Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak Ertzaintza berregituratzeko fasea amaituko du, ertzain-etxeetako Herritarren Segurtasunerako Dibisioko agenteen kopurua handitzeko eta Brigada Mugikorra babesteko saila osatzeko

2013.eko irailak 16

Berrantolaketak 700 ertzain ingururi eragin die

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Eusko Legebiltzarrean ezagutarazi zuen Ortzimuga 2016 Ertzaintzaren Plan Estrategikoan bildutako berregituratze faseetako bat asteazkenean amaituko dela.

ETAk jarduera utzi ostean mehatxatuta zeuden pertsonak babesteko beharrak txikitu direnez, Eskolten Babes Unitateak eta Laguntza Unitateak 71 eta 102 agente gutxiago izango dituzte, hurrenez hurren. Agente horiek ertzain-etxeak indartzera eta kaleetara bideratuko dira. Ekainean prestakuntza bukatu zuten 23. promozioko 220 ertzain berriak beren lehen destinora bidaltzearekin batera egin da berrantolaketa. Ortzimuga 2016 Ertzaintzaren Plan Estrategikoaren beste helburu bat brigada mugikorraren eginkizunak eta giza baliabideak handitzea da.

Horregatik, brigada hori babesteko saila sortu dute beste 188 ertzainekin, espezializazio ikastaro bat abiarazi dute eta Laguntzarako Brigada desagerrarazi dute. Azken neurri horrek 700 ertzain ingururi eragin die. Neurri horiekin guztiekin Segurtasun Sailak Ertzaintzaren barne berrantolaketaren lehen fasea amaituko du.

Hurrengo hiletan, sailburuak Legebiltzarrean azaldu zituen beste aldaketa batzuk egingo dituzte, adibidez, dibisio kopurua txikitzea.

«Berrantolaketaren xedea segurtasun alorreko egungo beharretara egokitzea da. Ertzaintzaren egitura egokitzea beharrezko da, garai berri honetako erronkei aurre egiteko eta Ortzimuga 2016 Ertzaintzaren Plan Estrategikoko xedeak betetzeko, hain zuzen: herritarren segurtasuna sustatzeko, ikerketa eta informazioa bultzatzeko eta ertzain-etxeen funtzioak indartzen dituen kudeaketa modelo berriari ekiteko», azaldu du Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau