Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak 1,3 milioi euro bideratuko ditu aurten osasun arloko ikerkuntza proiektuetarako eta profesionalak trebatzeko (2013-09-10(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2013.eko irailak 10

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 1.018.161 euro bideratuko ditu aurten hasten diren osasun-arloko ikerkuntza-proiektuei laguntzera, eta 111.460 euro, berriz, osasun-arloko profesionalak trebatzeko aurten gauzatzen diren beka eta laguntzetara.

Gaurko Gobernu Kontseiluan onartu dira bi deialdiak. Euskadiko osasun-sistema etengabe garatzearren eta hobetzearren osasun-arloko ikerkuntza oinarrizko elementu gisa sustatzeko eta bere profesionalak etengabe prestatzen eta trebatzeko Osasun Sailak egin duen apustuaren isla dira bi deialdiak. Horren ildotik datoz ondorio hauek ere: osasun-zerbitzuek kalitate hobea izatea, osasun-arreta hobea izatea eta, beraz, pertsonen osasunak eta ongizateak ere hobera egitea.

Honelakoak izan ahal izango dira, zehazki, Euskadiko osasun-zentro pribatu zein publikoetako ikertzaileei zuzenduta dauden laguntza hauen helburu duten ikerketa-proiektuak: Ikerkuntza biomedikoa, Osasun-arloko teknologia eta zerbitzuak ebaluatzeko ikerkuntza edo Ekintza bidezko ikerkuntza.

Ikerkuntza biomedikotzat hartuko da osasun publikoaren eta osasun-zerbitzuen arloan egiten den oinarrizko ikerkuntza (gaixotasunak ardatz hartuta), klinikoa (pazienteak ardatz hartuta) eta epidemiologikoa; halaber osasuna nahiz ikerkuntza biomedikoko prozesu eta teknologiak hobetzera bideratutako garapen teknologikoa.

Bestalde, Teknologiak eta Zerbitzu Sanitarioak Ebaluatzeko Ikerkuntzaren bidez ebaluatu egin nahi da teknologia sanitarioak erabiltzearen ondorioz, epe labur nahiz luzean izaten diren ondorio kliniko, sozial, ekonomiko, legal eta etikoak; alde horretatik, teknologia sanitariotzat hartuko dira pertsona osasuntsu zein gaixoen beharrizanak asetzea helburu dutenak, hala nola, sendagaiak, ekipamenduak, dispositibo eta prozedura medikoak, antolamendu-eredu eta laguntza-sistemak (telemedikuntza, e-osasuna, informazio-sistemak...). Ikerkuntza-arlo horretan, halaber, beste alderdi hauek landuko dira: osasun-zerbitzuak, osasun-estrategiak, pazientearen segurtasunerako estrategiak, Osakidetzaren laguntza-jardueraren hobekuntza, sektore estrategikoen arloko ikerkuntzaren sustapena, eta berdintasunaren sustapena.

Ekintza Bidezko Ikerkuntza lankidetza eta parte-hartzea oinarri dituen ikerkuntza-metodo bat da. Ikerkuntza eta ekintza barne hartzen ditu, eta osasun-sisteman aplikatzekoak diren hobekuntzak lortzea du xede.

Trebakuntzari dagokionez, beka- eta laguntza-deialdi honen hartzaileak izango dira osasun-arloko langileak, oro har, eta bi trebakuntza-lerro aurreikusi dira: alde batetik, osasuna kudeatzeko trebetasunak bereganatzeko ikastaro eta prestakuntza-ekintzak, eta, bestetik, osasun-arloko ikerkuntzan hasteko prestakuntza-planak, gerora ikasleak Euskadiko osasun-sistemako ikerketa-taldera biltzeko.

Laguntza hauek nola emango diren arautzen duten bi Aginduak EHAAn argitaratuko dute aurki, eta eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, argitaratze-egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau