Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregiren aburuz, «albiste ona» da Kallas komisarioak Frantziari eta Espainiari kargu hartu eta Europako abiadura handiko trenbide-sarearen programara egokitu behar dutela esan izana

2013.eko irailak 10

• Bruselaren iritzian, Parisek proposatutako AHTren epeak ez datoz bat Europan zeharreko garraio-sarearen (RTE-E) helburuekin


Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren ustez, albiste ona da Siim Kallas Europako Garraioko komisarioak egindako oharra. Haren iritzian, Frantziako Asanblea Nazionalak agindutako Mugikortasuna 21 txostenean Bordele eta Hendaia arteko AHTren lanak atzeratu behar direla esatea «ez dator guztiz bat Europan zeharreko garraio-sarearen (RTE-E) helburuekin», eta, ondorioz, Europako Batzordeak elkarrizketak areagotuko ditu Espainiako eta Frantziako agintariekin, «bi herrialdeak Europako erakundeek onartu berri duten planera egokitu daitezen». Plan horren arabera, aipatutako lotura Europako sare lehenetsian dago eta 2030. urtea baino lehen egin behar da.
Izaskun Bilbao europarlamentarioari igorritako idatzizko erantzunean, Kallas komisarioak gogora ekarri du Batzordea aztertzen ari dela Mugikortasuna 21 txostenean iragarritako neurriek Europan zeharreko garraio-sarearen politika berrian zer eragin izan ditzaketen. «Txosten horren ondorioetako batzuk ez datoz guztiz bat Europan zeharreko garraio-sareak proposatutako helburuekin; izan ere, txostenak Bordele eta Hendaia arteko abiadura handiko trenbide berria 2030. urtea eta gero egitea proposatzen du eta Bordele eta Okzitaniako Tolosa artekoa, berriz, 2030. urtea baino lehen».
«Trenbide-zati biak dira sare nagusiaren parte eta Konektatu Europa programaren finantzaketa jaso dezakete, estatu-arteko zatien kofinantzaketa ehunekoa estatu barrukoena baino handiagoa dela aintzat hartuta», adierazi du Europako garraio arloko arduradun nagusiak.
Eskualde-garapena
Kallasen arabera, «euskal Yari dagokionez, aurrera doaz lanak zati guztietan; Gasteiz eta Bilbo arteko bidegurutzean, badaezpadako irtenbide bat osatzen ari dira, trenbidea 2017. urtearen amaieran martxan jartzeko; Valladolid eta Venta de Baños arteko trenbidea ia bukatuta dago; León eta Burgos arteko trenbide-zati guztietan lanean ari dira, baina 2015. urtearen amaiera baino lehen bukatuko dira. EBren laguntzak kofinantzatutako proiektuen azpi-multzoa zehaztu ahal izan duten bi helburu nagusi ditu: Europan zeharreko garraio-sarearen garapena bultzatzea eta eskualde-garapena sustatzea».
«Paris-Hendaia-Madril Atlantikoko abiadura handiko trenbide-azpiegiturak, euskal Yak eta euskal Yaren eta penintsula barruko trenbideen arteko loturak mugaz gaindiko loturak konpontzen ditu eta intermodalitateari mesede egiten dio, gure edukiera handiko eskaintza logistikoan ezin hobeto koordinatutako lehen mailako itsas portuak eta aireportuak ditugu eta», dio Ana Oregik. «Kallas komisarioak eginiko oharra -adierazi du Oregik- aintzat hartu behar dute Parisek eta Madrilek, egindako inbertsioen eraginkortasuna bermatuko bada. Espainiak eta Frantziak EBn hartutako konpromisoak ez betetzeak ardatz atlantikoko Europako eskualde askoren garapenari kalte egiten dio. Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz eskatuko dio Espainiari konpromisoa betetzeko edota Espainiak Bizkaian hasitako lanen ardura Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko, Yaren Bergara/Elorrio ardatzaren eta hiru hiriburuetarako sarbideena, alegia».

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)