Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Txingudiko natura-guneen ezagutzarako instalazio publikoen Txinbadia proiektua aurkeztu du Hendaian

2013.eko irailak 12

• Euskadiren eta Akitaniaren arteko ingurumen-lankidetza
• Baseak hauek izango dira: Txingudi Ekoetxea (Eusko Jaurlaritza), eta Larretxea, Nekatoenea eta Asporotsttipi (Kontseilu Nagusia, Kostaldearen Kontserbazioa eta CPIE Euskal Kostaldea).
• INTERREG proiektua, 2,7 milioi euroko aurrekontuarekin, eta FEDER Eskualde Garapenerako Europako Funtsak finantzatuta.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Biodibertsitateko zuzendari Amaia Barredoren iritziz, Bidasoako Txinbadia proiektuak "hobekuntza oso handia ekarri die Txingudiko badian dauden natura-guneekin lotutako erabilera publikoko instalazioei, eta, hari esker, ingurumen-hobekuntzak egin ahal izan dira Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak kontserbatzen laguntzeko". Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzaren Biodibertsitateko zuzendaria:

Hendaian aurkeztu dute proiektua, eta Barredorekin batera hauek ere hartu dute parte: Littoral Basque CPIE Ingurumenerako Ekimenen Zentro Iraunkorreko presidente Georfes Lafeuk, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko Ingurumen Zuzendaritzako Natura Gune Sentikorren eta Biodibertsitatearen arduradun François Esnaultek eta Itsasertzaren Kontserbatorioko Akitaniako erriberen ordezkari Guillemette Rollandek.

Asporotsttipi baserri zaharra zaharberritzen ari direla azaldu dute Bidasoaren bi aldeetako euskal administrazioetako ingurumen-arduradunek, ondoren Lapurdiko Euskal Itsas Hegiko argibide-etxea bertan ezartzeko; halaber, Txingudi Ekoetxea zentroko erakusketaren edukiak ere berritu dituzte. "Ingurumen-hobekuntzaren arloan eko-artzaintzarekin lotutako esperientzia bat abiarazi dute Txingudin proba moduan 2013ko hasieratik, eta urtea amaitu aurretik hainbat putzu ere egokituko dira anfibioen populazioa laguntzearren".

Amaia Barredoren arabera, "TXINBADIA proiektuak lanerako sare bat sortu nahi du bi auzo lurralderen artean: Txingudiko Paduren (Gipuzkoa) eta Abbadia domeinua-Euskal Itsas Hegiaren artean (Lapurdi). Itsasertzeko ingurune natural horien kudeaketa eta erabilera publikoa dira gaia, eta lau ekipamendu edukiko ditu, denak ere leku horietan kokaturik, informazioa emateko eta jendea ingurumenaren arloan hezteko (inguru horietako batzuk Natura 2000 sarearen barruan daude).

Ekimen hori 2011.az geroztik da abian, eta lau zentro hauetan garatzen da: Txingudi Ekoetxea (Eusko Jaurlaritza), eta Larretxea, Nekatoenea, eta Asporotsttipi (Kontseilu Orokorra, Itsasertzaren Kontserbatorioa eta CPIE Littoral Basque). Hori dela-eta, bi lurraldeon arteko harremanak are eta gehiago sendotu dira (historikoki beti izan baitira harremanean), eta inguru naturalak kudeatzeko eta beren balioa emateko beste lan-ildo batzuk elkarrekin jorratzeko aukera izan dute.

INTERREG proiektu bat da, Espainia - Frantzia - Andorra Lankidetza Programa Operatibo barruan dago (POCTEFA), guztira 2,7 milioi euroko aurrekontua du, eta Lurralde Garapenerako Europako Funtsak kofinantzaturik dago (FEDER). Eusko Jaurlaritzak egiten ditu "taldeburu-lanak" eta koordinatzaile-beharrak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren bitartez, baina badira beste hiru partaide ere: Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusia, Itsasertzaren Kontserbatorioak eta CPIE Littorel Basque.

2013ko irailaren 12an, TXINBADIAko II. Lankidetza Batzordea izango dugu. Urtean behin batzen da, eta, bertan, politikariak eta teknikariak elkartzen dira, gauzak eguneratu, proiektuari begiratu bat eman ea zenbateraino exekutatu den, eta aurrera egiteko hartu beharreko erabakiak hartzeko. Teknikoki, gaur egun, proiektua % 70ean dago exekutaturik.

Gaur arte, proiektuan parte hartzen duten guztiek esan dute lankidetza-saio polita eta emankorra dela. Interesgarriak dira, batez ere, esperientzia-trukaketa eta lurralde, inguru natural eta lan-talde bakoitzak bestea hobeto ezaguntzako izaten duen aukera. Orain arte 3 trukaketa-jardunaldi egin dituzte (Marais d'Orx, Plaiaundi eta Jaitzubia, eta Domaine d'Abbadia), eta urrian bertan beste bat egitekoak dira. Urriko horretan, Urdaibai ezagutzera joango dira.

Baina ez hori bakarrik. TXINBADIAri esker, inguru natural horietako erabilera publikoko instalazioak hobetzeko aukera ari gara izaten, eta ingurumena hobetzeko hainbat gauza egin ahal izan dugu, Erkidegorako interesgarriak diren habitatak eta espezieak zaintzea erraztearren. Adibide bat: gaur egun, Asporotsttipi baserri zaharra berritzen eta atontzen ari gara (aurrerago duzue informazio gehiago), Euskal Itsas Hegiko argibide-etxea kokatzeko; eta Txingudi Ekoetxen erakusten ditugun edukiak berritzeko lanean ere ari gara. Eta ingurumena hobetzeko ahaleginak direla-eta, berriz, 2013az geroztik, eco-artzaintza saiakera bat egiten ari gara, proba moduan, Txingudin; eta hemendik eta urte amaierara, hainbat putzu egiteko asmoa daukagu, anfibioen poblazioari laguntzearren.

Proiektuaren beste zeregin garrantzitsu bat hainbat jarduera-programa dinamizatzen laguntzea da. Jende asko eta askotarikorentzat izango dira programok, baina, adibide bat jartzearren, aipa dezagun Hezeguneen Munduko Eguna: 2013ko edizioan 200 lagunek baino gehiagok parte hartu zuen, eta hainbeste jarduera gauzatu zuten, adibidez, Espezie Exotikoak eta Inbaditzaileak Hezeguneetan Kudeatzen jakiteko jardunaldi teknikoa, non mugaz alde bietako hizlariak izan baitziren. Eta badira beste programa batzuk ere, hala nola, Invitation aux Rivales, egoitza artistikoa eta beste jarduera puntual batzuk, esate baterako, "saguzar-gaua", edo ingurumenarekin zerikusia duten egun seinalatuen ospakizunak (Hegaztien Eguna, Ingurumenaren Eguna, Uraren Eguna, Biodibertsitatearena...).

Komunikazioaren arloan ere hainbat eta hainbat material sortu da. Eta komunikazioa, guretzat, ez da, soilik, informazio-bide bat, tresna bat ere bada, jendea ingurumenaz jabetzeko eta hezteko. Horrela bada, hortxe ditugu web-a, Facebook eremua, panelak, minigidak, gaikako liburuxkak... TXINBADIA, gainera, bazkideetako bakoitzaren buletinen barruan agertzen da (Txingudiko Paduren Albistegia, Atalaia, eta Itsasertzaren Kontserbatorioaren buletina). Argitaratu dugun azken liburuxka lurraldea eta proiektua aurkezteko egindakoa da, erabilitako ilustrazioa aukeratzeko, gure lurraldearen ezaugarri eta balio nagusiak erakustea izan genuen kontuan. Momentu honetan, hortxe gabiltza, ea denon artean beste lan bat argitaratzen dugun, Txingudikoa bezalako estuarioetako dinamika eta balioa azaltzeko; eta, 2014an bideo bat ateratzekotan gara, gure lurraldea aurkezteko.

Justu Batzordea biltzekoa den honetan eta prentsaurreko hau ematen ari garen honetan, bada gure proiektua garatzeko beste gauza garrantzitsu bat ere, derrigor aipatu beharrekoa, hau da, beste 12 hilabeteko luzapena eskatu dugula, hasitakoa amaitzeko.

Proiektua 2010eko abenduan abiatu zen, eta, hasiera hartan, datorren abenduan amaitzekoa zen, baina luzatu beharra dago, Asporotsttipi egokitzen amaitzeko eta etorkizuneko Euskal Itsas Hegiko argibide-etxeko edukiak garatzeko. Eta luzapen horren ordainetan-edo, bazkideek aurreikusi dute jarraituko dutela dinamizazio-lanak eta komunikazio-lanak egiten eta esperientziak trukatzen, TXINBADIA marka mantenduta.

Asporotsttipi

Asporotsttipi baserria, garai batean, diskoteka modura erabili izan zen, baina, azkenean, dagoen lurraldearekin zerikusia duen zerbaitetarako erabiliko da.
Sailak, Itsasertzaren Kontserbatorioak, Hendaiako Udalak eta Euskal Itsasbazterreko Ingurumenaren Aldeko Ekimen Zentro Iraunkorrak (CPIE-k) erabaki dute harrera- eta argibide-etxe bat egitea eraikin horretan, Abbadia domeinurako eta Euskal Itsas Hegirako, eta Txingudiko ingurune naturalekin loturik.

Horrexegatik, hain zuzen, proiektu hori ere TXINBADIA barruko ekintzetako bat zango da, eta, aurrerantzean, proiektuak eusgarri dituen lau ingurumen-heziketako zentroetako bat izango da, beste hiruretan egiten den lanaren osagarri: Larretxea (baliabideetarako eta agirietarako zentroa), Nekatoenea (jarduera pedagogikoak eta artisten egoitza) eta Txingudi ekoetxea (Txingudiko Paduretako argibide- eta harrera-etxea).

Etxeko ateak edonorentzat egongo dira zabalik: Itsas ertzeko bide ondoan dago, Hendaia eta Urruña artean, eta badu bide bat Loiako behatokiraino doana; bada, bide hori ezinduentzako moduan egokitzeko asmoa dago.

Era berean, etxe barruan ere hainbat egokitzapen-lan egingo da, edonor joan ahal izan dadin; erakusketako gauzak ere edonor iristeko moduan jarriko dira, eta hiru aparkaleku ezinduentzat gordeta utziko dira.

Sarrera doakoa izango da. Ekipamendua ere edonorentzako modukoa izango da, bai bertakoentzat bai turistentzat. Espazio hauek izango ditu: erakusketa bat, itsasertzeko inguru honetako ezaugarriei buruzkoa; erakustareto bat, gure lurraldearekin zerikusia duten aldi baterako erakusketetarako eta beste areto moldagarri bat, proiekzioetarako eta hitzaldietarako.

Lanak irailaren erdi aldera hasiko dira, eta urtebetez iraungo dute. Hasteko, makalak eta antzeko espezieak kendu, eta bertako beste batzuk landatuko dira (haritzak, gaztainak, lizarrak, sagarrak...). Asmoa edo nahia da Asporotsttipi berria itsas hegiko jairako zabaltzea, 2014ko irailerako.

Diru-jartzea honela banatuko da: Kontseilu Orokorrak (388.856€); Kontserbatorioak (192.180 €); Akitaniako eskualdeak (457.500 €) eta TXINBADIAk (FEDER-ek) (676.149 €); guztira, 1,7 milio €.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau