
Ertzaintzaren 2016 Ortzimuga plan estrategikoaren aurkezpenean, Segurtasuneko sailburuak aurreratu zuen egungo 25 polizia-etxeko sareari eutsiko ziola, eta Ertzaintzaren antolakuntza garai politiko, ekonomiko eta sozial berrira egokituko zuela, hiru alderdi oinarritzat hartuta: herritarren segurtasuna sustatzea, ikerketa eta informazioa sustatzea eta kudeaketa-modu berriak sustatzea.

Testuinguru horretan Azkoitiko eta Zarautzeko polizia-etxeen kudeaketa partekatua sartzen da. Uda honetan jarri dute martxan, eta helburua bi etxeon polizia- eta laguntza-zerbitzua bere gain hartzen dituzten herrien beharretara eta inguruko ezaugarri geografiko, demografiko eta sozioekonomikoetara egokitzea da.

Ertzain-etxeek hamabi udalerriri eta ia 73.500 biztanleri zerbitzua ematen diete. Zarautzekoa, gainera, udan, asteburuetan eta oporraldietan biztanleria nabarmen areagotzen den kostaldeko hainbat herriz arduratzen da.
«Esparru geografiko eta demografiko horren barruan, Urola-Kosta proiektuaren helburuak herritarren segurtasuneko zerbitzua hobetzea, bi ertzain-etxeetan hautemandako informazio- eta ikerketa-gabeziei aurre egitea eta kudeaketa-eredu berri bat balioztatzea dira, zerbitzua etengabe hobetzea bilatuz baliabideen erabilera optimizatuko duena, gertutasuna, konfiantza, lidergoa eta talde-lana oinarri hartuta», adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko arduradun Estefanía Beltrán de Herediak.

Kudeaketa partekatuko eredu horrek abantaila handiak eskainiko dizkie bi polizia-etxeetako polizia- eta laguntza-zerbitzuei. Hona hemen nabarmenenak: plaza kopurua handituko da zerbitzuen oinarrizko eskalan, kaleko patruila kopurua (korrikak deitutakoak) areagotuko da, arrisku handiagoa eragin dezaketen egoera konplexuei berehala erantzuteko ahalmen handiagoa lortuko da, uniformatu gabeko ikerketa-talde operatiboak sortuko dira, eta etxeek beharrezko aginte-egitura edukiko dute; hori guztia, herritarren arreta eta zentro bakoitzeko unitateak mantentzeko konpromisoari eutsita, beren egungo kokapenean eta eguneko 24 orduetan. Gainera, berritasun gisa, atxiloketa-zentro bakarra egongo da Zarautzen.

Azkoitia eta Zarautzeko ertzain-etxeen kudeaketa partekatuko proiektua ezartzen, probatzen eta etengabe aztertzen daude oraindik. Ekainaren 18an, Ertzaintzaren Kontseiluan aurkeztu zuten, eta, ondoren, barne hartuko dituen herrietako alkateekin bilera bat egin zuten Zarautzeko udaletxean, proiektua xehetasunez azaltzeko, alkateon zalantzak argitzeko eta iradokizunak aintzat hartzeko helburuarekin.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2013.eko irailak 21

    Comentario de Twitter:
    Mayor capacidad de respuesta inmediata, creación de grupos de investigación y el incremento de las korrikas son... http://t.co/otc3EyR3qZ

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)