Berriak Osasuna
Eu

Pakea Bizkaiak itsasoa eta haren biodibertsitatea gerturatu dizkie Donostia Unibertsitate Ospitalean dauden umeei

2013.eko irailak 11

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek eta Pakea Bizkaiaren zuzendari Unai Basurkok parte hartu dute ospitaleratutako umeen eguna alaitzea helburu zuen jarduera horretan. Basurto, Gurutzeta eta HUA Txagorritxuko ospitaleak ere bisitatuko ditu Pakea Bizkaia izeneko gizarte eta hezkuntza alorreko proiektuak.


Asteazkena, 2013ko irailaren 11 - Pakea Bizkaia gizarte eta hezkuntza alorreko proiektua Donostia Unibertsitate Ospitalean izan da asteazken honetan, bertan dauden 25 umeri itsas biodibertsitatea, kutsadura eta belako nabigazioa gerturatzeko, besteak beste. Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpón eta Pakea Bizkaiaren zuzendari Unai Basurko izan dira jarduera aurkezteko ekitaldian. Basurto, Gurutzeta eta Gasteizko ospitaleetan ere egingo da ekimen hori datozen asteetan.

Aurkezpenean, sailburuak Unai Basurko eta lantalde osoa eskertu ditu proiektua Osakidetzako ospitaleetara eramateko ekimenagatik; izan ere, adierazi duenaren arabera «era horretako jarduerak antolatuta, une on bat igarotzea eta kezketatik aldentzea posible egiten du. Halaber, tratu are hurbil eta gizatiarrago bat emateko aukera ere ematen digu, eta horixe da gure helburuetako bat, sendatzeaz gainera».

Unai Basurkok, bestalde, Pakea Bizkaia proiektuari emandako 2012ko Kirol Proiektu Onenaren saria jaso zuen larunbatean (irailak 7) Terras Gauda Belako Sari Nazionaletan. Saria jasotzeko ekitaldian, hauxe adierazi zuen: «Poz handia da niretzat itsasoa eta Pakea Bizkaia ospitaleetara hurbiltzea; izan ere, erietxean dauden umeei egun ezberdina eskaintzea lortzen baitugu».

Pakea Bizkaiaren Hezkuntzako koordinatzaile Andrea Ruizek azaldutako abenturak eta bidaiak interes handiz entzun dituzte gazteek. Euskal belaontziak Antartikara egindako azken espedizioaren bideo didaktikoa ikusi du koordinatzaileak umeekin batera.

Pakea Bizkaia belaontziaren hirugarren ibilaldia izan da; lehengoan Ipar Lurmuturrera abiatu zen (2010) eta bigarrenean, berriz, Groenlandia-Ternuara (2011). Pakea Bizkaia belaontziko patroiak sinatutako argazki bat jaso dute umeek, baita gizarte eta hezkuntza alorreko proiektuaren bi dokumentalak ere: Pakea Bizkaia. Lehiaketetatik hezkuntzara eta Pakea Bizkaia. Groenlandia-Ternua espedizioa.

Proiektua 2010ean abiarazi zutenetik, 22.000 gaztek eta elkarteetako kide baino gehiagok ezagutu dute bertatik bertara Pakea Bizkaia. Jarduera horren bidez, proiektuak bere abenturak, bidaiak eta ingurumen arloko kontzientziazio-mezua helarazi dizkie ospitaleraturik dauden eta egoitzara joaterik ez duten umeei.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Unai Basurko, Director del Pakea Bizkaia