Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

2,6 milioi euroko inbertsioa iragarri du Arriola sailburuak, Euskotreneko trenen segurtasuna hobetzeko

2010.eko apirilak 14

 Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriola gaur goizean agertu da Legebiltzarreko Garraio Batzordean urrian, Lezamako istripuaren ondoren, hartu zuen konpromisoa betetzeko, hau da, amaierako geltokietako tren-zirkulazioetan dagoen arriskua minimizatzeko neurriak aurkezteko konpromisoa.

Sailburuak esan duenez, Lezamako istripuan bitarteko tekniko guztiak, baita operadorea zein azpiegituren kudeatzailea ere, behar bezala aritu ziren, eta hori horrela, ondoriozta daiteke, gaur egun ditugun datuekin, giza faktorea deitutakoaren barruan dagoela istripuaren kausa.

Arriolak adierazi duenez, hori horrela izanda ere, EuskoTrenek (garraio-operadoreak) eta ETSk (zirkulazioaren eta azpiegituren kudeatzaileak), Safety Lantaldearen bidez, 2010eko urtarrilean inbertsio- eta antolamendu-hobekuntza batzuk erabaki zituzten Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion tren-sareko segurtasunaren egoeraren etengabeko hobekuntzako prozesuak sendotzeko, eta horietan aurrera egiteko.

Prozesu horiei esker, alde batetik, hobetu egingo dira Eusko Trenen eta ETSren arteko koordinazioa segurtasun-arloan, eta, bestetik, bi enpresetako sindikatu eta langileek egindako proposamen eta iradokizunei eskainitako arreta.

 Zirkulazioko segurtasunarekin lotutako esparru guztiei erantzuten diete proposamen-jarduerek: azpiegitura, material mugikorra, segurtasun instalazioak, giza faktorea eta arautegia. Amaierako geltoki guztietan (Lezama, Sondika, Bilbo/Atxuri, Bermeo, Lasarte-Oria, Donostia/Amara eta Hendaia) ezarriko dira jardun horiek:

 

  • 1. Tren-ustiapen eta -laneko baldintzak hobetzen dituzten azpiegitura-jardunak.

 

  • 2. Material Mugikorraren arloko jardunak, unitate berrietara elementu teknologikoak gaineratuta, sistemaren segurtasuna eta fidagarritasuna hobetzeko.

 

  • 3. Segurtasun Instalazioetan jardunak, giza akatsari lotutako arriskua minimizatzea ahalbidetuko dutenak.

 

  • 4. Giza Faktorearen arloko jardunak, zerbitzuaren premietarako egokia den tren-zirkulazioarekin lotutako makinarien eta gainerako profesionalen taldea bermatzeko.

 

  • 5. Zirkulazio eta Seinale Erregelamenduko aldaketak, indarreko araudia hartutako ekimen berrietara egokitzeko.

Amaierako geltoki bakoitzean babestu beharreko trenbide kopurua honako hau da (19 trenbide dira guztira):

  • Lezama: 2 trenbide.
  • Sondika: trenbide bat.
  • Bilbo/Atxuri: 4 trenbide.
  • Bermeo: trenbide bat.
  • Lasarte-Oria: 2 trenbide.
  • Donostia/Amara: 8 trenbide.
  • Hendaia: trenbide bat.

 Azpiegiturako jardunak

ETSk egingo dituen azpiegiturako jardunek tren-ustiapen eta -lanetarako baldintzak hobetu nahiko dituzte. Sareko amaierako geltoki guztietan -hau da, Lezaman, Sondikan, Atxurin, Bermeon, Lasarte-Orian, Amaran eta Hendaian- burutuko diren jardun guztiak honako hauek izango dira:

 

  • Gelditzeko puntua birkokatzea ezarritako segurtasun-sistema berrien arabera. Kasu guztietan ere, unitatea geratzen duena makinaria deneko printzipioari eutsi behar zaio. Alderdi teknikoak direla-eta, 7-10 metro atzeratu beharko da egungo gelditzeko puntua.

 

  • Energia xahutzeko elementuak (bide-tope hidraulikoak) ezartzea amaierako geltoki guztietan. Ezarritako gainerako bitarteko teknikoekin koordinatuta abiadura txikiko kolpe posible bat bide-topearen aurka xurgatzea ahalbidetuko du, besteren indarrez hori gertatzen den kasuetan. Hau da, ezinbesteak eraginda gurpilak errailerako itsaspena galtzen badu edo ustekabez gertatutako akats mekaniko edo elektrikoaren ondorioz.

 

  • Nasen luzera bi aurreko jarduerek eskatutako neurri berrietara egokitzea. Beharrezkoa eta posiblea den kasuetan egungo nasak luzatuko dira unitate guzti-guztiak geltokietan sartzea ahalbidetzeko.

Material mugikorraren arloko jardunak

EuskoTrenek material mugikorraren arloko jardunak definitu ditu, unitate berrietara elementu teknologikoak gaineratuta, sistemaren segurtasuna eta fidagarritasuna hobetzeko.

Zehazki, material mugikorraren arloko jardunak honako hauek izango dira:

 

  •  Gidatze-kabinan amaierako geltokietako sarrerari lotutako soinu-mezuak jartzea, makinariari geltokian sartu dela jakinarazi eta ohartaraziko diotenak.

 

  • "Gizon hila aktiboa" sistema gaineratzea, eta horri esker "gizon hila" segurtasun-sistemak gidatze-kontsolan jardun batetik bestera bitartean eskatzen duen denbora txikiagoa izango da unitatearen abiadura handiagoa den heinean.

 

  • Ibilgailuko erregistradore zinematiko bat gaineratzea, gidatzeko moduen erregistroa ahalbidetuko duena, ondoren aztertu eta optimizatzeko (prestakuntza pertsonalizatuko prozesu bat hastea ahalbidetuko du berrikuntza horrek). TELOCaren (Erregistradore Juridikoa) egungo funtzionaltasunak hobetuko ditu erregistradore horrek, unitatearen gidatze-parametro guztiak grabatuta.

 

  •  Gidatze-kabinan telebistako zirkuitu itxi bat jartzea, kabinaren barruan zer gertatzen den jakiteko eta edozein motatako gorabeherak argitzeko.

 

  • Anti-climberrak jartzea, eta horri esker kutxen segurtasuna babestu ahalko da, unitate bateko kutxak beste unitate bat igotzea saihestuz, edo nasa igotzea ere bai.

 200 eta 3.500 serieetako egungo unitateetan ezin izango dira funtzionaltasun horiek baliatu, teknikoki zaharkitutako unitateak baitira.

300 serieari dagokionez, egokitzapen-plan bat egingo da, serie berriaren segurtasun-funtzionaltasunak albait gehien gaineratzea ahalbidetuko duena, serie horretarako aurreikusitako modernizazio-planarekin koordinatuta.

Segurtasun-instalazioetako jardunak

Segurtasun-instalazioen esparruan, honako jardun hauek daude bilduta, tren-zirkulazioen arriskua kontrolatzea eta minimizatzea ahalbidetuko dutenak (sareko amaierako geltoki guztietan burutuko dira, hau da, Lezaman, Sondikan, Atxurin, Bermeon, Lasarte-Orian, Amaran eta Hendaian):

 

  •  Amaierako geltokietako katigamenduak egokitzea, bide-topeak abisuko argi-seinale espezifikoekin hornitzeko eta sarrera-ibilbideko helmugako informazioa sortzeko ATP babes automatikoko sistemarekin formatu bateragarrian.

 

  • Bide-topeak abisuko argi-seinale espezifikoekin hornitzea (aktibazio finkoa eta keinukakoa). Gauzak horrela, tren bat amaierako geltoki batean sartzen denean, makinariak bere arreta erakarriko duten hiru argi gorri ikusiko ditu, bide-topea bere horretan identifikatzea ahalbidetuko diotenak, eta bertaraino dagoen egiazko distantzia zehatzago balioestea, gidatzea doitzeko.

 

  • Bide-toperako hurbilketa ATP babes automatikoko sisteman (Euroloop) biltzea. Zehazki, bide-topearen aurreko azken trenbide-tartea gaineratuko da egungo babes automatikoko sistemara, eta sistemak unitate bat programatutakoa baino abiadura handiagoan doala detektatzen badu, automatikoki eta berehala jardun ahalko du materialaren gain eta abiadura baimendutakoraino murrizteko aginduko dio, eta unitatea bera gelditzeko, larrialdi-kasuan.

 Giza Faktorearen arloko jardunak

Giza Faktorearen arloko jardunak ere bildu dira, zerbitzuaren premietarako egokia den tren-zirkulazioarekin lotutako makinarien eta gainerako profesionalen taldea bermatzeko. Horregatik, Drogen eta Alkoholaren Prebentzio Plana abiaraztea aurreikusi da.

Kontrolak egingo dira EuskoTrenen instalazioetan, programatutakoak zein ausazkoak. Tren-zirkulazioarekin loturiko langile guztiei zabalduko zaie praktika hori: operazio-postuko operadoreei eta tren-mantentzeko teknikariei, eta ETSren aldetik, aginte-postuko operadoreei. Autobus-gidariak ere kontrol horietan sartuko dira.

Zirkulazio eta Seinale Erregelamendua aldatzeko jardunak

Zirkulazio eta Seinale Erregelamendua aldatu behar da, indarreko araudia hartutako ekimen berrietara egokitzeko. Honako hauek dira aldaketa horiek:

 

  •  Amaierako geltokian sartzeko gehieneko abiadura 25 Km/h-ra mugatzea nasaren puntan. Horrela, makinaria arduratu beharko da hori ziurtatzeaz ATParen funtzionamendua alde batera utzita, berak gidatu behar baitu eta gelditu behar baitu unitatea ezarritako puntuetan.

 

  • Bide-topearen hurbiltasuna iragartzen duten kartel handiak jartzea, elementu osagarri gisa makinariari bide-tope baten hurbiltasunaz abisatzeko.

 

  •  Erregelamendua segurtasun-instalazio berrietara egokitzea, hala nola linea-amaierako argi-seinaleak, gidatze-kabinako telebistako zirkuitu itxia, baimendutako droga- eta alkohol-mailak, baimendutako kontrol motak, eta abar.

Gainera, bi jardun orokor burutuko dira: Treneko Segurtasun eta Komunikazio Sistemen Garapen eta Eguneratze Teknologikoko Plan Estrategiko bat lantzea eta administrazioaren barruan egitura bat garatzea, tren-sistema osoaren segurtasuna zainduko duena.

ETSk Treneko Segurtasun eta Komunikazio Sistemen Garapen eta Eguneratze Teknologikoko Plan Estrategiko bat egingo du euskal trenbide-sare osoaren segurtasuna hobetzeko 2010eko ekitaldi honetan (zabaltzeak, trenbide berriak, eta abar). Gainera, hurrengo aurrekontuetarako konprometituko diren inbertsio-premiak definituko diru, arlo horretan etengabeko hobekuntza bermatuz.

Tren Gorabeherak Ikertzeko Organo bat (OIAF) sortzea ere proposatu da, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren tren-segurtasuneko politikaren barruan. EuskoTren / ETS Safety Lantaldeak bere ahaleginarekin jarraituko du, sail horrek beharrezkotzat jotzen dituen solaskideak gaineratuta, tren-zirkulazioko segurtasunaren hobekuntzen proposamenean.

Tren-zirkulazioari segurtasun handiena ematea da neurri horien helburua, bezeroei ematen zaien zerbitzuaren kalitatearen mesedetan, makinariei eta bi enpresetako langileei berme handienak eskainiz

Gaurko egunez, amaierako geltokietan epe laburrerako abiarazitako segurtasun-hobekuntzak honako hauek dira:

 

  •  Hobekuntzak Euroloop sisteman Atxuriko, Sondikako eta Hendaiako geltokietan, kontratazio-fasean, eta horien amaiera irailerako dago iragarrita, Atxuriko eta Sondikako kasuetan. Euroloopa geroago jarriko da Hendaian, geltokiaren nasa luzatzeko Frantziako Tren Konpainiarekin egin beharreko gestioak direla-eta. Lezaman jarrita dago jada.

 

  •  Bide-topeak jartzea: kontratazio-fasean. 2010eko irailetik 2011ko ekainera bitarte jartzea dago aurreikusita.

 

  • Gorri hirukoitza seinaleak: kontratazio-fasean, Lezamako, Atxuriko eta Hendaiako geltokietarako. 2010eko ekainetik abendura bitarte jartzea dago aurreikusita.

 

  •  Geltokietako gelditzeko puntu berria bide-topetik 7 metrora. Eginda dago kasu guztietan, Hendaiako geltokian izan ezik, geroago egingo baita.

 

 

  •  Kartel handiak jartzea:

 

  • 1. Gehieneko abiadura 25 Km/h geltokietan: jarrita daude jada.

 

  • 2. Bide-topearen hurbiltasuna adierazteko kartel handiak: jarrita daude jada.

 

  •  Segurtasun eta Seinale Erregelamendua egokitzea. Aribidean. Gorri hirukoitzeko seinaleak jarrita daudenerako aurreikusitako kontsigna argitaratu da.

 Jardun guztiak 18 hilabeteko epean gauzatuko dira (2010eko urtarriletik zenbatuta) eta 2.650.000 euroko aurrekontua izango dute, eta material mugikorreko serie berrian bildutako jardunen kostua gehitu beharko zaio horri. Honela banakatzen da aurrekontu hori:

 

  •  Euroloop (ATP): 300.000 euro.

 

  •  Bide-topeak jartzea: 1.300.000 euro.

 

  •  Gorri hirukoitza seinaleak: 200.000 euro.

 

  •  3.500 seriea egokitzea: 600.000 euro.

 

  •  Beste batzuk (nasak egokitzea, kartel handiak jartzea eta Zirkulazio eta Seinale Erregelamendua egokitzea): 250.000 euro.

Gainera, EMUen serie berrian inbertitzeko aurreikusitako guztizko balioa 160 milioi eurora iristen da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola López