Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaurlaritzaren ustez, hitzarmenak ekoizpen-ekonomia eta enplegua sustatuko ditu

2013.eko irailak 10

Eusko Jaurlaritzak balorazio positiboa egin du EAJk eta PSEk adostutako hitzarmenaren gainean, eta Euskadirako berri ona dela uste du. Jaurlaritzaren ustez, ituna «Euskadi moderno, solidario, jasangarri eta lehiakorrago bat lortzeko» baliagarria izango da; hala azaldu du Josu Erkoreka bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan. Aliantza hori, bozeramailearen iritziz, «Jaurlaritzaren oinarrizko konpromisoekin lotuta dago»; besteak beste, «gizarte-politikekin, enplegu-sorrerarekin, susperraldi ekonomikoarekin edota enpresak sustatzearekin». Itunaren izaera «irekia» nabarmendu du Erkorekak, eta gaineratu du Jaurlaritzak nahi duela beste erakunde politiko batzuek ere hitzarmenarekin bat egitea.

Erkorekak esan duenez, 2014, 2015 eta 2016rako jarduerak biltzen dira itunean, legegintzaldi osorako, alegia. Legebiltzarrean Jaurlaritzak aurkezten duen aurrekontu-proiektua talde sozialistak babestu behar duen galdetuta, Jaurlaritza horretarako lanean ari dela erantzun du Erkorekak. Jaurlaritzak aurkeztuko duen aurrekontu-proiektuan «PSEk hartutako konpromisoak» jasoko direla azaldu du bozeramaileak.

Heldu den 13an Bake eta Bizikidetza Batzordea egiteko deialdia jaso dute Legebiltzarreko taldeek. «Batzordean lanean jarraitu ahal izatea espero du Jaurlaritzak», nabarmendu du Erkorekak, eta gehitu du «talde politikoei» dagokiela «beren urratsak azaltzea», PSE batzorde horretara joateari edo ez joateari erreferentzia eginda. Nolanahi ere, aurreko legegintzaldian finkatutako zoru etikoa «ezin utzizkoa» dela uste du Jaurlaritzak.

Datozen egunetan Jaurlaritzak salneurri tasatuko edo babes ofizialeko 684 etxebizitza esleitu behar dituela jakinarazi du Erkorekak: 48 Irunen, 62 Eibarren, 72 Barakaldon, 204 Leioan eta 299 Boluetan (Bilbo). Notario aurrean zozketatuko diren etxebizitza horiek 4.000 familiak eskatu dituztela esan du Erkorekak. Zozketak irailaren 12an, 19an eta 24an izango dira, eta zuzenean jarraitzeko aukera izango da Irekiaren bitartez.

Azkenik, «zerga-oporren» gaineko gaurko auzialdia ere aipatu du Erkoreka bozeramaileak. «Luxenburgoren erabakia Euskadiren interesen aldekoa izatea espero du Jaurlaritzak», azaldu du, «Aldundiek ezarritakoa bete baitute».

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.09.10)


Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)