Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Berrehun euskal enpresa baino gehiago interesatu dira Eusko Jaurlaritzaren ingurumeneko diru-laguntzetan

2013.eko irailak 11

• Laguntzak modu telematikoen bitartez soilik eskatu ahal izango dira, urriaren 2a baino lehen

Ia 200 euskal enpresak parte hartu dute Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak antolatutako jardunaldian, honako helburuarekin: ekitaldi honetako ingurumeneko diru-laguntzak eskatzeko betebeharrak argitzea. Jaurlaritzak guztira 1,3 milioi euro bideratu ditu laguntza hauetara, eta eskaerak urriaren 2a baino lehen egin beharko dira.

Josean Galerak, Ingurumeneko sailburuak, Sailburuordetzaren antolaketa-sistema berria azaldu du. Bertan, erabakiak hartzeko zuzendaritza-talde bat sortu dute, baita ezarritako egitekoak eta proiektuak garatzeko eta betearazteko eredu transbertsal bat ere. Guztia ere "Ingurumen Sail bakarra" kontzeptua oinarri hartuta. Bertan biltzen dira Ingurumen Administrazioko Zuzendaritza, Naturaren Ingurunea eta Ingurumen Plangintzako Zuzendaritza, Ihobe sozietate publikoa eta URA ur-agentzia.

Galerak azaldu duenez, "administrazio eraginkorragoa, eskuragarriagoa eta gardenagoa lortzeko", sailburuordetzak sektore pribatuarekin orpoz orpo lanean jardungo du, eragiten dieten Gobernu Programaren helburuak guztien artean adostuta lortzeko. Era berean, azaldu zuen ingurumen-kontzeptua ez dela galga bezala ulertu behar, baizik eta ezinbesteko aldebiko lankidetza bezala.

Ingurumeneko sailburuordeak Saila lantzen ari den ingurumen-helburuak azaldu ditu, bai eta horiek betetzen laguntzeko proiektu garrantzitsuenak errepasatu ere. Horien artean, hauek dira nabarmentzekoak: EAEko Hondakinen Plana, IV. Ingurumen Esparru Programa, Ingurumen Legearen aurreproiektua, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko legea aldatzea, Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan programa, EMAS kudeaketa-sistemaren aldeko apustua eta Ikuskaritza Plana. Proiektu horiek guztiek legegintzaldi honetarako Gobernu Programaren 26 ekimenak garatzen lagunduko dute.

Diru-laguntzak jaso ditzaketen proiektuak

Ingurumen Administrazioko zuzendari Alejandra Iturriozek diru-laguntzen Agindua azaldu zien enpresei; haren arabera, "1,3 milioi euro bideratuko dira inbertsioak egiteko. Inbertsio horien bidez, enpresa onuradunek aplikagarri zaizkien arauak gainditzea ahalbidetuko dien ingurumen-babeseko maila lortuko dute, edo ingurumen-babesa hobetuko dute aplikagarri zaien araurik egon ezean".

Diru-laguntzen Agindua irailean argitaratu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta honako hauek lagunduko ditu diruz: indarrean diren ingurumen-babeseko arauak gainditzeko inbertsioekin zuzenean lotutako ingurumen-azterlanak, eta hirugarrenek sortutako hondakinak kudeatzeko inbertsioak, «puntako teknologia» edo ohiko teknologiak modu berritzailean erabiliz. Gainera, kutsatutako orubeak saneatzeko diru-laguntzak emango dira; betiere, ezin bada jakin zeinek kutsatu duen edo ezin bada behartu kostuak ordaintzera.

Horrez gain, diru-laguntzak emango zaizkie ETEei ingurumen-arloko kanpoko aholkularitza-zerbitzutik eratorritako kanpoko kostuak finantzatzeko. Zehazki, Ingurumen Kudeaketako Europako Sistemaren Erregistroan (EMAS) izena emateko, edo UNE-EN ISO 14.006 Ekodiseinuko Arauaren ziurtagiria lortzeko, ekoetiketak (I. eta III. motakoak) eskuratzeko edo karbono-aztarna egiaztatzeko. Bulegoko jarduerak azken horretatik kanpo geldituko dira.

Esleipen-irizpideak

Hona hemen eskaerak baloratzeko aintzat hartuko diren irizpideetako batzuk: Euskal Autonomia Erkidegoan lanpostu zuzen edo zeharkakorik sortzea sustatzen duen, ekoberritzailea den, zer berrikuntza maila duen -Teknologia Garbien Euskal Zerrendan jasotako teknologiak hartuko dira berritzailetzat, justifikazio gehiagorik gabe- eta ingurumen-kudeaketako sistemen (SGMA) baliozko ziurtagiriak dituen inbertsioa gauzatuko den tokian.

Horrez gain, diru-laguntzaren eskaera ingurumenean eragin handiena duten sektoreen -galdaketa, altzairua, beroko ijezketa, zementua, beira, zeramika, karea, hondakin-kudeaketa, lurrazaleko tratamenduak, beroko galbanizazioa, ore-papera eta sektore kimikoa- instalazioetatik datorren baloratuko da, bai eta inbertsioak indarrean den Ingurumen Esparru Programaren helburuei zer ekarpen egiten dien ere.

Eskaerak

Eskaera guztiak bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dira www.euskadi.net webguneko egoitza elektronikoan. Horretarako, ezinbestekoa izango da eskatutako ziurtagiri digitalak edukitzea, diru-laguntzen eskaerak online izapidetzeko.

 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @geaforestal
    2013.eko irailak 13

    Comentario de Twitter:
    RT @indforma: 200 empresas vascas se interesan en las #subvenciones ambientales del Gobierno Vasco: http://t.co/lL7w3YQKuE

  • @Alesazc
    2013.eko irailak 11

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: 200 empresas vascas se interesan en las subvenciones ambientales del Gobierno Vasco. http://t.co/NF1EVqGtYG

  • @camaradealava
    2013.eko irailak 11

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: 200 empresas vascas se interesan en las subvenciones ambientales del Gobierno Vasco. http://t.co/NF1EVqGtYG

  • @ier_ac
    2013.eko irailak 11

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: 200 empresas vascas se interesan en las subvenciones ambientales del Gobierno Vasco. http://t.co/NF1EVqGtYG

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)