Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

"Euskal Teatroa" Tarregako Antzerki Azokan izango da

2013.eko irailak 02

Hortzmuga Teatro, Ertza eta Cielo Raso konpainiek eramango dute euskal antzerkigintza FiraTàrrega-ra

Euskal antzerki taldeak Tàrregako (Lleida) Kaleko Antzerki Azokan izango dira aurten ere, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Euskal Teatroa ekimenaren bitartez. Hortzmuga Teatro, Ertza eta Cielo Raso konpainiek euren ekoizpenak aurkeztuko dituzte irailaren 5etik 8ra bitartean Tàrregako kaleetan, Europako antzerki azokarik garrantzitsuenetakoa den FiraTàrregan. Hala azaldu du Clara Monterok, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko  zuzendariak gaur goizez Bilbon egin den aurkezpenean, Pau Llacuna FiraTàrregako zuzendaria eta hiru antzerki taldeetako ordezkariak ondoan zituela.

Clara Monterok azpimarratu duenez, euskal antzerki taldeen ibilbide profesionalari bultzada ematea du helburu Euskal Teatroa ekimenak, bai Tàrregan eta baita bisitatu ohi dituen gainerako jaialdietan ere. Euskal taldeen presentzia nazioarteko jaialdirik garrantzitsuenetan ziurtatzen du ekimenak, eta ondorioz, kontratu berriak lortzeko aukerak ugaritu egiten zaizkie euskal konpainiei. Mundu guztiko programatzaileen topaleku den azokan, gainera, standa izango du Euskal Teatroak, aurkezten diren ekoizpenen inguruko informazioa emango duena.

Aurten, 18. urtea du jarraian Euskal Teatroak FiraTàrrega azokan, eta hiru euskal talderen presentzia ziurtatuko du. Hortzmuga Teatro taldeak  “Yo estuve allí y… no lo contaron como yo lo vi” (Ni han izan nintzen eta… ez zuten nik ikusitakoa kontatu) lana eramango du Lleidako hirira. Boterearen, politikaren eta komunikabideen arteko harremanei buruzko hausnarketa da.

Ertza konpainiak berriz, hiri-dantzako ikuskizun bat eskainiko du Tàrregako kaleetan: “4x4”. Aktore-dantzarien iaiotasun aparta umorearekin uztartzen da, aldarrikapen txiki handi bat askatzeko: desberdin izateko eskubidea.

Cielo Raso konpainiak, azkenik, “Carnaval” ikuskizuna aurkeztuko du, Igor Calonge, Daniel Abreu eta Dácil González dantzariak elkarrekin dantzan ikusteko aukera paregabea eskaintzen duena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko