Berriak
Eu

Gazteei zuzendutako ikus-entzunezko lehiaketarekin ireki da 2013ko Beldur Barik programa

2013.eko irailak 10

Gaur, irailaren 10, Beldur Barik! programaren edizio berri bati hasiera ematen zaio. Programa hau urtero egiten da gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko asmoarekin. 2009an sortu zen Emakunde eta Eudelek bultzatuta berdintasunaren aldeko euskal udalen Berdinsarea sarearen barruan. Gaur egun, erakunde Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa eta diru-laguntza du programak, eta beste erakunde batzuen laguntza: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza,Hizkuntza Politika eta Kultura saila, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta EITB.

Programaren ekintza nagusienetako bat ikus-entzunezko lehiaketa da. Beldur Barik! lehiaketa gazteei zuzendua dago (12 eta 26 urte bitartekoak). Neska eta mutilek emakumeen kontrako diskriminazioak ikustaratzen dituzten adierazpen artistikoak saritzea eta bultzatzea da honen helburua. Lanek errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeriaren kontrako konpromiso sendoan oinarritutako jarrerak ikustarazi behar dituzte.

Gaur irekitzen da lanak entregatzeko epea eta azaroaren 15an itxiko da. Bi kategoria egongo dira: 12 eta 17 urte bitartekoak batetik, eta 18 eta 26 bitartekoak, bestetik. Bakarka edo taldean (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat) parte hartu daiteke lehiaketan. Iazko edizioan 131 lan aurkeztu ziren; bistan da, beraz, arrakasta handia duela.

Beldur Barik jarrera

Beldur Barik ez da bakarrik lehiaketa bat. Zentzu horretan, Parte hartzen duten proiektuek Beldur Barik jarrera islatu behar dute. Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman libre, errespetuzko, parekide, dibertso eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi behar dute. Kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, nesken jabekuntzatik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoa.

Adierazpen artistiko mota oro onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada. Kategoria bakoitzean 500 euroko lehen sari bana, eta 250 euroko bi bigarren sari banatuko dira. Honez gain, 300 euroko herriaren saria emango da. Lehiaketa antolatzen duten erakundeen ordezkariek eta sorkuntza, kultura eta hezkuntza munduarekin harremana duten emakume feministak izango dira epaimahaiko kideak. Herriko saria Beldur Bariken You tube kanalean egindako herri bozketak erabakiko du. Proposamenak jarrera@beldurbarik.org helbidera bidali behar dira.

Basauri, Beldur Barik Herria

Sarituak nortzuk diren azaroaren 30ean emango da jakitera Basaurin egingo den Beldur Barik Topaketan. Bertan, jai giroan eztabaidak, prestakuntza tailerrak eta zenbait ekintza egingo dira.

Informazio gehiago: www.beldurbarik.org


Bideoa: http://www.youtube.com/watch?v=aQoIsw60Q-M

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko