Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Ura - Uraren Euskal Agentziak eta Añanako Gatz Harana Fundazioak hitzarmen bat izenpetu dute, 2,7 milioi euroko ekarpenarekin 300 larrain baino gehiago berritzeko

2010.eko apirilak 14
  • Gatz Harana osorik berreskuratzeko prozesuan orain arte egin den ekarpenik handiena diru-zuzkidura hori.
  • Azken 8 urteetan birgaitu diren larrainen bikoitza berreskuratuko da.
  • Aurten, Santa Engrazia iturburuaren inguruan egingo dira lanak, eta 2011 eta 2012an Gatz Haranaren goi-ibarrean.

Arabako Añana Gesaltza, apirilak 14.- Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak, Iñaki Urrizalqui URA Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak eta Lorena López de Lacalle Añanako Gatz Harana Fundazioaren lehendakariak aurkeztu dute URA Uraren Euskal Agentziak eta Añanako Gatz Harana Fundazioak Gatz Harana oneratzeko izenpetutako hitzarmena. Zehazki, ingurune hain berezi horrek bere-berea duen elementua berreskuratuko da: larrainak.

Unzaluk esan duenez, hitzarmeneko diru-zuzkidura "Añana Gesaltzako Gatz Harana osorik berreskuratzeko prozesuan orain arte egin den ekarpenik handiena da". Urtean 900.000 € banatuko dira (2009, 2010 eta 2011n): hau da, guztira 2,7 milioi euro. Dirua URAk jarriko du: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikitako erakundeak.

URA Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak adierazi zuenez, "URAk egingo duen diru-ekarpenarekin Haranaren hegoaldeko muturra oneratzeko lanak finantzatuko dira. Han daude iturburu hipergazi guztiak". Gainera, Urrizalquik esan duenez, Gatz Harana bete-betean sartzen da URAren ekintza-eskumenetan, "ez ezaugarri horiek dituen hezegune artifizial bakarra izateagatik bakarrik, baizik eta, gainera, esparru hori 2002tik nazioarte mailako garrantzia duen Ramsar Hezegunea izateagatik. Aitorpen hori egiteko, orduan Eusko Jaurlaritzako Uren Saila zenak egin zuen ekarpena garrantzi handikoa izan zen".

López de Lacallek adierazi duenez, bera lehendakari duen fundazioak konpromisoa hartzen du obra-egitasmoak idazteko, lanak gauzatzeko lursailak lortzeko, beharrezko lizentzia eta baimenak lortzeko eta obrak kontratatu eta zuzentzeko. Horiek jaso ondoren, "Fundazioak konpromisoa hartzen du berritutako larrainak ustiatzen hasteko, beren zerbitzua eman dezaten eta behar bezala zaindu daitezen" argitu du.

2010ean zehar, Santa Engrazia iturburuaren jatorrizko itxura berreskuratuko da, historian 90eko hamarkadaren hasierara arte ezagutu zen bezala, eta ingurua ere bai (113 larrain). Une honetan, baimena emateko egitasmoa bideratzen ari dira; beraz, obra bera ekainean has daiteke. Datozen bi urteetan, oneratzeko lanak Gatz Haranaren goi-ibarrean egingo dira (hurrenez hurren, 95 larrain 2011n eta 99 2012an). Laburbilduz, 300 larrain baino gehiago birgaituko dira, Haran osoko gunerik bereizgarri eta nabarmenenean.

Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak hau azpimarratu du: "inguru hartako larrain guztien zati txiki-txiki bat bakarrik birgaitzeaz hitz egin genuen arren (5.000 inguru daude guztira), azken 8 urteetan berreskuratu denaren bikoitza berrituko da. Gatz Haranaren historia hurbilean aurrekaririk ez duen zaharberritze-ekimena da".

Egitasmo hori gauzatzearen ondorio zuzena da urte hauetan egingo den prozesuan zehar arretagune eta interesgune berri bat eratuz joango dela, gune horretarako bisiten programari begira. Gainera, beste ondorio bat ere izango da: larrain ugari artisau-gatza ekoizteko erabiliko dira; eta horri esker, gatzaren ekoizpena arian-arian handituz joango da, eta goi-mailako gastronomian finkatzea ahalbidetuko da.

Ez da ahaztu behar inplikazio gehiago daudela, horrelako esku-hartze batek hainbat esparru hartzen baititu. Historiaren ikuspegitik, larrainak herri horren eta bertako herritarren iraganaren funtsezko zatia dira, eta horrek lotura zuzena dauka gune horretako kulturarekin. Ekonomiaren ikuspuntutik, larrainetako lana, denbora luzez, jarduera garrantzitsua izan zen, eta egiten ari garen esku-hartzeekin ere etorkizunerako aukera berriak eman nahi zaizkio Arabako gune horri. Halaber, geologiaren ikuspuntutik, interes handiko diapiro gazi bat da: eta, ingurumenaren aldetik, Gatz Haran osoa balio handiko gunea da.

Azkenik, hitzarmena idazteko prozesuari dagokionez, Añanako Gatz Harana Fundazioaren lehendakariak adierazi duenez, "URAko aurreko taldearekin hasi zen lanean, baina legegintzaldi honetan burutu eta gauzatu da hitzarmena".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Unzalu