Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Ikasleentzako diru-laguntza zuzenak berreskuratuta hasiko da 2013/14 ikasturtea euskaltegietan

2013.eko irailak 13

 

  • 700.000 euro bideratu ditu Eusko Jaurlaritzak euskaltegietako ikasleen bekatarako

Bernado Atxagak eman dio hasiera "Kortxoa eta aingura" hitzaldiarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegi sarearen 2013/214 ikasturteri, Gasteizko Goiuri jauregiko Martin de Salinas aretoa entzulez gainezka zeukala.  Aurrez ordea, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Joseba Erkizia HABEko zuzendariak hastera doan ikasturterako berrikuntzak eta amaitu denaren datuak ezagutarazi dituzte prentsaurrekoan, euskaltegi publiko nahiz pribatuetako ordezkariak lagun zituztela.

Albiste pozgarriarekin hasiko da 2013/14 ikasturtea Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegi sareko ikasleentzat. Urte batez bertan behera utzita egon ondoren, euskara ikasleei diru-laguntza zuzenak ematen dizkien deialdia berreskuratu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak, horretarako 700.000 euro ipinita. 2012/13 ikasturtean euskaltegi publiko nahiz pribaturen batean ikasle izan direnei zuzendutako diru-laguntzak izango dira, zehatzago esanda, 2012ko bigarren deialdian edo 2013ko lehenengoan agiria ateratzeko azterketara aurkeztu eta gainditu duten ikasleei zuzenduak. Baldintza hori bete eta laguntza eskatzeko interesik duten ikasleek irailaren 4tik urriaren 3ra arte dute zabalik  eskaera egiteko epea.

Ikasleentzako laguntza zuzenak berreskuratzeaz gain, Euskaltegien finantziaziorako diru-laguntzak ere oso-osorik mantendu ditu aurten Eusko Jaurlaritzak, 30.372.000 euro orotara. Horietatik 18.890.000 euro euskaltegi pribatu homologatuentzat izango dira, eta gainerako 11.482.000 euroak berriz, udal euskaltegientzat. Euskara eskolak ematen dituzten Euskal Etxeentzat aldiz, 200.000 euro daude ikasturte honetan.

32.330 ikasle aurreko ikasturtean

Ikasturte berria hastera doala, 2012/13 ikasturteri dagozkion datuak eman ditu ezagutzera Joseba Erkizia HABEko zuzendariak. 2012/13 ikasturtean 32.330 pertsona aritu dira euskaltegietan euskara ikasten, guztira 1.344 irakaslerekin, HABEren sare homologatuan dauden 106 euskaltegietan. Ikasleen %16 Araban aritu dira, %29 Gipuzkoan eta %55 Bizkaian. Ikasleen %67,4 emakumezkoak dira, eta %32,6 gizonezkoak. 32.330 ikasle horietatik %27,9 langabeak izan dira.

Ikasleen batez besteko adina, berriz, 38 urte izan da. Ikasleen %55, erdia baino gehixeago, 25-45 urte bitartekoak izan dira. Bost urtetako segmentutan, 36-40 adin tartea da ugariena. Azkenik, 2012/13 ikasturtean HABEren agiri ofizialen bat eskuratu dutenak 5.337 dira.

Euskaltegi sarearen ikasturte hasierako aurkezpenean, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak iragarpen bat egin bahi izan du. HABEk eta Eusko Jaurlaritzak, legealdi honetan, euskaldun berriari merezi duen aitortza eta omenaldia egiteko ekimen berezi eta esanguratsu bat burutzeko asmoa dutela, alegia.

 

Gasteizen, 2013ko irailaren 13an

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
    2013.eko irailak 17

    Raimundo adiskidea (eta interesik izan dezakeen beste edonor),

    Bernardo Atxagaren "Kortxoa eta aingura" hitzaldia, euskaltegien ikasturte hasierako ekitaldian eman zuena, oso-osorik dago ikusgai www.habe.org web guneko ikasbil atarian. Hona hemen esteka:

    http://www.ikasbil.net/web/ikasbil/home

    Mila esker.

  • Autokanporatutako erabiltzailea
    2013.eko irailak 16

    Kortxoa eta aingura Atxagaren testua eskuratzeko NON?

  • @lanbideejgv
    2013.eko irailak 13

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Ikasleentzako diru-laguntza zuzenak berreskuratuta hasiko da 2013/14 ikasturtea euskaltegietan. http://t.co/kTGa8ffNgn

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Joseba Erkizia, HABEko zuzendaria