Berriak Osasuna

Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak emakumeei erditu aurreko zenbait prozesutan arreta emateko Unitate bat jarri du abian

2013-09-05
  • Erditze Sailaren menpeko Ginekologia eta Obstetrizia Zerbitzuaren barruan, Unitate Funtzional Obstetriko berri hau sortu da, haurdun dauden emakume guztiei eguneko 24 orduetan eta modu indibidualizatuan arreta emateko, betiere, zenbait prozesuren ondorioz, erditu aurreko fase aktiboan ospitaleratuta egon behar badute.
  • Osakidetzako instalazio berriak erabat zaintzen ditu umedunaren inguruko zenbait balio garrantzitsu; esate baterako, isilpekotasuna, intimitatea eta pribatutasuna, horiek ezinbesteko ezaugarriak baitira egoera mota hauetan.

Jon Etxeberriak, Osakidetzaren zuzendari nagusiak, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Unitate Funtzional Obstetrikoa bisitatu du gaur. Unitate hori oraintsu jarri da martxan, eta, bertan, arreta indibidualizatua emango zaie haurdun dauden emakumeei, betiere, zenbait prozesuren ondorioz, erditu aurreko fase aktiboan ospitaleratuta egon behar badute. "Haurdun dauden eta egoera zailak bizitzen ari diren emakume guztiei eskaini nahi diegun zerbitzu berria da. Modu horretan, kalitatezko zerbitzua ematen jarraituko dugu, modu hurbilago eta gizatiarragoan"

Eguneko 24 orduetan, arreta emango zaie haurdun dauden emakume guztiei, erditze goiztiarra izateko mehatxuagatik, mintzen apurketa goiztiarragatik, preeklanpsiagatik, hirugarren hiruhilekoko bagina-hemorragiagatik eta eragindako erditzeagatik, bai eta beste prozesu batzuengatik ere; esate baterako, fetuaren hazkundearen atzerapena, fetua umetoki barruan hil izana, edo gainkarga-testak egin beharra.

Unitate honetan, erabat zaintzen dira umedunaren inguruko zenbait balio garrantzitsu; esate baterako, isilpekotasuna, intimitatea, pribatutasuna eta haurdun dauden emakumeen gaineko laguntza zuzen eta pertsonalizatua, horiek ezinbesteko ezaugarriak baitira egoera mota hauetan.

Unitatea Iturrizar Pabiloiko hirugarren solairuan dago (Amatasuna), eta sei logela indibidual ditu. Bertan, fetuaren ongizatearen egoera kontrolatzeko erabiltzen diren kardiotokografoetarako terminalak ere badaude.

Unitatearen erdiko gunean, sei logeletako kardiotokografietako grafikoak ikusi eta kontrolatzeko sistema bat dago. Erditze Saileko monitoreen zentraletik ere egin daiteke jarraipena. Unitate honetan Erditze Sailaren menpeko emagin bat eta erizaintzako laguntzaile bat ari dira lanean.

2012an artatutako haurdunekiko simulazioa eginez, haurdun zeuden 1.000 emakume inguru izango ziren Unitate honetan artatuak izateko hautagaiak. Hain zuzen ere, %2,7k erditze goiztiarraren mehatxuagatik jasoko zuen arreta; %22, mintzen apurketa goiztiarragatik; %2,07, preeklanpsiagatik; eta %1,37tik, berriz, hirugarren hiruhilekoko metrorragiengatik.

Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Ginekologia eta Obstetrizia Zerbitzuak 40 urte bete zituen 2011ko abenduan; izan ere, 1971n hasi zen haurdunak artatzen, Alonso Allende Pabiloian.

Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak, bere prozesuen etengabeko hobekuntza helburu hartuta, sentsibilitate berezia izan du Unitate Funtzional Obstetrikoa sortu eta abiarazteko orduan. Modu horretan, Osakidetzak Amatasunaren kalitatea hobetzen du Bilboko ospitale beterano honetan; izan ere, 1971tik hona, 74.000 erditze inguru izan dira bertan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Jon Etxeberria, Osakidetzaren zuzendari nagusia