Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Amaitzear da atzerrian lan-zentroak dituzten enpresek Eusko jaurlaritzaren laguntzak lortzeko epea

2013.eko irailak 12

Datorren irailaren 30ean amaituko da Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak atzerrian lan-zentroak dituzten enpresei emakume langabetuak kontratatzeagatik ematen dizkien laguntzen eskaerak onartzeko epea.

Bigarren urtez jarraian Lanbide kudeatzen ari den programaren aurrekontuko diru-zuzkidura 4,42 milioi eurokoa da, ia aurreko ekitaldikoaren halako bi (2,59 milioi). Programa bera Jaurlaritzak euskal enpresa-ehuna laguntzeko hartutako neurrietako bat da. Kasu honetan, laguntzak batez ere nazioartekotzeko ahalegin handia egiten ari diren eta, gainera, beste sektore batzuen jarduna bultzatzen duten enpresetara (sektore aeronautikoa, automozioa edo ingeniaritzak) bideratzen dira.

Era berean, krisi ekonomikoa gazteak gogor zigortzen ari den honetan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzak gizarte-talde honek lan-etorkizun hobea lortzeko aukera dira.

Bereziki, laguntzen xedea Lanbideren bulegoetan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda duten 34 urtetik beherako langabeak kontratatzea da, unibertsitateko titulu bat, goi- edo erdi-mailako lanbide-heziketako titulua, horien baliokide den bestelako titulu ofizial bat edo profesionaltasun-ziurtagiri bat badute. Halaber, hautagaiek lana behar bezala gauzatzeko enpresek eskatzen dituzten hizkuntza-gaitasuna izan beharko dute.

Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak jaso nahi dituzten enpresa pribatuek edo publiko-pribatuek EAEn egoitza, helbide fiskala edo lantoki bat izan beharko dute, eta atzerrian lantokiak, partaidetutako enpresak edo talde bereko enpresak. Halaber, kontratazio berriaren ondorioz, lanpostu horretaz arduratzen zen langilerik kaleratu ez dutela egiaztatu beharko dute.

Kontratuaren gutxieneko iraupena hamabi hilabetekoa izango da, eta jardunaldi osokoa. Kontratatutako pertsonak Estatutik kanpoko lantokietan arituko dira lanean, eta gutxienez bederatzi hilabeteko egonaldia bermatuko zaie.

Soldata eta gizarte segurtasuneko kostuak ez ezik, langilea atzerrian dagoen bitartean, enpresak hilero ostatu eta mantenu dieta gisa emango dizkion 350 euroak –enpresaren hitzarmen kolektiboan ezarritako zenbatekoa alde batera utzita– ere diruz lagunduko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)