Berriak
Eu

Kontsumobidek, Kontsumoko Euskal Institutuak, 2013-2013 ikasturterako kontsumoko prestakuntza-programa berriak aurkeztu ditu

2013.eko irailak 16

Kontsumobidek, Kontsumoko Euskal Institutuak, 60.000 pertsona inguru trebatu nahi ditu aurtengo ikasturtean.

Kontsumobideko prestakuntza- eta informazio-zentroetan, ikastetxeetan eta adinekoen zentroetan egingo dira prestakuntzako ekintzak.

 

Kontsumobidek, Kontsumoko Euskal Institutuak, 2013-2014 ikasturterako antolatu dituen kontsumoko prestakuntza-jarduerak aurkeztu ditu; 60.000 pertsona inguruk parte hartzea aurreikusi du.

Prestakuntza-jarduna garatzeko hiru programa ditu Kontsumobidek; haien jarduerak doan eskaintzen dira bere prestakuntza-zentroetan –Gasteiz, Bilbo eta Donostian– zein Euskadiko Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan edota adinekoen zentroetan.

Prestakuntza-programen helburua herritarrak kontsumitzaile gisa dituzten eskubide eta betebeharren alorrean informatzea, kontzientziatzea eta heztea da, produktuak eta zerbitzuak modu kritikoan, kontzientean eta arduratsuan kontsumi ditzaten.

 

Kontsumobideko prestakuntza- eta informazio-zentroak

Kontsumobideko prestakuntza-zentroetan, aurten, 2.000 tailer baino gehiago emango dituzte; 44 gai landuko dituzte haietan, 9 arlotan taldekatuta: publizitatea; etiketatzea; erosketak eta zerbitzuak; jasangarritasuna; kontsumitzaileen eskubideak eta betebeharrak; segurtasuna; teknologia berriak; finantza-zerbitzuak, eta elikadura.

Herritarrei oro har eskainitako tailerrez gain, prestakuntza-paketeak, hezkuntza-premia berezietara egokitutako tailerrak eta familia-tailerrak ere eskaintzen dira.

Halaber, kontsumo-maratoiak ere antolatuko dira (horrelakoetan, hainbat gai sakonago landuko dituzte egun osoan), eta proiektu espezifikoetara egokitutako prestakuntzak (hala nola Eskolako Agenda 21, Herritartasunerako Hezkuntza eta Begirunez kontsumitzea).

Prestakuntza-programa hori herritar guztientzat da oro har eta, bereziki, hainbat talderentzat (Bigarren Hezkuntzako 2. zikloko ikasleak, batxilergokoak, helduen hezkuntzarako zentroak, prestakuntza-zikloak, hezitzaileak, elkarteak...). Besteak beste, kontsumitzaileen hezkuntza ikastetxeetan dinamizatzea du helburutzat, baita hainbat talde eta elkarteri kontsumoarekin lotutako prestakuntza-jarduerak egin ditzaten erraztea eta kontsumoko gaien tratamenduan teknologia berrien erabilera bultzatzea ere.

Urte osoan zehar izena eman daiteke programa honetan eskainitako jardueretan.

Lotura:

 

Prestakuntza ikastetxeetan

Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Lehen Zikloko ikastetxeetarako programa berezi bat prestatu du Kontsumobidek; ikastetxeetan beraietan garatzen diren hainbat jarduera ditu, eta ikasleei zein irakasleei edo gurasoei zuzenduta dago.

Hiru lurralde historikoetan modu ibiltarian eskainitako prestakuntza horrek hainbat helburu ditu; batetik, ikasleei kontsumo kritiko eta arduratsua egin dezaten elementuak ematea eta, bestetik, kontsumoaren ondoriozko egoera jakin batzuen aurrean erabakiak har ditzaten erraztea.

Hartarako, hainbat tailer eskainiko dira, eta haietan kontsumoari buruzko 35 gai landuko dira, hezkuntza-ziklo bakoitzeko ikasleei orientatu eta egokiturik. Irakasleei, berriz, kontsumoko orientazio pedagogikoa eskaintzen zaie, baita material didaktiko osagarria ere, ikasgelan lan dezaten.

Azkenik, gurasoei askotariko gaiak dituzten tailerrak ematea ere aurreikusi da, gaur egungo beharrizanei erantzutearren. Besteak beste, –adibide moduan–, tailer hauek: «Publizitatearen analisia», «Adingabeak eta Internet», «Bideojokoak, ba al dakigu zertan jolasten garen?»...

Ia 3.000 tailer egin dira aurreko ikasturtean; 24.500 ikasle inguruk hartu dute parte, dagozkien irakasleekin batera, eta 900 gurasok baino gehiagok.

Programan izena emateko epea irailaren 27ra arte dago zabalik.

Lotura:


Prestakuntza adinekoen zentroetan

Kontsumobidek, bestalde, adinekoen zentroetara zehazki bideratutako programa bat du; hain zuzen, pertsona horiei baliabideak emateko kontsumitzaile kritiko eta arduratsuak izan daitezen eta, horrela, iruzurren biktima izatea saihestearren.

Adinekoen zentroetako prestakuntza-jarduerak astebetez ematen dira. Atal teoriko eta atal praktiko bana dituzte. Landutako edukien osagarri praktikak egiten dituzte lantegietan, eta ekoizpen-zentroak eta enpresak bisitatzen dituzte.

Azken deialdian 3.323 lagunek hartu dute; hauek izan dira gehien eskaturiko gaiak: «Elikadura eta nutrizioa», «Medikazioa eta automedikazioa» eta «Adinekoen segurtasuna»; datorren deialdian ere eskainiko dira gai horiek.

Programan izena emateko epea ez da zabaldu oraindik. 2013ko azaroaren 4an zabaltzea dago aurreikusita.

 

Informazio gehiago dago eskuragarri Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuaren webgunean: www.kontsumobide.net

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau