Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregik Mugikortasunaren Europako Astean parte hartzera animatzen ditu Euskadiko udalerriak

2013.eko irailak 03

• Irailaren 16tik 22ra izango da, Hiria, nire autorik gabe; Mugi zaitez aire garbiago baten alde lelopean

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik Euskadiko udalerriak Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astean parte hartzera animatu ditu. Aurten, irailaren 16tik 22ra izango da, hamahirugarrena, Hiria, nire autorik gabe! Mugi zaitez aire garbiago baten alde! lelopean.

Europa osoko hainbat udal, udal-elkarte eta instituziok askotariko jarduerak egingo dituzte, oinez, bizikletaz edo garraiobide publikoak erabiliz eta, ahal den neurrian, ibilgailu pribatuak erabiltzeari utziz, mugitzean oinarritzen den mugikortasun jasangarri bat bultzatzeko neurri iraunkorrak eta jardunbide egokiak ezartzea sustatu nahian.

"Herritarrek eta erakundeek jarduera horietan elkarlanean aritu behar dugu, gure hiriak eta haien ingurunea hobetzeko, baita herritarren osasuna ere», adierazi du Oregi Sailburuak. Horretarako, «udalerri eta herri bakoitzak, ahal duen neurrian, Europako ekimen honetan parte hartu eta ekarpena egitea» proposatu du. Batik bat, guk, herritarrok, arazoaz kontziente izan behar dugu; izan ere, «pertsona bakoitza hartu behar da aintzat». Hortaz, gure herrietako inguruneak hobetzeko ekintza zehatzetan parte hartu behar dugu. Europar Batasunak ondo dioenez, «egin dezagun konbinazio zuzena, eta erabil dezagun beti ingurune osasungarriagoetan eta aire-kalitate handiagoa dutenetan bizitzeko helburuari hoberen erantzuten dion garraio-modua".

Euskadiko, Nafarroako eta Kataluniako udalerriak dira estatu espainolean EBko ekimen hau gehien babesten dutenak. EBren barruan, Espainia da atxikipenetan lehena; izan ere, 349 udalerrik parte hartu dute Mobility Week ekimenean. Espainiaren atzetik, Austria dago (240), gero, Hungaria (97), ondoren, Frantzia (68), eta, gero, Suedia (49).

Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak sustatzen du Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astea. Ingurumena kudeatzeaz arduratzen den Eusko Jaurlaritzaren mendeko Ihobe agentziak, Udalsarea 21eko idazkaritza teknikoa den heinean, hura koordinatzeko lanak egiten ditu. Azken urteotan, Euskadiko udalerri askok egin dute bat ekimen horrekin. Guztira, ia 500 neurri iraunkor ezarri dituzte eta ehunka jarduera egin dituzte orain arteko kanpainetan.

Garraioa
Aurten, Mugikortasunaren Europako Astea Hiria, nire autorik gabe! Mugi zaitez aire garbiago baten alde! lelopean egingo da,herritarrei garraioak hiriko airearen kalitatean daukan eraginaz gogoeta eginarazteko helburuarekin. Europar Batasunak berriki aurkeztutako ekimenekin bat dator kanpaina: hala nola Garraiorako energia garbien ingurukoarekin eta hiriei hiriko mugikortasun jasangarrirako planak abiarazteko egindako eskaerarekin.

Ingurumena garbi mantentzeak osasuna hobetzen laguntzen du, baita bizi-itxaropena luzatzen ere. Aldiz, ingurumena nitrogeno partikulaz eta dioxidoz kutsatuta badago, biriketako gaixotasunak izateko arriskua handitzen du (asma, pneumonia eta biriketako minbizia, esaterako). Osasunari kalte egiteaz gain, airearen kutsadurak ingurumenean ere eragiten du, azidotzea eta biodibertsitatea galtzea baitakar; halaber, klima aldatzea eta ozono-geruza murriztea ere eragiten ditu.

Udalsarea 21ek udalerri guztiek eta intereseko beste eragile batzuek libreki erabil ditzaketen hainbat material grafiko biltzen ditu bere web orrian. Gainera, ekimen horretan parte hartu ahal izateko beharrezko dokumentazioa ere eskuragarri dago, bi kategoriatan banatuta. Batetik, udalek eta mankomunitateek Atxikipen Karta eta parte hartzeko datuen dokumentua bete dute. Bestetik, Mugikortasunaren Europako Astea gizarte eta enpresa arloetako elkarteei ere irekita dago, Erakunde Sozial, Instituzio eta Enpresentzako Atxikipen Kartaren bitartez.

http://www.ademe.fr/eco-deplacements/calculette/ Frantziako erakunde-webgunean, garraio publikoaren aldean ibilgailu pribatuak erabiltzeak dituen kostuak kalkulatzeko ariketa bitxi bat du. Horren arabera, bada, pertsona batek etxetik lantokira dituen lau kilometroak egiteko 820 euro ordainduko lituzke ibilgailu pribatua erabiliz gero, eta, 141,50, berriz, autobusa edo tranbia erabiliz gero. Horri, gainera, autoak sortutako 518,48 kg CO2 isuri gehitu behar zaizkio -tranbiak 28,72 kg baino ez lituzke sortuko-, bai eta ibilgailuak kontsumitzen dituen 202,60 litro petrolio ere -tranbiak 10,60 litro kontsumituko lituzke soilik-.

http://world-you-like.europa.eu/en/ Europako Batzordearen webgunean, halaber, mundu idealari edo berdeago bati buruzko informazio ugari dago; hots, zenbait ingurumen-gomendio jarraituta izango genukeen munduari buruzko informazioa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)