Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariaren arabera, «ezadostasunak alde batera utzi eta bat eginda lan egin behar dugu»

2013.eko irailak 11

Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu duenez, Euskadiko Alderdi Sozialistaren eta Euzko Alderdi Jeltzalearen artean lortutako akordioa «Euskadirentzat onuragarria da». Urkulluk «lankidetza eta elkar-ulertze» eredu bat dela esan du, baita interes propioen aurretik «herrialdearen interesei lehentasuna» ematearen froga ere.  Lehendakariaren hitzetan, bat eginda lan egin behar da, «ekonomia berrindartzearen, lanpostuak sortzearen, gizarte ereduari eustearen eta zerbitzu publikoen kalitatearen alde». Hitzarmen honek Eusko Jaurlaritzari egonkortasun instituzionala ematen dio eta foru aldundietara eta udaletara «zabaltzeko eta osatzeko» asmoa dago, Urkulluk ziurtatu duenez.

Lehendakaria Deustuko Unibertsitatearen ikasturte hasierako ekitaldiko burua izan da. Unibertsitatearen auditoriumean izan da ekitaldia, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua eta José María Guibert errektore aukeratu berria bertan zirela, besteak beste.

Unibertsitateak funtzio garrantzitsua betetzen duela nabarmendu du lehendakariak; «gizartearen zerbitzura dagoen tresna bat da», «herrialdearen motorra», ziurtatu du Urkulluk. Egoera ekonomikoa gorabehera, bere gobernuak hezkuntza lehentasunezkotzat hartzen duela nabarmendu du lehendakariak. Urkulluk aitortu duenez, gazteak dira krisiaren ondorioak gehien pairatzen ari direnak. Horregatik, bere exekutiboa gazte horientzako lana bultzatzera bideratuta dagoela azaldu du lehendakariak. Lehen Aukera programa jarri du martxan, 1,2 milioi euroko inbertsioa eginez, «lan munduan sartzeko lehenengo aukera hori errazteko», Urkulluk ziurtatu duenez.  Gainera, unibertsitatea «aurrerapenerako tresna» bihurtzearen alde egin du lehendakariak; unibertsitatea teknologia eta berrikuntza zentroekin, ekoizpen sektoreekin lotzearen alde.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)