Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

EAEko itsas bazterreko udalak presente dira itsasertza babesteko eta jasangarri erabiltzeko, eta uztailaren 28ko kostaldeen 22/1988 legea aldatzeko maiatzaren 29ko 2/2013 lege berriari buruzko jardunaldietan

2013.eko irailak 12

 

 

• LHIEE- Lurralde eta Hiri-Ikasketetarako Euskal Eskolak (EVETU-Escuela Vasca de Estudios Territoriales y Urbanos) antolatu ditu
• Donostian izango dira

Eusko Jaurlaritzako Lurralde-antolamendu, Lurzoru eta Hirigintza zuzendari Elena Lete pozik azaldu da EAEko kostako udalerriek, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru-aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera, interesa erakutsi eta parte hartu dutelako itsasertza babesteko eta jasangarri erabiltzeko, eta uztailaren 28ko kostaldeen 22/1988 legea aldatzeko maiatzaren 29ko 2/2013 lege berriari buruzko jardunaldietan.


Donostiako Amara Plaza hotelean izango dira jardunaldiak, eta datorren larunbatera arte luzatuko dira. Itsasertzaren eta itsasoaren jasangarritasuneko zuzendari Pablo Saavedrak adierazi duenez, «beharrezkoa zen 1988ko kosta-lege zaharra aldatzea, lurjabeei nolabaiteko segurtasun juridikorik eza eragiten baitzien eta auzi ugari biderarazi baitzuen Europako epaitegietara».
Bestalde, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Zuzenbide Administratiboko irakasle titular eta hainbat artikuluren -hala nola Ordenación urbanística del litoral y de los puertos de interés general- autore Jorge Agudo Gonzalezek adierazi duenez, «lege berriak ez ditu arazoak konpontzen eta hirigintzaren alorrean eskumenak dituzten administrazioen eskubidea urratu lezake». Lege berrian Formenteraren eta 13 udalerriren kasuan zortasun-eremuetan lasaitu diren debekuak auzitan jarri ditu Agudok.
«Itsasertza babesteko eta jasangarri erabiltzeko, eta uztailaren 28ko kostaldeen 22/1988 legea aldatzeko maiatzaren 29ko 2/2013 legea (2013ko maiatzaren 30eko 129. EAO) eta itsasertzari eta itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoari eragiten dioten aldaketa berriak sakon ezagutzeko balio izango digute jardunaldiek, eta legea aplikatzeak estatuaren, autonomia erkidegoen eta EAEko lurraldean izan litzakeen ondorioak ebaluatuko dira bertan» adierazi du Eusko Jaurlaritzako Lurralde-antolamendu, Lurzoru eta Hirigintza zuzendari Elena Letek.

Administrazioaren emakidak
HAEEaren zuzendari Maite Iruretagoienak zuzentzen du topaketa, eta gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritzako Portu Azpiegituretako zuzendari Almudena Ruiz de Angulok Vigoko Unibertsitateko Zuzenbide Administratiboko irakasle titular Rafael Fernandez Acevedoren hitzaldiaren aurkezpena egingo du: El dominio público marítimo terrestre y las concesiones administrativas. 17:30ean, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Zuzenbide Administratiboko Katedradun Francisco Javier Jiménez de Cisneros Puertos y ley de costas gaiari buruz mintzatuko da.
Bihar, ostirala, 9:30ean, Juan Maria Arrue abokatuak eta EHUko Zuzenbide Administratiboko irakasle Maite Iribarrenek Ley de costas y urbanismo. Especial referencia al País Vasco gaia jorratuko dute. 11:30ean, Angel Menendez Rexachek (Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Zuzenbide Administratiboko Katedraduna da) La Delimitación del dominio público marítimo terrestre. Regímenes de protección y derechos adquiridos izeneko hitzaldia eskainiko du.
Halaber izango dira jardunaldietan Iñigo Lazcano (EHUko Zuzenbide Administratiboko irakaslea), Idoia Garay (Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean), David Rebollo (Donostiako Udaleko Hirigintza Zuzendaria) eta Mikel Ocio (Bilboko Udaleko Hirigintza Zuzendaria).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)