Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Lehendakaria: «Euskadiren etorkizun berria adosteko obligazioa dugu»

2013.eko irailak 19

Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi du «herrialde-akordioen garai bat» etor litekeela. Urkulluk adierazi du herrialdeak «behar duela eta eskatzen ari dela»; eta horregatik egin du «politika izaera eraikizalez egiteko» deia: «Herri honentzat etorkizun ekonomiko berri bat eraiki, sortu eta jasotzeko» deia, izan ere. Bere gobernuaren lehentasuna suspertze ekonomikoa dela adierazi du Urkulluk, eta aurtengo urte politikoan, enpresen finantzaketa eta enplegua sortzea xede hartuta, Jaurlaritzak egingo dituen zenbait ekimen zehatu ditu. Hitzaldian, azpimarratu du Euskadin Bakearen eta Elkarbizitzaren alde lan egiteko beharra, ETAren indarkeria gaindituta. Euskadirentzako estatus politiko eta juridiko berria ere aipatu du bere hitzaldian: «etorkizun politiko partekatu berri bat eraiki behar dugu», esan du Urkulluk.

Eusko Legebiltzarrean izan da Iñigo Urkullu lehendakaria, Gobernua kontrolatzeko saioan. Jaurlaritzako kideek babestuta eta 75 legebiltzarkideen aurrean esan du Urkulluk hitzaldia. Hiru multzo handitan antolatuta azaldu ditu Lehendakariak bere hitzak: hasteko, egungo egoeraren zirriborro bat taxutu du; hurrena Jaurlaritzak jarraitutako estrategia azaldu du, eta, amaitzeko, aurtengo urte politikorako Ekintza Plana aurkeztu du.

Urte-amaiera latza datorrela iragarri du Urkulluk, iaz baino 20.000 lanpostu gutxiago izango baitira eta Euskadik hazkunde negatiboa izango baitu. «Jendearen konfiantza geureganatzeko modu bakarra da errealitateari zintzo heltzea», adierazi du Lehendakariak. Urkulluk dio hala heldu diola dagoeneko, «Jaurlaritzak dituen 9.316 milioien % 76 gastu sozialera bideratuta».  Hala, hainbat ekimen aipatu ditu, hala nola: Ekintzaile eta autonomoentzako finantzatze-linea bat, eraikuntzarako Renove Plan bat, 20 milioi euro berrikuntza sustatzeko programa baterako, «Basque Country» estrategia eta abar.

«Euskadi hazi egingo da»
«Euskadi hazi egingo delako» uste osoa du Lehendakariak, «oinarri sendo baten gainean hazi ere». Ekintzaile eta autonomoei mikromaileguak emateko finantza-itun bat iragarri du Urkulluk, bai eta diru-sarrera txikiak dituzten pentsionistei ordainketa bateratuaren ondorioak leuntzeko dekretu bat ere. Horrez gain, «Ertzaintza kalean» plana abiaraziko da, hiru osasun-zentro berri zabalduko dira, LANBIDE berregituratuko da… Horra Eusko Jaurlaritzak aurten egiteko dituen ekimenak.  Industriaren finantzaketa eta laguntza nabarmendu du Urkuuluk, bereziki lau sektoreri dagokienez: automobilgintza, hegazkingintza, energia eta ekipamendu-ondasunetan.

Adostasunerako deia

Joan den astean EAJren eta PSE-EE-PSOEren artean egindako itun ekonomiko berria goraipatu du Urkulluk. Izan ere, gainerako euskal erakundeetara zabaldu asmo du itun hori, Euskadi egonkortzearren.  Ituna irekia da eta gainerako indar politikoek bat egin lezakete harekin, Urkulluk azaldu duenez. Ildo horretatik, bakea eta elkarbizitzaren alorrean elkarrekin konpontzeko deia luzatu du Lehendakariak. «Euskal gizarteak bakea eta elkarbizitza erdietsi nahi ditu», esan du; hori dela eta «politikoei dagokie eredugarri izatea».  Lehendakariak adierazi du Euskadi «trantsizio politikoko une batean» dagoela eta «erakunde-bilbea eta autogobernua eguneratzearen» alde agertu da. Urkulluk dioenez, Eusko Legebiltzarra da Euskadiren estatus politiko eta juridiko berri bat planteatzeko, negoziatzeko eta erabakitzeko tokia.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)