Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak parte-hartze prozesu berri bat ireki du, herritarrek beren iritzia eman eta proposamenak egin ditzaten etxebizitza-politika berriei buruz

2010.eko apirilak 15

Parte-hartze prozesua www.etxebide.info eta Irekia webguneetan gauzatzen da

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak, Etxebizitzako sailburuorde Mª Paz Larrumbidek eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendari Mario Yoldik herritarrek etxebizitza-politiketan parte hartzeko prozesua aurkeztu dute. Prozesua datozen hilabeteetan egingo da, euskal herritarrek etxebizitzaren arloan dituzten iritziak eta proposamenak zein diren jakiteko eta, era horretan, etxebizitza-politika berriak idazten amaitzeko (2010-2013ko Etxebizitzako eta Hiri Berrikuntzako Plan Zuzentzailea zein etxebizitzari buruzko legeria berria).

Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuak adierazi duenez, “publikotasuna kudeatzeko planteamendu berri” honen helburua da “etxebizitza-politika berrietan erantsi dezakegun proposamen maila handi bat bultzatzea, gizartearen aldetik konpromiso eta erantzukidetasun handiagoa ahalbidetuz”. Arriolaren esanetan, “gardentasuna Gobernu Onaren funtsezko elementuetako bat da”; azpimarratu du, halaber, prozesu honetan “parte-hartzea eta gardentasuna” sustatuko direla, zeren gizarte-kolektibo guztiei aukera eskainiko baitzaie beren iritzia emateko, eztabaidatzeko eta beren proposamen propioak planteatzeko; horrekin batera, inkesta, eztabaida eta elkarrizketen emaitzak modu “etengabean” eskainiko dira www.etxebide.info eta www.irekia.euskadi.net webguneetan. “Horren ondorioz, gure asmoa da etxebizitzari buruzko politika berrien erredakzioa bukatzea, bai 2010-2013 garaiko Etxebizitzaren Plan Zuzentzailea eta bai Etxebizitzaren euskal legea”, gaineratu du.

Herritarren parte-hartzea bideratzeko prozesu hau prentsaurreko batean aurkeztu da gaur goizean, SPRIren Bilboko egoitzan.  Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuaz gain, Mª Paz Larrumbide Etxebizitza Sailburuordeak eta Mario Yoldi Etxebizitzako Plangintza eta Prozesu Operatiboen Zuzendariak ere parte hartu dute.

Arriola sailburuak azpimarratu duenez, “guztiz konbentzituta gaude ekintza politikoak herritarren eta gizarte-sarearen parte-hartzea hartu behar duela kontuan ezinbestean, ardatz estrategiko bezala”. Ildo horretatik, Arriolak azaldu du asmoa dela “teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzea” herritarren iritzia ezagutzeko; dena dela –esan du-, Internetera sartzerik ez duten pertsonek ere prozesu horretan parte hartu ahal izango dute “bazterketa egoeran dauden kolektiboekin egingo diren eztabaida-talde presentzialen bitartez, haien arazoak ezagutzeko eta balizko irtenbideak identifikatzeko”.

Herritarren Parte-hartzerako prozesu hau Etxebizitzaren aldeko Gizarte Itunaren tresna osagarria da. Beraren asmoa da, herritarren zuzeneko parte-hartzearen bitartez, Itunean formulatutako ildo estrategikoak kontrastatzea eta gure gizartearen kezka nagusietako bat den gai horren inguruan –etxebizitzaren inguruan- herritarrek dituzten iritziak eta proposamenak ezagutzea. Herritarren parte-hartzerako prozesua Eusko Jaurlaritzak gizartearekin komunikatzeko abiatu duen estrategiaren ondorioa da, estrategia horrek gardentasunaren eta parte-hartzearen aldeko apustua egiten baitu. Izatez, prozesu hori bi fasetan gauzatuko da. Lehenengoa sailaren plataforma propioaren baitan, hots, www.etxebide.info plataformaren baitan, datozen bi hilabeteetan; gero, etenik gabe, herritarren parte-hartzerako Irekia webgune berrian; bertan, modu etengabean “haztatuko da” herritarrek etxebizitzari buruz duten iritzia. Mari Paz Larrumbide Etxebizitza sailburuordeak azaldu duenez, lortu nahi den helburua da “etxebizitza-politikak herritarren benetako beharretara egokitzea gero eta gehiago; horri lotuta, herritarrek ere ekintza politiko  horren erantzukizuna konpartitzea ere lortu nahi da”.

Plataforma irekia

Plataforma berri honen barnean nabigatzeko forma “erraza eta arina” izan dadin diseinatu da. Bost parte-hartze espaziotan dago banatuta, eztabaidarako foroekin, inkestekin eta etxebizitza-sektoreko adituekiko elkarrizketekin. Foroetan planteatzen diren gaiak eta elkarrizketatutako pertsonak irekita daude herritarrek egin nahi dituzten eskari edo iradokizunen aurrean. Herritarrek beren proposamen edo eztabaida-gai propioak sortu ahal izango dituzte, edo elkarrizketak iradoki.

Iruzkin bat
  • @Voota
    2010.eko apirilak 16

    Comentario de Twitter:
    ¡Participa en la política vasca de vivienda! http://bit.ly/bwwyXM #openGov

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola, sailburua